Erakusketak egin du bere bidea Donostiako Argazkilari Elkartean. Gaur eguerdian izan naiz bertan, argazkiak jaso, burbuiladun plastikoz nola edo hala babestu, autoan sartu –korrika ibili behar izan dut, TAOko bi agente han bainituen, beste zereginik gabe presa-emaile–, eta etxera; datorren astelehenean hartu eta Zarautza eramateko, hango Photomuseumeko hormetan berriro zintzilikatu eta jende gehiagok ikus ditzan.
Bisita liburuko orriak ere eman dizkit arduradunak; badakizue, erakusketa aretoko mahaitxo batean, egilearen egoa haizatzeko (hegoaizatzeko?) balio duten ohar-iruzkinak jasotzeko ipini ohi den koadernoaren orriak: irakurri… eta den-denak lore, jakina!; kritikak –edo egileari ikasteko probetxuzko lekizkiokeen ohar lagungarriak– idazteko ohitura handirik ez dugu, izan ere, herri honetan. Baina tira, ez naiz kexatuko, loreak gustura hartzen dira. Gainera, eta elkarteko bat harrituta etorri zait hau komentatzera, jendeak idatzi dituen ohar gehien-gehienak euskaraz izan dira erakusketa honen kasuan.
Egoa puzteak hegoak ere ematen ditu, eta lanean jarraitzeko adoretuta ateratzen da bat horrelakoetatik, ezin ukatu. Zer esan “zoragarria”, “ederra benetan”, “geniales”, “oso politak”, “maravillosa”, “lan bikaina” eta antzeko hainbat adjektiboren aurrean; edo ikusita Gasteiztik etorri direla batzuk, eta horixe nabarmentzen dutela utzi duten oharrean; edo irakurtzean pelikula “orain ulertu dut” dioela beste batek, eta eskerrak ematen dizkizula; edo hitzik gabe geratu omen den batena, hain barruan sortu zaizkion sentimenduak medio… Neroni ere hunkitu naiz komentario batzuekin, hala nola etxeko txikiek liluratu egin ditudala idatzi dutela ikusita, etxeko artistatzat nautela esanez 😉 ; edo itzultzaileen maisu Igartubeitiko semeak idatzitakoaren aurrean, “honelako arte-obra bat egiteko gai izan garelako” –filmaz, oro har, ari da, noski– harro sentitzen dela adierazten duelarik. Sinadura bakan batzuk ezagutu arren, gehienak deszifratu gabe geratu zaizkidanez, hemendik itzuli beharko dizkiet eskerrak guztiei.
Gipuzkoako Argazkilari Elkartean inoiz –bisitari kopuruak erregistratzen direnetik izango da, noski– izan den erakusketa arrakastatsuenetako bat izan omen da Kameren aurrean dantzari, inoizko bisita kopururik handiena izan duena, hala esan dit erakusketen arduradunetako batek: gutxik egin omen dio 800 bisitara ez iristeko. Bejondeigula!: pelikularen arrakastaren abaroan, jakina, baina egindako lana jendeak ikusteko helburua, behintzat, betetzen ari garela dirudi. Eta erakusteko ez bada, zertarako egiten du egiten duena argazkilari batek? Zertarako hainbeste ordu eman, kasu honetan pelikula baten filmaketan, eszena bera aspertu arte behin eta berriz ikusiz, orain hotzari aurre egin ezinik, orain izerditan blai, hautsez beteta edo oinak bustita hainbatetan? Zertarako horrenbeste ordu gero pantaila baten aurrean, argi-ilunekin eta beste gauza askorekin borrokan? Gustuko tokian ez omen da aldaparik izaten…
Esan bezala, beraz, datorren astelehenean muntatu eta hilaren 12an irekiko da Zarauzko Photomuseumekoa; martxoaren 19ra arte izango da bertan. Han sei argazki formatu handiagoan jarriko ditut (horietako bi, berriak, Donostian egon ez direnak), eta formatu karratuko beste argazki bat; bestalde, pelikularen making of-eko 15 argazki ere gehituko ditut, osagarri, zuri-beltzean eta aluminiozko xafla batean muntatuta: 38 argazki guztira, oraingoan (Donostiakoan 20 baino ez ziren). Azkenik, martxoaren 15ean, arratsaldeko 6etan, hitzalditxo bat ere emango dut bertan, Dantza-ren filmaketan argazkilari ibili izanaren esperientzia kontatuz, eta, batez ere, proiekzio bat eskainiz (prestatzeke daukat oraindik, baina argazki gehiago ikusteko aukera izango da, inondik ere!).