Efimeroa, baina zabal

DUI0032
Urriaren 12an egindako grafikaren hondarrak (2024-10-17, 18:57)

Kasik hiru hilabete joan dira Koldobika Jauregiri omenaldia egin zitzaionetik Alkizan. Egun hartako hego haizeak eta ondorengo egunetako euriek ere ondo dakiguna gogorarazi ziguten: ezer ez da betiko.

Urriak 12 ditu,
plaza jendez lepo,
hegoa harro.
Laguna gogoan,
non ote hago?

Begi bistan da
grafikaren efimeroa,
haizeak darakutsa:
zirimolaka darabil
lurretik ikatz hautsa.

Iragankorra
orobat, bizialdia,
amets eta magal.
Laburra izanagatik, baina,
bizi dezagun zabal.

Tira! Hona ekarri dizuet, ikusi nahi izanez gero, egun gogoangarri hartako irudiekin Unai Sorarrainek egindako bideoa (~20 min):

Eta hemen duzue, berriz, Fagusen egindako erakusketarako prestatu nuen Bizitza efimeroa argazki muntaia, Koldobikaren bizialdiko eta haren artista ibilbideko hainbat argazkiz osatua (~24 min):

Ondo (eta zabal) hasi urtea!