«La economía de Euskal Herria se sostendría con sus propios recursos» zuen izenburu joan den azaroaren 29ko albiste labur batek, Diario Vasco-ko ekonomiaren atalean. Artikuluaren lehen esaldian azaltzen ziguten Euskal Herria EAE, Nafarroa eta Iparraldearen batura zela, eta, izenburuak zioen bezala, gure ekonomia aski zela herriari (“país”) eusteko, elkartasuna emango ligukeen beste inoren mende egon gabe.
Nondik atera da datu hori? Edo, aipatu albistean ere bazioenez, azken hogei urte honetan Euskal Herriaren BPGa (barne produktu gordina) ia bikoiztu egin dela, edota langabezia tasa egun % 8an dagoela? Ez, noski, Espainiako edo Frantziako gobernuen bulegoetatik, ez EAEren administraziotik, ez eta Nafarroarenetik edo Euskal Elkargoarenetik; horietako inork ere ez du Euskal Herria bere osotasunean hartzen, eta nekez izan dezake herriaren gaineko ikuspegi orokor eta oso bat. DVk berak ematen zigun datuon iturria: Gaindegia, Euskal Herriko garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako behategia.
Gaindegiaren egiteko nagusia Euskal Herriaren dimentsio sozioekonomiko nagusiak ezagutzera ematea da. Duela 20 urte jaio zen —beldur naiz, ordea, ez ote den oso ezaguna—, eta borondatez lan egiten duen jendeak osatzen du. Gizartetik sortutako behategia da, beraz, eta, behatzea ez ezik, dibulgatzea, eztabaida sustatzea eta eragitea ere baditu bere helburuen artean.
Azaroaren 28an ospatu zuten urteurrena, Donostiako Tabakaleran egindako ekitaldi batez. Ekitaldi horretan Euskal Herria, 2000-2024. Adierazle galeria txostena aurkeztu zuten, eta hortik atereak dira hasieran aipatu ditugun datuak.
Ekitaldian hitz egin zuten demografiaz, ekonomiaz, gizarteaz, ingurumenaz…
Han ginenok jakin genuen —eta aipatu txosten horri begiratu bat ematen dionak jakin ahal izango du berdin— ezen, Euskal Herriko biztanleria handitu bada ere (3 milioiko langa gainditu dugu, badira Europan 20 estatu biztanle gutxiago dutenak), adin piramidea alderantzikatzen ari dela erabat, zahartzen ari den gizartea dela gurea (jaiotza tasa Europako batez bestekoa baino % 2 txikiagoa da); kanpotik helduko den jendearen premia dugula (% 30 inguru da dagoeneko, Euskal Herritik kanpo jaiotakoen portzentajea), beraz, pentsioen eta osasun eta zaintza zerbitzuen gainean handituz doan presioari aurre egin ahal izateko lan indarra, alegia.
Gorago esan bezala, jakin genuen BPGa ia bikoiztu egin dela hogei urte honetan. Eta aldi osoan esportazioak inportazioen gainetik egon badira ere, bien arteko desberdintasuna erakusten duen adierazleak murrizteko joera izan duela, eta 2022an, adibidez, ia berdindu egin zirela batak eta besteak (gero eta mendekoago gara, beraz, kanpoko merkataritzarekiko). Gaindegiak egindako txostenaren arabera, gure herriaren ekonomiaren bilakaera positiboa izan da, oro har; eta horrekin bukatuko dut atal hau, ekonomian ez bainaiz inoiz oso iaioa izan —eta berehala galduko nintzateke.
Gizarteari dagokionez, eta euskararekin hasita, 2021eko inkesta soziolinguistikotik hartutako datuak ematen dituzte txostenean: 2021ean, populazio osotik % 30,2 omen ginen euskaldun (16 urtetik gorakoen artean). Biztanleriaren formazio maila dela-eta, berriz, ikasketarik ez edo bigarren mailatik beherako hezkuntza dutenen tasa, 2023an, % 22,7koa zen (2003an, % 47,7koa!); eta hirugarren mailako formazioa dutenen kopuruari erreparatuz, Europako batezbestekoaren (% 35,1) gainetik gaude: % 52,7 (Irlanda bakarrik aurretik, %54,5). Enpleguaz, berriz, % 75,7ko zenbaki orokorra ematen dute (15 eta 64 urte arte); emakumeena, % 72,3koa da. Langabeziari dagokionez, berriz, nahiz eta Espainia eta Grezia baino hobeto egon, Europako batezbestekoaren gainetik gaude oraindik (% 8,1).
Ingurumena dela-eta, hau diote: «berotegi efektuko gasen isurketak 11,8 CO2-eq(kt) (CO2 baliokidea kilotonatan) 8,6ra jaitsi dira biztanleko, 2005etik 2022ra. Jaitsiera horrekin ere, Europako estatuen arteko konparaketa eginez, erdialdetik gora dago isurketetan». Energia kontsumoan beherakadarik ez, Europako estatuen arteko energia kontsumo altuenetakoa dugu; eta energia motari begiratuta ere, emaitza onik ez: petrolioa kontsumitzen dugu gehienbat, eta joera handitu egin da hogei urte honetan (Europan, oro har, gutxi, baina jaitsi egin da). Bukatzeko, janari kontsumoa ere nabarmen jaitsi dela diote (ogia, adibidez, ia erdiraino).
Hori eta askoz informazio gehiago aurkitu daiteke aipatu txostenean, eta konparazioak egin ahal izateko taulak eta diagrama franko, nahi izanez gero.
Bukatzeko, aipatu Gaindegia diru irabazirik gabeko elkarte bat dela, besteak beste bazkideen kuotei esker bizi dena (urteko kuota 120 eurokoa da). Esan bezala, boluntarioz osatuta dago: zuzendaritza lehendakariak (Iñaki Dorronsoro Plazaola) eta beste 11 kidek osatzen dute, eta batzorde zientifikoa sortu berri dute aurten (17 lagun, hainbat arlotakoak). Eta bazkideen ekarpenen bidez bizi denez hein handi batean, bazkide zerrenda luzatu nahi lukete. Euskal Herria helburu duen eta gure herriari bere osotasunean behatzeko dugun tresna eta talaia nire ustez garrantzitsu honi ez litzaioke gaizki etorriko gure laguntza: anima zaitez eta bazkidetu! 😉