Ba omen zen Venezuelako oihanetan lurralde magiko gorde bat… non zuhaitzak eta ibaiak, lakuak eta ur jauziak txokolatezkoak baitziren.
Lurralde mitiko haren agintari nagusiak, Criollo txokolate errege handiak, Trinitaria izeneko alaba gazte bat zuen. Trinitaria printzesa kakao arbolen artean ibili ohi zen jolasean txikitan, eta txokolatezko ibai-lakuetan egiten zuen igeri. Behin batean, urrezko hondartza batean jarri eta ilunabar eder bati begira zegoela, itsasoak seduzitu egin zuen, olatu magiko batez bildu eta itsaslamina bihurtu zuen. Orduan, Trinitaria itsasoan barrena abiatu zen igerian, mundu osora txokolate goxoa zabaltzera.
Hala, egun batean, ipar aldeko uharte eder baten kostara iritsi zen. Itsas brisa xuabe batek laztantzen zuen uhartea, zeina, zeru urdin baten azpian, basaran, masusta, andere-mahats eta abarrez mukuru baitzegoen. Trinitaria zeharo maiteminduta geratu zen New Founde Lande izeneko uharte harekin –Ternuarekin, alegia–, eta harrezkero hor ikusiko duzu beti, uhinen gainean dantzari ez bada ur azalean etzanda, ilunabar eder baten miraz goxo.
[Bidaiariak ez du ez Trinitaria eta ez beste itsaslaminarik topatu Ternuako bere ibilian, baina istorio hau ikasi du Saint John’s hiriburuko Newfoundland Chocolate Company delakoan, eta handik ekarri du blogoeta hauetara, txokolatea maite dutenentzat bereziki.]