Zk kezka adierazi zian, ea Erdialdeko Amerikan barrena ere autobusetan-eta ibiltzeko asmotan ote hintzen galdetuz. Ak, berriz, Boston aldean bahiketak egoten direla, hala ikusten dela telebistako serie batean behintzat –eskerrak ez duan telebista maiz ikusten–. Lk ere aspaldi esan zian hain maite duen Amerika horretako hainbat lekutan kontuz ibiltzeko. Duela egun pare bat, berriz, baita New Yorken egongo haizen etxekoak ere, ez hau oraindik ezagutzen baina: «Please be safe on the way!» –kontuz ibili beharko, beraz, argi zegok.
Errauskine etxera biltzeko ordua zuan Montrealetiko autobusak Boston jo orduko. Ez dituk orduak halako hiritzar ezezagunera iristeko, ados, baina beti ere ez duk posible izaten gauzak nahi bezala antolatzea, eta oraingoan nahikoa huen muga pasatzea ondo antolatzearekin. Autobus geltokiaren kanpoaldean zeuden taxilariak –ofizialak barne– beltzak zituan denak, beltz hitz egiten zitean… eta Boston ere beltza duk gauez. Han zeudenetako inork ez zian hik esandako kalea ezagutzen, ezta paperean idatzita erakutsita ere, baina bat prest agertu zuan bertara eramateko, GPSa martxan jarriko zuela esanez. Denborak zituan GPS hark sateliteen arrastorik ere ez zuela, ez zitian behintzat berehalakoan topatzen; eta bitartean, autoa aurrera zihoaan, aurrera eta aurrera Bostoneko kaleetan barrena, inork ez bazekien ere heu joan behar huen lekurantz ote zihoan ala auskaloko kale alderantz. Halako batean esan hioan, nola edo hala, bolantean zihoanari, ea ez ote zen hobeto gelditzea, katxarro hark sateliteen seinalea topatu arte behintzat, ea nora zindoazten horrela: esan bahion esan, hura mutilaren haserrea, nahi ez bahuen berehala emango zuela buelta eta hartu hinduen lekura eramango hinduela atzera. Iso, ba! Halako batean, eskerrak, gogoratu hintzen joan behar huen helbidea hego aldean zela, eta GPS txatxu hura ere esnatu zuan behingoan: gauzak beren onera etorri zituan bat-batean, eta bi minutu barru egon beharreko lekuan hintzen.
Hurrengo goizean, trena eta autobusa hartu, eta Concord (MA) aldera etorri haiz. Batek baino gehiagok esango dik, eta arrazoiz segur aski, Bostonen egonda zer egitera etorri haizen inguruko herri txiki batera. Ba buruan jarri, eta huraxe, besterik gabe –bidaia hau bera bezala, bestalde.
Concord duk Henry David Thoreau, XIX. mendeko idazle estatubatuarraren jaioterria, eta horrek erakarrita hurbildu haiz inguru hauetara. Eta ustekabe ederra eman diate, leku ederrak baitira: herri txikiak, zurezko etxe aberats dotoreak, naturaletik baduen baso zabal batean murgilduak eta lorategi zainduz inguratuak; itzal ederra ematen duten zuhaitz handiak; txori gorriak, urdinak, eta kolore eta tamaina guztietakoak kantuan; urtxintxa tankerakoak, erruz, gora eta behera; orkatz pare bat ere bai, baratze izkina batean, turista itxurakoari begira; jendea bizikletan batera eta bestera, bikoteka gehienetan, berriketan. Autorik ezean, ibiltzea tokatu zaik: goizeko hamarretan abiatu eta arratsaldeko seietan bueltan hintzen ostera, 16 milia egin eta gero, nekatuta.
Historiaz ikasteko ere aparta duk tokia. Izan ere, Concorden, eta oso hurre dagoen Lexingtonen, izan zituan, AEBren Independentzia Gerran, estreinako aurrez aurreko armatuak, 1775ean. Bestalde, polita izan duk ikustea nola, hori baino lehenago, 1635ean, iritsi ziren lehen kolonoak Ingalaterra Berriko Concord honetara (berrogeita hamar familia baino ez, puritanoak), eta nola kontatzen duten bertako museoan kolono horiek erosi egin zizkietela lurrak hemen bizi ziren algonkiarrei: hemengoek lurraren jabegoaz ezer ez zekitenez, erabilera partekatzeko eskubideak saltzen ari zirela pentsatuko zitean, noski, gaixoek.
Thoreau ez ezik, Ralph Waldo Emerson, Nathaniel Hawthorne eta Louisa May Alcott idazleak topatu dituk bertan (hori idazle kontzentrazio handia, garai berean eta halako herri txikian izateko!), idazle horiek bizi izandako etxeak, haiek erabilitako objektuak, haien kontuak eta aipuak. Eta transzendentalismoa, naturalismoa, abolizionismoa… eta desobedientzia zibilaren jatorriak.
Garai guztietan egon duk jende konprometitua eta besterengatik arriskuak hartzeko prest egon dena, toki guztietan. Idazle, pentsalari edo/eta irakasle horiek esklabotzaren kontrako borroka egin zitean, eta ez zituan hitz soiletan geratu: hego aldetik ihesi zetozen beltzak beren etxeetan jaso zitiztean, abegi on egin eta babestuz, eta Kanadaranzko bidean lagunduz. Edo kartzelan egon zituan, immoral iritzitako zergak ez ordaintzeagatik, esate baterako.
Benetan interesgarria izan duk eguna, bada, fisikoki nekagarria izan arren. Eta burua ideiaz gainezka utzi dik, idazten hasteko gogoz.
Oharra: Concorden bazkaltzen ari hintzela, egunkaria barran –bakarrik habilenez, barran jatea suertatzen zaik batzuetan, zerbitzariei begira–: Bostonen tipo batek beste bat hil zian atzo kalean, tiroa emanda; hik lo egindako kaletik oso gertu, hik inguruan gosaldu eta ordubetera edo. Kontuz ibili beharko, bai, ez zegok bromarik hemen.