Ohar wikipedikoa: Henry David Thoreau 1817an jaio zen, Concorden (Massachussets, AEB). Idazle, pentsalari, filosofo, poeta, historialaria… izan zen, eta erruz idatzi zuen. 1845ean, bere herritik oso gertu dagoen Walden urmaelaren ondoan txabola bat egin, eta han eman zituen bi urte, bi hilabete eta bi egun, naturarekin bat eginez eta bere kasa biziz; idazten eta herrikideengandik isolatu gabe, halere. Egonaldi hartan jasotako oharretatik idatzi zuen gero, eta argitaratu, bere lanik ezagunena: Walden (1854). Walden-en naturarekin bat egitea eta bizitza sinplifikatzea, soiltzea proposatzen du. Beste lan askoren artean, garrantzi handia izan duen beste entsegu bat ere idatzi zuen: Civil Disobedience (1849), non gobernu injustuari aurre egiteko modu gisa zilegi jotzen baitu desobeditzea. Haren lanen eragina ikusten dute askok anarkismoan, ekologismoan, eta, desobedientzia zibilaren bidetik, Tolstoi, Ghandi eta Martin L. King-engan izandakoa aipatzen da beti.
Gehiago jakin nahi izanez gero, hona hemen bideo bat: Antonio Casado da Rocha EHUko irakaslearen hitzaldia, Alkizako Urmara gunean, 2013ko ekainean.