How to see the world, nola ikusi mundua: horixe, Nicholas Mirzoeff-ek, uztailaren 13an, arratsaldeko sei eta erdietan, Manhattan erdialdeko Liburutegi Publikoan emandako hitzaldiaren gaia. Mirzoeff New Yorkeko Unibertsitateko Hedabide, Kultura eta Komunikazio arloetan irakasle da, eta izenburu bereko liburua argitaratu berri du.
Bidaiariak azken eguna zuen New Yorken, eta, hitzaldiaren izenburua ikusita, beretzat ezin egokiagoa zela pentsatu du –nahikoa korrituta zituen bestela ere Manhattaneko abenidak eta kaleak, uptown eta downtown, east eta west, eta ez zitzaion batere gaizki etorriko ingelesezko klase bat doan, aire girotuaren freskuran, eta patxadan eserita.
Minutuero, 400 ordu bideo igotzen dira Youtubera (kontuak ondo eginda baldin badaude, 576.000 ordu egunero-egunero). SnapChat-en bidez, berriz, 700 milioi argazki trukatzen dira egunero (esan behar da, ez baita WhatsApp bezain ezaguna, SnapChat ere mezularitza zerbitzu bat dela, batez ere jende gazteak erabilia, non argazkiak automatikoki ezabatzen diren ikusi eta segundo batzuetara). Bilioi bat argazki (milioi bat milioi!) atera zituen jendeak munduan 2014an; horrek esan nahi omen du, bi minututik behin, XIX. mende osoan AEBn egin ziren argazki guztiak baino gehiago egiten dituztela estatubatuarrek bakarrik –eta ez omen dira hutsaren hurrena XIX. mendean hemen egin ziren erretratuak.
Zer esan nahi du, zer dakar berarekin irudien neurrigabe honek? Mirzoeffen arabera, munduari begiratzeko moduak kezkatzen gaituelako sortzen ditugu hainbeste irudi. Baina, gezurra badirudi ere, zenbat eta irudi gehiago, orduan eta gutxiago ikusten dugula ematen du. Honen guztiaren arrazoia mundua jasaten ari den aldaketan omen datza: mundua gazteagoa da (2008an jada, erdia baino gehiago 30 urtetik beherakoa zen); mundua urbanoagoa da (2011tik aurrera, jende gehiago bizi da hirietan, estreinako aldiz historian); eta, dagoeneko, munduko populazioaren % 49k Interneterako sarbidea du, oinarrizkoa bada ere.
Oso hitzaldi interesgarria eman zuen, irudi mordoxka batez lagunduta. Lehenengo, planeta urdinaren argazkia erakutsi zuen, 1972an Apollo 17-ko astronautek ateratakoa. Historian inprimaldi gehien izan dituen argazki horren garrantzia hauxe da: munduak, gizakiak, Lurra lehen aldiz ikustatu zuen osorik –eta kanpotik.
Dena da irudi, irudia da nagusi denbora guztian. Apple-k iPhone 6-a saltzeko kanpaina kameraren kalitatean oinarritu du: iragarki itzelak daude, AEBko hirietako kaleetan behintzat, non telefono (ba ote?) horrekin egindako (omen) argazki ederrak ikusten diren. Baina irudiaren helburua ez da, lehen bezala, gordetzea, artxibatzea. Irudia kontsumo azkarreko zerbait bihurtu da: ikusi eta ahaztu, SnapChaten bezala. Selfieen fenomenoa ere aipatu zuen, mezu bidez trukatzen diren argazki asko eta asko halakoak baitira, nork bere buruari ateratakoak, nork bere irudia –eta berak nahi duen bezalako irudia, gainera– munduari erakusteko duen era berria.
Egungo iruditeriaren beste ezaugarri bat, hauxe: benetakoa eta faltsua bereiztea gero eta zailagoa da. Eta Mirzoeffen ustez garrantzitsuagoa dena: irudiaren funtzioa gero eta gehiago da, mundua nolakoa den erakustea baino, mundua bera, gizartea, aldatzea. Horretan laguntzea.
Azken horri buruzko adibide politak eman zituen. Esaterako, Lurmuturreko Hiriko unibertsitatean ikasleek eta zenbait irakaslek 2015ean egindako kanpaina, Cecil Rhodesen eskultura (Hego Afrikako Lurmuturreko Koloniaren Lehen Ministro izan zen Rhodes) campusetik kentzeko, apartheida ofizialki bukatu dela hainbeste urte joan eta gero, unibertsitatean oraindik ere zuriek duten nagusigoa irudikatzen zuelako, besteak beste. Interneten barrena #rodhesmustfall etiketarekin batera bidaiatu zuten irudien indar-eraginak nabarmenak izan omen ziren kasu horretan, eta Rhodesen eskultura kenaraztea lortu zuten.
Brexitaren aldeko kanpainan UKIPek argitaratutako poster bat ere aipatu zuen. Poster horretako argazkian Esloveniarantz doazen errefuxiatu batzuk ikusten dira, errepide batean. Eta argazkiaren azpian hau dio: Breaking point, haustura puntua, alegia; eta letra txikiagoan: “Europak huts egin digu”. Iskanbila handia sortu zuen posterrak kanpainan, batzuek arrazistatzat jo baitzuten, argazkian ikusten ziren gehienak ez zirelako zuriak (baten bat ba omen zegoen, lehen planoan, baina posterrean estalita, gainean boto txartelaren irudi bat ipini baitzuten). Gainera, UKIPen buru Nigel Farageri posterraren aurrean jarrita ateratako argazki batzuk eskuin aldetik moztu egin zituzten, argazkian benetan zegoen jende kopurua baino jendetza handiago baten inpresioa sorrarazteko. Kasu honetan ere, bistan da, nahi zutena lortu zuten Europa uztearen aldekoek.
Bukatzeko, Donald Trump-en kanpaina izan zuen hizpide. Donald Trumpen kanpainan, haren karikatura, haren irudi hori saltzen omen dute. Baina, kontuz, ez gutxietsi, ustekabeko emaitzak gero eta posibleago baitira: hortxe dago Britainia Handian gertatutakoa.