Mompoxetik irtetea uste baino zailagoa zuan. Handik Medellinera autobusez joatekoa hintzen, hamar ordu behar zirela irakurria huen; baina gutxienez hamabost ematen omen ditik, onenean (ozeanoaren alde honetako eta Laredotik hego aldera ohikoa den zehaztasun maila gorabehera, alegia). Medellinen lo egiteko lekua hartua huenez, Mompoxetik goiz irtenez gero gauean han izango hintzen: bai zera! Batek zekik zergatik, baina arratsaldez baino ez zeudek Mompoxetik Medellinerako autobusak (eta, noski, hamabost bat ordu behar dutenez, Medellinera orduko goizaldea!).
Bidaiaren ideia mamitzen ari hintzela, gauza bat garbi huen: beti aurrera egingo huen, eta lurreko garraioak erabiliz, batik bat. Atzera egitea ez zaik sekula gustatu; baina ikasten ari haiz: maiz, aurrera egiteko, atzera egin behar duk aurrena. Hire bidaia, beraz, ez duk lerro zuzen bat bezala markatuta geratuko mapan. Eta erabat lurrez egitearen ideia ere alde batera uzten ari haiz, askotan zentzuzkoagoa baita hegazkin bat hartzea; kosta zaik onartzea, baina ari haiz, poliki-poliki.
Hegaldi bila hasi, eta batzuetan ez duk askoz garestiago ateratzen, gainera. Mompoxetik ez dituk hegazkinak ateratzen, hiru ordura dagoen Corozal-etik baizik. Harainoko bidea oso zuzena ere ez duk, baina tira, egingarria: kolektibo bat aurrena, ibairaino; txalupa, ibaia zeharkatzeko, Bodegatik Maganguéraino; eta beste kolektibo bat Corozaleraino.
Arazoak, ordaintzeko garaian hasi dituk: txartelak ez dizkik onartu aplikazioak. Biharamunean bankuan transferentzia bidez egiteko esan diate; hori bai, hamaikak aurretik erreserba galdu nahi ez baduk. Hurrengo goizean, txintxo, Mompoxeko Banco Popular-en sukurtsalean hintzen, bederatziak aurretik. Ilara luzea. Pentsioak –Uriberen pentsioak, hala esaten zietek, hark arautu omen zitian eta– kobratzeko eguna duk, nonbait, eta aitona-amonaz beteta zegok bankua. Laurogei urteko emakumea bere amari laguntzera etorria duk, haren pentsioa kobratzeko. Ama zeharo okertuta –ez duk ehun urtetik urrun ibiliko–, alaba ez horrenbeste, baina makuluarekin hura ere: lehentasuna eman zietek ilaran; polita detailea, jende guztia ados. Denbora aurrera zoak, ilara hura ez duk mugitzen. Aurki hamarrak, ilara geldi samar. Azkenean, leihatilara hurbildu haizenean, ofizialdu ditek: «El sistema se cayó, la vaina es a nivel nacional, hay que esperar». Hamarrak eta laurden. Azkenean, argitxoa piztu zaik: whatsappez harremanetan jarri haiz EasyFly-koekin, eta azaldu diek egoera. Elkartruke kafkiar samar baten ondoren, bi aukera eman dizkiate: Efecti edo baloto. Ordaintzeko bi modu ote? Irainak, akaso? Auskalo! Galdetu, enteratu –eskerrak, berriz ere, hizkuntzari!–, bankua utzi, eta hamar eta erdietarako Efectiren bulego batean haiz: dirua bidaltzeko enpresa bat duk, Macondo ez duk garai batekoa! Hamaikak baino lehen ordainduta, juxtuan, hau lasaitua!
Horraino aurkia; edo ifrentzua, berdin ziok.
Biharamunean, Mompoxetik Corozalera. Kolektiboa bila etorriko zaik hotelera, sei eta erdietan: gosaltzen ari hintzela, seiak eta bost doi, atean duk autoa –baserritarrak baserritar, Obaban bezala Macondon–: kafea zurrutaka hartu eta goazen! Ordubete eskas ibairaino, han zeudek txalupak. Bete denean, irten duk. Ziztu bizian joan duk Magdalenan gora, Mompoxi protagonismoa kendu zion Maganguéraino. Han beste kolektiboa, jendez osatu zain. Osatu denean, aurrera. Corozaleko aireportuan hintzen behar baino bizpahiru ordu lehenago –baserritarrak baserritar, Obaban bezala Macondon.
Ai aireportu guztiak horrelakoak balira! Txikia, txukuna, ordenatua; humanoa. Check-in-a egitera joan, eta, irribarre hutsa den neska, pasaportea eskatzeaz batera, galdezka ea nondarra hintzen, zer egiten huen Kolonbian, gustatzen ari zaian, zertan aritzen hintzen bestela… Mutil gazte batzuk ere hurbildu dituk, neskaren lankideak, eta ea zer futbol talderen zalea hintzen haiek –dagoeneko ikasi duk, horrelakoetan Nairo aipatu eta gustura gelditzen dituk, eta heuk ere gehixeago dakik txirrindularitzaz futbolaz baino–, euro txanponen bat ba ote huen haiei erakusteko…
Aireportuko areto bakarrean oharrak ez ditiztek bozgorailutik ematen, neska bat etortzen duk abisua ematera: halako hegazkina hartu behar dutenak pasa daitezela barrura jada. Segurtasun kontrola beste lekuetakoaren tankerakoa duk, estresik gabe. Barrura sartu eta gero, ontziratze txartelak jasotzen ditik azafatak, pasaiariei banan-banan deituz.
Hegazkina Medellinen lur hartzen ari zuan akordatzerako; artean, Mompoxetik Medellinerako estreinako autobusa irtetear izango zuan.