Kolonbia: ilusiotik dezepziora, horixe blogoeta honi izenburua emateko bidaiariak buruan erabili duen beste aukera bat (denbora aurrera joan ahala, baina, gero eta urrunago sentitzen du izenburu hori).
Bai, bidaiari plus bat eransten zion Kolonbiak egun bizi duen egoeran etortzeak: bake prozesuaren lehen fasea Habanan amaituta uztailean, Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen arteko negoziazio luzearen ondoren; akordioak, hil honen hondarrean Cartagena de Indiasen sinatzekotan; eta akordio horiek erreferendumean –plebiszitua da hitza hemen, gehienbat– onartzekoak –edo ez–, urriaren 2an. Herri berez interesgarriari interes berezia eransten zion, inondik ere, eta horrek ilusioa piztu zuen bidaiariarengan.
Hasieran giroa hotz sumatu zuen, inork gaia atera nahiko ez balu bezala, beste nonbaiteko kontua bailitzan edo. Kalean ez zegoen ezer, agerian, eta jendeari galdetuz gero mintzagaiari ihes egiten ziola iruditzen zitzaion. Baina Kolonbian daramatzan hamasei egunetan giroa epeltzen ikusi du, baiezkoaren eta ezezkoaren aldeko itsaskin gutxi batzuk azaltzen hasi dira autoetan, jendeak aipatzen du gaia elkarrizketetan, galdetuz gero erantzuten du… eta, hori bai, telebistan-eta beste konturik ez dago.
Ahalegin instituzional eta pribatu handia sumatzen da prozesua aurrera ateratzeko, hori ez dago ukatzerik. Heziketa kanpaina nabarmena egiten ari dira, albistegiak ez ezik bestelako programa asko daude gaiari buruz: elkarrizketak, eztabaida saioak, erreportajeak, iragarki bereziak, dokumentalak… Zenbait kasutan, bidaiariak oso jende ona entzun du hizketan telebistan –aspaldion ez zuen hainbeste denbora ematen haren aurrean–, negoziazioaren eta benetako bake baten esanahia bere lekuan jartzen badakiena, justizia trantsizionalaz ideiak garbi dituena, gerrarik gabeko herrialde baten alde ordaindu beharrekoa zer den ondo dakiena…
Kalea, baina, beste gauza bat da, edo hori da behintzat bidaiariak bizi izan duena orain arte. Kalean topikoek agintzen dute, hala iruditzen zaio; eta informazio faltak. Eta, orain arte behintzat, ezezkoaren aldekoekin egin du topo, baiezkoaren aldekoekin baino gehiago.
Hona hemen behin eta berriz errepikatzen diren kontu batzuk:
- Akordioak ez du ezer aldatuko, gerrak bere horretan jarraituko du gero ere, siempre la misma jodedera!
- Plebiszitua itxurakeria hutsa da: zertarako eskatzen dute botoa orain, Habanan dagoeneko sinatu baldin badute?
- Inpunitatearena da beti ateratzen den beste kontu bat, biktimarioak zigorrik gabe geratuko direlakoa (honi buruz, ikus aurrerago egindako oharra).
- Narkotrafikoaren diruak, FARCekoek urte hauetan guztietan metatutakoak: Zer gertatuko da diru horiekin? Liderrak bai ederki!; baina mendian ibilitako gizajoak, zer, nola geratuko dira?
- Armagabetzea oraindik gauzatu gabe dago –FARCen aldetik, noski.
- …
Heriotza biolentoen % 12 FARC eta ELNri egotz lekizkieke, NBEren arabera; gainontzekoen parte handi bat, beraz, poliziari, militarrei eta estatu terrorismoari (paramilitarrak eta beste) dagozkie, batez ere. Kolonbiako Centro Nacional de la Memoria-k argitaratutako datuen arabera, berriz, desagerrarazteen % 66 ere estatuaren aldeko indarrei dagozkie.
Hala ere, datu horiek hala izanda ere, zer entzun du bidaiariak bere elkarrizketetan? Ba inpunitateaz hitz egiten diotenean, kalean, FARCekoak-eta baino ez dituztela aipatzen; biktimarioez, oro har, mintzatzen direnean, FARCekoak baino ez dituztela aipatzen; armagabetzeaz dihardutenean, beste horrenbeste… Hau da, diskurtso “ofizialak” muinetaraino sartzen dira, boterearen mintzoa suz eta burdinaz irarrita bezala geratzen da gogoetan: zer beste azalpen izan dezake, bestela, halako portaerak?
Bidaiariak ez daki zein izango den urriaren 2ko plebiszituaren emaitza, baina, inpresioak inpresio, ez luke esango baiezkoak aise irabaziko duenik. Hasierako inkesta batzuek ezezkoa nagusitzearen arriskua pronostikatu zuten, eta politikariak, oro har, kezkatuta ageri dira. Horrek azaltzen du, jakina, komunikabideetan-eta egiten ari diren kanpainaren munta. Batek baino gehiagok adierazi du: ezezkoa nagusitzea desastre hutsa litzateke Kolonbiarentzat.
Oharra: Hasieran iradoki bezala, ordea, lehen inpresio ezkor samar hori gorabehera, baikortasun handixeagoa du orain bidaiariak. Blogoeta honek jarraipena izango du; han azalduko dira gatazkaren nondik norako batzuk, eta zerk mugiarazten ari duen bidaiaria iritzi positiboago baterantz.
Kaixo, Xabier,
urteetan egindako bidea jendeari gaiztoen ipuinak kontatzen desegin behar ditek. Orain lan handia izango ditek jendea ipuinetatik errealitatera ateratzen. Hain gozo bizi zen ipuinetan! Hain polita zen dena! Hain erraza zen bizitza!
Bazirudik hemen ere jende askok ipuinean segitu nahi duela bizitzen, eta ez duela ezer aldatzea nahi.
Gu ipuineko haurrarena egin behar diagu, erregea biluzik doala jakinaarazi arte.
Hi segi hire errealitateak kontatzen.
Arazoa duk oso zaila dela ipuin horren aurka egitea, behin eta berriz errepikatzearen poderioz errealitate bakarra bihurtzen duk eta.