Gaur, astelehena izaki, egindako planak aldatu behar izan dituk bat-batean, munduko leku askotan bezala, Quiton ere museoak itxita baitaude astelehenetan.
Plan berria, beraz, hauxe: teleferikoa hartu Cruz Lomaraino, buelta bat eman han goitik (ia 4.000 m-ra igotzen hau), argazki batzuk egin (hiriaren bista onak omen zeudek handik), eta jaitsi, eguerdi aldera Munduaren Erdira joateko, arratsalde pasa. Munduaren Erdia delakoa (Mitad del Mundo) zera duk, Ekuadorretik Ekuatorea pasatzen dela-eta etekina ateratzeko asmatutako artea: Quiton egonda, zein turista –edo bidaiari– geratuko da, handik 20 km-ra duen selfie aukera on bat aprobetxatu gabe? Munduaren Erdia horretara joan, eta hanka bat ipar hemisferioan eta beste bat hego hemisferioan jarrita egiten ahal baita, gero lagunei whatsappez bidaltzeko moduko sekulako fotoa. Edota Coriolis efektuari esker, ura konketako zulotik behera hemisferio batean erlojuaren orratzen noranzkoan doala eta bestean kontrakoan ikusi (edo alderantziz, berdin ziok; erdia gezurra, gainera, toki horretan erakusten omen dutena, baina tira!). Edota pisua hartu eta kilo gutxixeago haizela egiaztatu…
Kontua duk, azkenean, plan hori ere ez duala bete, eta, munduaren erdia herenegun igaro huenez –autobusean, Otavalotik Quitorako bidean–, horretan geratuko dela, oraingoan behintzat, Ekuatoreko lerroan fisikoki egotearen hire bizipena. Hara zergatik.
Ia berrehun hitz, eta oraindik ez haiz hasi ere egin kontatu nahi huena kontatzen! Martxa honetan, abendurako heuk hausnartu, eta heuk baino ez dituk hire blogoetok irakurriko, haintxe haiz aspergarria!
Igo haiz, ba, teleferikoan, eta agidanez eguneko laugarren pertsona hintzen ilaran, txartela erosten. Aurretik ziren hirurak beste kabina batean joan dituk, aurretik, hi pittin bat atzerago geratua hintzen eta. Gora igo eta hantxe zeudean, artean, berriketan. Neska bat, ilehoria, eta, gero jakin duanez, alemaniarra: Maike. Beste biak, bikotea, neska bilbotarra, Yolanda, eta mutila galiziarra, Angel. Hori dena gero jakin duk, orduan egunon trukea besterik ez baituk haiekin izan.
Argazki batzuk egiten hasi haizenean, horixe baitzen hire plana, haiek abiatu egin dituk, eta berehala ohartu haiz: hauek Rucu Pichinchara zoazak! Rucu Pichincha sumendi bat duk, teleferikoaren goiko geltokitik hiru bat ordura dagoena, 700 m gorago; ez huen inolako asmorik igotzeko, egia esan, 4.700 m-ra dagoen tontor batera bakarrik abiatzeko asmorik ez, eta, gainera, sumendietan itxuraz ohikoa denez, hemen ere asalto hotsak badituk, edo garai batean izaten zirelakoak bai, bederen. Baina gogoa, inbidia… horiek ez hituen falta.
Haien atzetik abiatu haiz, bada, ez dakik ondo zergatik. Eta kilometro batera-edo, geratu diren batean, hurbildu egin hatzaie. Galdetu, eta baietz, gora zihoazela. Heu ere joango hintzatekeela, ba, baina ez haizela asmo horrekin atera goizean, eta zalantzan bezala. Burua prestatu gabe eta, gainetik, hau lotsa!, urik ez, tantarik ere ez (jatekoa bai, eskerrak, txiripaz hori ere!). Berek ura bazutela sobera, eta animatzeko berekin joaten, emango ziatela nahi adina. Zalantzak… baina zirt edo zart egin behar, orduantxe. Ez dakik zein momentutan izan den, baina bosgarren bat ere bazuan han, zuekin hizketan: Brian, bostondarra.
Lotsa gainditu, alferkeria uxatu eta aurrera. Boskotea, beraz. Eta berehala, kezka: haien (gazte haien) martxan joateko gai izango ote haiz? Quiton bi egun eskas daramatzak, hemen 1.200 m gorago zaudete jada, 4.000tik gora, hire aklimatazioa ere ez duk izugarria oraindik… Baina, tira, ezin baduk egingo duk atzera; gustuko tokian…
Gustuko tokian…, aldapa galanta! Bukaera aldera, batez ere, gailur inguruko harkaitzetara iritsitakoan, lau hankatan gora egin behar deneko zati batean; eta, ia 4.700 m-tan, arnasa ere estu, burua zorabio antxean… Baina besteak ere tankerako zebiltzanez, lasai edo. Eta heldu zarete tontorrera, nahiko martxa onean, gainera. Pozik, gustura. Gailurrean, berriz, saria: hantxe zegoan arrano gazte bat, tontorraren zaindari, mendizale jendearekin erabat ohitua, nonbait, argazkietarako paratzen ondotxo ikasitakoa… eta janari apur bat lurrera eroriz gero ere andalaostia mugitzen zena, harrapatzera –harraparia izaki, zer nahi duk!–. Argazki batzuk egin, normalean baino gehiago Harrapax ere erretratatu behar baitzen, zer edo zer jan, ur pixka bat edan, eta, lainoa sartzeko arriskua ikusten zenez, beherantz berehala.
Egun polita, oso. Eta lagunekin, heure hausnar beti-beretan sartuta ibiltzeko betarik gabe, ordu batzuetan behintzat. Arratsaldean, hirian jada, limonada eder bat hartu, dutxa bero bat… eta nekeari utzi azalera zedin. Konparazio batera: 80 km bizikletan, eguzkipean, bizpahiru portu koxkor bidean direla… halatsuko nekea, esango huke; neke polita, gehiegizkoa izan gabe. Gero, afaltzera irten, pasta pixka bat jan garagardo batez lagunduta, eta ohera goiz.
Nekeari aurre egin, halere, hau dena idazteko, ohean bertan. Ia 700 hitz dagoeneko… eta argazkiak prestatzea falta oraindik. Bihar goizean prestatuko dituk, motel, lo egin ezak orain, inor ez duk-eta hire honen zain egongo!
Ez da ipuin bat.
Han zaude argazki ta gustiz
Bai, ba! Argazkirik gabe ez didazue sinetsiko, bestela, inguru hauetan ibili naizenik 😉