Oswaldo Guayasamin

Burua (Guayasamin). Quito.
Burua (Guayasamin).

Heriotzak jolasean harrapatu zituen haurrengatik, lanak akitu zituen gizonengatik, maitasunean porrot egin zuten txiroengatik, metraila hotsezkoa izango da nire pintura, tximistaren indarrez eta borrokarako grinaz margotuko dut.

***

Herriz herri, hiriz hiri, miseriarik gorrienaren lekuko izan ginen: buztin beltzeko herriak, lur beltzean, lokatz beltzez lohitutako haurrak inguruetan; aurpegietako azala hotzak erreta zeukaten gizon-emakumeak, non mendeak baitziren malkoak izoztuta zeudela, gatzezkoak edo harrizkoak ote ziren bereizi ezin zela; zanpoina eta errondadoreen doinuak, zeinek jainkorik, eguzkirik eta artorik gabeko bakardade itzelaren berri, buztinaren eta haizearen berri baino ez baitziguten ematen.

***

Ez badugu gure eskuak denon eskuekin estutzeko indarrik, ez badugu gure besoetan munduko haurrak jasotzeko samurtasunik, ez badugu mundutik armada guztiak erauzteko borondaterik; planeta txiki hau gorputz beltz eta ihar bat izango da espazio beltzean. 

***

Negar egin nuen oinetakorik ez neukalako, harik eta oinik ez zuen haur bat ikusi nuen arte.

 

Oharra: Testu horiek Oswaldo Guayasamin (Quito, 1919-1999) Ekuadorreko artista handiarenak dira (bat-bateko itzulpenak, hobetu behar handia dutenak, noski).

B gaur egon da azken urteetan haren etxea izandakoan (ederki ikusten da bertatik Pichincha sumendia, Guayasaminek hainbatetan margotu zuena), eta hark utzitako ondare artistiko izugarriaz gozatzen eman du goiza: margoak, horma irudiak, marrazkiak, eskulturak, testuak… Hil zenean bukatzear utzi zuen Gizonaren Kapera delakoa ere bisitatu du –amaituta dago jadanik–, eta bertan dauden artelan bikainak ikusi ditu.

Deus ez daukanaren oihua, zapalduaren ahotsa, indigenarena… haien sufrimendua, oinazea, ezinegona… eta itxaropena adierazten, irudikatzen, ekartzen dizkigu Guayasaminek bere artelanetan. Gerrak, tortura, zapalketa, diktadurak, genozidioa eta injustizia salatzen ditu.

Gizonaren Kapera (Guayasamin). Quito.
Gizonaren Kapera (Guayasamin). Quito.

Mexiko DFn Rivera eta Kahloren lana bezalaxe, Quitora etorriz gero Guayasaminena ikusi beharra dago. Kaperan eta etxe barruan argazkirik ateratzea debekatuta dago, eta horregatik pentsatu du Bk goiko testu horiek ekartzea hona. Interesa duenak, informazio eta irudi ugari aurkituko ditu webean.