Perun hilaren 4tik 18ra egon da B. Ez zen hori bere asmoa Ekuadorretik sartu zenean, baina Peruko zeharkaldia irrist batean egin du… halabeharrez!
Lehen egunak patxada ederrean ematekoa zen, ipar aldeko hondartza ondoko hotel batean, Zorritos-en, Tumbes-etik gertu. Baina istripu txoro batek aurreikusitako patxada zakurraren ipurdira bidali ondoren, egindako planak egokitu egin behar izan zituen. Asmoa Zorritosetik Chiclayora, eta handik Trujillora joatea zen, gero mendi aldera abiatzeko, Huaraz-era, Limara baino lehen. Chiclayokoa pasatu zen, nola edo hala, baina Trujillora heldu orduko ospitalera jo behar izan zuen. Bi saihets hezur hautsita, ibiltzea ona zuela baina kargatuta ez… Huarazerako asmoa lausotuz joan zitzaion ezinbestean. Huaraz, beste behin, hurrengorako geratuko zen.
Chiclayon eta Trujillon bisitatutako lekuek lehendik ere bazekiena baieztatu diote Bri: kolonaurreko esaten zaien kulturen eta zibilizazioen munta, garrantzia. Eta ez dira inkak soilik, askotan hori uste izaten bada ere. Inkak K. o. 1200-1500 urteetan nagusitu ziren, eta jakina da espainiarrak iritsi zirenean pikutara joan zela haien inperioa: 300 urteko kontua izan zen, beraz, inken nagusigoa. Baina Perun, Mesoamerikan bezala, askoz lehenagoko zibilizazio askoren aztarnak aurkitu dira, duela 10.000 urtekoak ere bai.
Eta B ez da aspertzen, bidaia osoan, museoak ikusteaz, eta kolonaurreko zibilizazio horien ekoizpen artistikoa miresteaz. Ehungintza, zeramika, metalen lanketa. Gaur egun ere aurreratua iruditzen zaigun teknologia, arlo horietan. Eskultura eta pintura. Aniztasuna, gai, forma eta tekniketan. Originaltasuna. Diseinua. Finezia. Kolorearen erabilera. Abstrakzio maila harrigarria. Deszifratzen gaitza den indar sinbolikoa. Edertasuna, finean.
Liman aspaldiko laguna zuela aprobetxatuz, Trujillon hegazkina hartu (autobusean joateko ordu gehiegi, hebaindu batentzat) eta ordubetean Liman zen.
Liman, kolonaurreko artearen lagin bikaina gordetzen duen Larco museoan ez ezik, Memoriaren Museo zabaldu berrian ere izan da. Denboraz juxtu samar, egia esan, eta biharamunean ezin berriro joan, astelehena izaki itxita baitzegoen. Lastima, bertan dauden dokumentuak eta lekukotzak zirraragarriak dira eta. Edozein modutan, hausnarketa bat eginarazi dio museoaren planteamenduak Bri, nabarmena baita sarrera-sarreratik: irabazleak daudenean, gertatutakoa irabazleek kontatzen dute, egia irabazleen egia da, batez ere. Esaterako, non daude Perun gertatutako indarkeria-bortizkerien erroak, sustraiak? Museoaren sarreran galdera horri erantzuten zaio, bi izen aipatuz: Sendero Luminoso (SL) eta Movimiento Revolucionario Túpac Amaru (MRTA); oso pertsonalizatuak gainera, biak, haien buruzagi izandako batzuen izen-deiturak, argazkiak eta guzti. Eta alboan, letra txikiagoan, aipatzen dituzte desberdintasun sozialak, baina inoiz ez biolentziaren sorburutzat: desberdintasun sozialek SL eta MRTA zirela medio piztutako gerra luzatzen eta hedatzen lagundu omen zuten, hala dio alboko testu horrek; ez dio, ordea, SL eta MRTA herrian zegoen –eta oraindik dagoen– desberdintasun ikaragarri hori dela medio sortu zirenik. Bejondeiela!
Limatik, eta Ayacuchora hamar-hamabi orduz beste autobus batean sartu eta joateko gogo handirik gabe (Ayacucho da, Huarazekin batera, Bri beti hurrengorako geratzen zaion beste leku bat, Perura etorritakoan), Txilerantz abiatu da zuzenean. Limatik Tacnaraino hegazkinez (bidaiaren hasierako planteamendu orokorrari traizio eginez, ostera ere), 24 orduko autobusaldia saihestearren. Gero, Tacnatik Txileko Aricara autobusez joan da, 50 km baino ez dira eta.
Kaixo, Xabier,
Gogoratzen duk Quilapayunen Iquiqueko kantata? Aricatik hegoaldean zegok Iquique, 310 Km-tara.
Besterik ez,
Patxi Angulo
Bai, gogoan diat. Eta nire hurrengo geldialdia Iquiquen izango duk.
X.
Ongi dago hurrengorako gauzak uztea, beti utzi behar direla esango nuke nik! baina ahal dela hurrengoan arrazoia beste bat izan dadila!
Segi ongi
Ona bada, ederki ari naiz, leku pila ederra uzten ari bainaiz hurrengo baterako ;-). Hurrengo horiek zertzen asmatu behar, hortxe gakoa.