9.400 m-ko desnibela (1)

4.700 m gora eta 4.700 behera, kostatik punara eta buelta.

Perutik Txilen sartu, eta Arican geratu haiz estreina. Peruko Arica Txileko Arica bihurtu zuan 1880ko ekainaren 7an, Txileko militarrek kontatzen dutenez 55 minutu iraun zuen gudu lorios eta heroiko bati esker. Gudu hori Bolivia itsasorik gabe utzi zuen Pazifikoko Gerraren bigarren urtean gertatu zuan, Aricako Morro-an (hondar koloreko mendi muino bat, portu gainean).

Arica basamortuan zegok, Peruko kostalde osoak eta Txileko ipar aldekoak eratzen duten basamortuan. Portu garrantzitsua dik, hondartzak, museoren bat edo beste… eta arrain ona jaten duk; gainontzean, gauza handirik ez, hala iruditu zaik.

Historiaren aldetik interesgarria bada ere, nahiago hukeen Morro-an eta bandera erraldoi eta piltzartu samar baten abaroan dagoen museo higuingarria bisitatu ez bahu: museo militarra, istorio militarrak, militarren kontakizuna, haien egia; musika militarra tai gabe (himnoa izango zuan, akaso!), ozen; Pinochet Ugarte bisitan etorri zen aldi bakoitzeko, plakatxo bat… Higuingarria, zinez: museoa ikustera letorkeen perutar baten larruan jarri haiz lipar batez –ez dituk asko inguratuko, noski–; argazkirik ez egitea erabaki duk.

Aricatik 12 km-ra, berriz, Chinchorro kulturako momiei eskainitako museo txiki bat: Peruko kostako hego aldean eta Txileko ipar aldekoan, K. a. 7000-1500 urteetan bizi izandako jendea, chinchorro horiek. Arrantzaleak omen zituan gehienbat, sedentarioak –eta, zalantza izpirik gabe, beste museoaren arduradunak baino zibilizatuagoak–. Duela 9.000 urteko momiak aurkitu ditiztek hemen (denetik, gainera: umeak, helduak, zaharrak; baita umekiak ere, fetuak!), Egiptokoak baino puskaz zaharragoak. Izugarria.

Arican egon eta Chungará-ko lakua ikusi gabe alde egiterik ez omen zegok, hori esaten dik jende guztiak, eta bai Wikitravel, Lonely Planet eta abarrek ere. Ikusi beharko duk, orduan, horrelakoak dituk bidaian ordaindu beharreko zergak. Baina Chungará Boliviarekiko mugan zegok, itsasoa baino ia 4.700 m gorago, zerutik gertu, diotenez; eta, bertara joateko, hirian dagoen eskaintza bakarra tour bat duk: goizeko zazpietan irten, bidean toki interesgarri batzuetan geratu, klik, klak, selfie, pum, selfie, klok… lakua ikustatu, Putren bazkaldu, eta behera ziztuan, arratseko zazpietarako Arican berriz egoteko. Garai batean, Europan krisia hasi baino lehen, ba omen zituan bi eta hiru eguneko txango lasaiagoak (kartelak oraindik zintzilik zeudek agentzietan), baina orain jada ez, egun bakarreko hori duk eskaintzen duten bakarra. Zerbait esatea okurritu bazaik, okurritu zaik: «Lasai, ez da ezer gertatzen, oxigenoa eramaten dugu autobus guztietan, behartuta gaude». Bejondeiela, askoz lasaiago geratu haiz orain.

Putre herri txiki bat duk, 3.500 m-ra (1.000-2.000 bizilagun inguru omen, baina altuera hauetan zehaztasun gutxi, oxigenoa ere eskas baita), Aricatik La Paz-erako errepide ondoan, Chungará baino lehen. Eta pentsatu duk aukera ona litzatekeela lineako autobusean Putrera joatea, bertan lo egin, eta, biharamunean, aklimatatuxeago-edo, lakura igo eta inguruko bazterrak lasaiago ikusi. Otu eta egin: Booking, erreserba, ez zegok lekurik hik nahi duan ostatuan, ea beste honetan… listo! Beti bezala, egin eta gero hasi haiz xehetasunak aztertzen. Ostatua ez duk merke-merkea baina basic samarra zirudik, berokuntzarik ez, eta han hotz egingo dik, noski: hire tabletako fraideak Putren oraintxe 4 gradu daudela ziok –iluntzeko bederatziak dituk–, eta 11ko maximoa eta -6ko minimoa egunean zehar. Ederki, primeran, bikain… baina ¡a lo hecho pecho!, eutsi egindakoari (Zehazki Hiztegia-k hori proposatzen dik), ez zegok besterik. Zertarako habil, bestela, pijama polit horrekin motxilan bueltaka, Ternuatik honaino eta oraindik sekula jantzi gabe?

Goizeko zazpietan irteten duk egunero Aricatik Putrerako autobusa. Hire segapotoak ez dik jo, jo behar zuen orduan, eta ia-ia galdu huen… baina harrapatu duk azkenean. Aricatik irten eta berehala abiatu duk Llutako haranean barrena, gorantz pixkanaka. Ibaia errepidearen ezker aldera geratzen duk, eta oasi estu bat eratzen dik bere arroan; arto sail handiak zeudek, besteak beste, basamortuan margotutako berdegune horretan. Kilometro batzuk egin ondoren, errepidea tentetu egin duk eta inguruko berdea atzean geratu duk: harria eta harea besterik ez dituk ikusten orain bi aldeetara erreparatuta, paisaia mortua duk erabat, eremu, gorri. Gorago, 1.700-3.000 m bitartean, kaktus argimutila (Browningia candelaris) hazten duk bakarrik, oso leku lehorretan bizirauteko gai dena: harriak eta kaktus horiek, beraz, besterik ez ikusmira osoan. Bat-batean, eta eguzkiak traba egiten ziolako-edo, errezela itxi dik aldamenekoak, eta handik aurrera ez duk ezer asko ikusteko aukerarik izan.

Hamarrak jota heldu zarete Putrera. Aurrekoaren aldean, hemengo paisaia berdexeagoa duk, baratzak eta soroak ere ageri dituk herri inguruetan; ez duk, halere, Gipuzkoako barru aldeko berde hori, ezta hurrik eman ere. Eta altuera horretaraino hain azkar igo izana nabaritzen hasi haiz, oinak lurrean jarri orduko: Cuscon lur hartutakoan sentitu ohi diren buruko min sor, zorabio puntu, ezinegon, jangurarik ez horiek.

Herrian buelta bat eman, eta bazkalondoan Jurasiko termetara joatea otu zaik, herritik gertu daudela eta. Nork eramango hauen aurkitu eta gero jakin duk terma horiek herria baino 500 m gorago daudela. Bihar Chungaráko lakura igotzea (lakua herritik 45-50 km-ra dagoela ere orduan jakin duk), berriz, ez zegok oso erraza, solo traveller-aren arazoak: tour bat antolatzeko gutxienez hiru lagun behar dituk, eta heu bakarrik haiz. Herri osoa korritu duk, agentziaz agentzia, ea baten batek Chungará aldera joateko asmorik ba ote duen biharamunerako. Herri txiki bat izaki, ez dituk ados jartzen turista jendea partekatzeko, nork bere negozioa atera nahi dik aurrera. Azkenean, dena galdutzat eman eta Aricatik igotzen diren agentzietako batekin hitz egin beharko huela etsitzen ari hintzenean, teilatua konpontzen ari zen gizon bat etorri duk salbatzaile: Eugenio dik izena, jatorra zirudik, aimaraduna (nabarmena, gaztelaniaz hizketan entzunda), eta azkeneko paperak falta omen ditik agentzia behar bezala legeztatua izateko; diru kontuak eta ordua adostu dituzue (berandu mugitzen dituk hemen, hotza aitzakia, baina argazkilariak goizeko argia nahi): zortzietarako etorriko zaik bila.

  • Chinchorro kulturako momia. Arica, Txile.
    Chinchorro kulturako momia.

 

(jarraituko du)