Atacamarren elezahar batek kontatzen duenez… Egia esan, zenbat bertsio entzun edo irakurri, hainbat istorio desberdin aurkituko dituzu, horrelakoetan ohikoa denez herri guztietan. Hona hemen bat:
Likankabur eta Jurike sumendi jainkoen ondoan bizi zen garai batean Kimal mendi jainkosa (argazkian sumendien eskuinaldera ikusten den hutsunean, hain zuzen ere).
Likankabur Kimalekin ezkontzekoa zen, baina Kimalek Jurike maite zuen. Laskar, Kimalen aita, haserretu egin zen (Laskarrek, oraindik ere aktibo dagoen sumendiak, erupzioa izan zuen; argazkian ez ikusiagatik gertu dago besteetatik), eta Jurike jo eta burua moztu zion (erreparatu argazkiari berriro). Hori gutxi bailitzan, Laskarrek Kimal erbesteratu egin zuen, Andeetatik Domeyko mendikatera igorriz, Atacamako gatz lautada zabalaren beste aldera (pare-parean dago mendikate hori, baina urrun Andeetakotik).
Udaberriko solstizioan, eguzkia sartzerakoan, Kimalen itzala luze-luze egiten da, eta Domeyko mendikatetik lehen bizi zen lekuraino iristen da; Jurike kuttunaren ondoraino, alegia.
Kaixo, Xabier,
zergatik haserretu zian Laskar Jurikerekin? Galaiagoa al zian Lukankabur? Indartsuagoa akaso? Edo aberatsagoa?
Hemen gaia zegok.
Zabal bizi,
Patxi Angulo
Bistan zegok, Patxi: Laskarrek aurrez erabakia dik Kimali –edo berari– zer komeni zaion, eta ez dik onartzen abenturarik.
Ondo izan,
X.