Unamunok idatzita utzi omen zuen:
Bi gauza behintzat badira, euskaldunon asmamenari zor zaizkionak argi eta garbi: Jesusen Lagundia eta Txileko Errepublika.
Blogoeta hauetan behin baino gehiagotan atera da euskal diasporaren gaia, eta Bk Amerikan barrenako bidaia honetan egondako toki gehienetan aurkitu ditu euskaldunen arrastoak, kale izenetan, abizenetan, historiako pasadizoetan eta abar. Argentinan ere aurkituko ditu, dudarik gabe, eta itxura denez baita Txilen ere, eta ez gutxi; nahiz eta aitortu behar duen Txilera etorritako euskaldunez ez zuela beste leku batzuetara joandakoez bezain ideia argirik. Baina, diotenez, txiletarren % 10etik 20ra bitartean izango lirateke euskal abizenen bat dutenak gaur egun. Horrek ez du esan nahi Bk beste leku batzuetan baino azalpen gutxiago eman behar duenik, nongoa den galdetu eta euskal herritarra dela erantzuten duenean: ez, Txilen ez du sumatu jendearen aldetik ezagutza handiagoa gai horri dagokionez, oro har; toki guztietan bezala, badira euskaldunon berri badutenak, baina gehienek imintzio arraro batez erantzuten dute vasco hitza entzundakoan. Munduak ezagut gaitzan nahi badugu, lan asko dago egiteko oraindik.
Atacamatik hego aldera, La Serena-n egin du geldialdia Bk, kostan, Santiagora baino lehen. Berez, Vicuña izeneko herri txikira joan nahi zuen, kostan gabe barru aldean geratuz, eta handik Elquiko harana ezagutu; baina ez da garaiz ibili ostatua bilatzen, eta lotarako lekurik gabe geratu da Vicuñan (Txilen ere azaroaren 1a jai izaki, eta bezpera ere bai, jende asko mugitu da asteburu luzea aprobetxatuz).
Vicuña da Gabriela Mistralen jaioterria, eta haren museoa eta etxea bisitatu nahi zituen Bk (Gabriela Mistrali literaturaren Nobel Saria eman zioten, 1945ean). Bestalde, Elquiko haran ederra mahastiz beteta dago –haranaren sakonean soilik, mendi magalak erabat eremu baitira altuera batetik gora–, eta ardoa eta piskoa (Peruko hego aldean zein Txileko ipar aldean mahats muztioa destilatuz egiten duten pattarra) ekoizten dituzte; harana bera eta Vicuña baino dezente gorago dagoen Pisco Elqui herria ere ezagutu nahi zituen Bk.
La Serenan taxi kolektibo bat hartu, eta, bete denean, Vicuña aldera abiatu da; ordubetean-edo egin dituzte bi herrien artean dauden 60 km-ak. Vicuña herri txikia izaki, idazlearen museora abiatu da zuzenean B: itxita, funtzionarioen grebagatik. Museora bidean beste museo txiki bat ikusi du, irekita, Gabriela Mistral kalean bertan, eta hara joan da orduan.
Beste museo horren izena: El Solar de los Madariaga. Museoa ez ezik, ostatua ere bada (bi logela baino ez). Atea zabalik, zaindari itxurako gizona zegoen mahai batera eserita, igandeko prentsa aurrean zuela; hirurogeita hamar urtetik oso urrun ez zen ibiliko. Erdi lo zegoela iruditu zaio Bri, harengana joan eta egun onak eman dizkionean. Gizonak ongietorria egin dio, mahai gaineko egunkari eta aldizkariak bildu ditu; nondarra zen ere galdetu dio, eta Bk erantzun dionean esnatu da, bat-batean: «Ahora le voy a contar yo la historia del vasco José de Madariaga, que hizo construir esta casa».
Ez zen zaindaria, etxeko jauna baizik: Alberto Varas. Andreak eta biek kudeatzen dute ostatua –«¡Tenemos muy buena nota en TripAdvisor, el año pasado incluso nos dieron un diploma!»–, eta, gainera, etxetzarraren parte bat museo gisa dute atonduta, jendeari gela eta altzari zaharrak erakutsiz etxea bera mantendu ahal izateko beste diru pixka bat eskuratzearren. Eta andrea da, hain zuzen ere, José de Madariaga delakoaren alaba baten biloba.
José de Madariaga hori, beraz, XVIII. mendean etorri ei zen Arrasate ingurutik Txilera, Guayaquilen barrena, beste bost anai-arrebarekin batera; eta ondare handirik gabe, agidanez. Baina jakin zuen dirua egiten, nonbait, etxetzar hori eraikitzeko adina osatu baitzuen behintzat: txintxilla larruak Europara esportatzen hastea otu zitzaion, eta bai asmatu ere. Etxea altzari eta argazki zaharrez beteta dago, eta Albertok istorio eta pasadizo ugari kontatzen ditu, altzari eta erretratu horiekin lotuz. Hasieran B Albertorekin bakarrik bazegoen ere, berehala azaldu dira beste bisitari batzuk, eta gizonak ongi aprobetxatu du Bren presentzia noizik eta behin hari galdera batzuk eginez, eta bai euskaldun bat zer eta nolakoa den azaltzeko ere: unerik gogoangarriena, Bri bisera kentzeko eskatu dionean izan da, gainerako bisitariei azaldu nahi baitzien euskaldunon burezurraren frontisa nondik norakoa zen; ez dago esan beharrik froga betetzeko adina –eta gehixeago ere bai, aukeran– eskaini duela Bk.
Pisco Elquira igo da gero B (bitxikeria gisa, esan behar da herri horren izen zaharrari Pisco gehitu ziotela 1936an, Txilek Perurekin piskoaren jatorriaz duen aspaldiko lehian abantailatxo bat lortzearren; baina esan behar da, halaber, Pisco, berez, Perun dagoela); turistaz beteta zegoen, asteburu luzean bertan zeudenak gehi egun pasa etorritakoak. Herrian bueltaxka bat eman, zer edo zer jan, pisco sour bat (piskoz egindako konbinatua) hartu, eta oinez abiatu da, haraneko errepidean behera. Arratsaldea zen, eta argia politagoa zegoen autobusean gorantz etorri denean baino. Mahasti zerrenda berdeak kontraste handia egiten zuen mendi mazela mortuekin, eta horrexek ematen dio xarma berezia paisaiari. Montegranderaino iritsi nahi zuen oinez; hartuko zuen autobusa gero, ostera La Serenara jaisteko.
Vicuñan jaio bazen ere, Vicuña baino gorago dagoen Montegrande izeneko herrixkan eman zituen lehen urteak Gabriela Mistral olerkari handiak. Eta Montegranden hilobiratua izan nahi zuela esanda utzi zuen hil baino lehen. Han dago, beraz, haren mausoleoa.
Bk aitortu behar du ezer gutxi zekiela Gabriela Mistralez orain baino lehen. Orain ere gauza handirik ez daki, baina gauzatxoren bat edo beste ikasi ditu. Ikasi du, esaterako, Lucila María del Perpetuo Socorro Godoy y Alcayaga zela haren izena, Gabriela Mistral ezizen literarioa baino ez zela. Bere burua definitzeko, mestiza de vasco zela esaten zuela (Bk ez daki ondo nola eman hori euskaraz), eta hala idatzita utzi zuen, gainera, Tala liburuari egindako hitzaurre modukoan (Razón de este libro). Liburu horren eskubide guztiak Espainiako Gerra zela medio erbesteratuak izan ziren Euskal Herriko haurrei laguntzeko eman zituen –edo Espainiakoei, auskalo, honetan ere hainbat bertsio baitaude–, eta aipatu hitzaurrean kexu agertzen da oso bere herriarekin, Txileren jarrera ez baitzen izan, haren ustez, egoerak eskatzen zuenaren mailakoa (hau ere jatorrizko testua da, euskaratu gabe):
Es mi mayor asombro, podría decir también que mi más aguda vergüenza, ver a mi América Española cruzada de brazos delante de la tragedia de los niños vascos. En la anchura física y en la generosidad natural de nuestro Continente, había lugar de sobra para haberlos recibido a todos, evitándoles los países de lengua imposible, los climas agrios y las razas extrañas. El océano esta vez no ha servido para nuestra caridad, y nuestras playas, acogedoras de las más dudosas emigraciones, no han tenido un desembarcadero para los pies de los niños errantes de la desgraciada Vasconia. Los vascos y medio vascos de la América hemos aceptado el aventamiento de esas criaturas de nuestra sangre y hemos leído, sin que el corazón se nos arrebate, los relatos desgarrantes del regateo que hacían algunos países para recibir los barcos de fugitivos o de huérfanos. Es la primera vez en mi vida en que yo no entiendo a mi raza y en que su actitud moral me deja en un verdadero estupor.
Aurrerago, berriz, Unamunorekin bat eginez, dio Txile dela, Amerikakoen artean, herririk euskaldunena: Al cabo, Chile es el país más vasco entre los de América.
Dudarik ez duk Barandiaranen katebegi galdu ohiaren laginik hoberena izango zutela piskotar horiek. Hunkigarria benetan orduko errefuxiatuena. Txilen egon ginenean hau kontatu zigutean: “Argentinoak italiarrak dira, hain zuri-faltsu-berritsuak; gu, ordea, euskaldunak (baskoak), eta horregatik gabiltza elkarren kontra beti borrokan”.
Bai, benetan hunkigarria Espainiako gerrako errefuxiatuena. Nerudak ere lagundu zian horretan, eta, 1939an, Parisen kontsul zela, Winnipeg itsasontzia pleitatu, eta 2.200 bat errefuxiatu Frantziako esparruetatik Txilera ekartzeko modua egin zian. Horrela idatzi zian orduan: Que la crítica borre toda mi poesía, si le parece. Pero este poema, que hoy recuerdo, no podrá borrarlo nadie.