Hiru bat ordu eman ditu Bk Santiagoko hilerrian. Domu Santu eguna tokatu da, eta animatua zegoen, izan ere.
Oraingoan ez ditu bertako hilobietan ikusitako euskal deiturak zerrendatuko: Guayaquilen asko baldin baziren, hemen askoz gehiago; bego horretan. Gaurkoan, hitz gutxi behar duten argazki zenbait ekarri ditu, kanposantuan nahiz Memoriaren Museoan atereak, besterik gabe (ikusteko eragin egin behar zaio, ez dira automatikoki pasatzen).
Hilerriek asko dakite Historiaz… eta historiez.
Hilerrira baino lehen Monedaren Jauregi inguruetan ibili da B, zaintzan zegoen karabinero batek guardia aldatu ondoren jauregia agian irekiko zutela esan baitio, bisitatzeko aukera emango zutela. Guardia aldaketa osoa irentsi eta gero, baina, ezetz esan dute, ez zutela irekiko (karabineroak zioenez, Bachelet presidenteak berak erabakitzen omen du, egun batzuetan, jauregia bisitentzat zabaltzea, eta beste batzuetan ez; ba ote?). Jauregiaren aurrean, tokirik ospelenean, egia esateko, Allende presidente ohiaren eskultura handi bat dago –guardia aldaketa bukatu denerako ia eguerdia zen, eta artean itzaletan jarraitzen zuen–, eta Bk aitortu behar du ilea laztu zaiola haren ondora hurbildutakoan, 1973ko iraileko irudiak eta gertaerak gogoan.
1973ko iraila izango zen, urria gehien jota. Hamasei urte Bk, Peñaflorida institutuko ikasle. Gogoan du nola ikastetxetik irten eta Sancho el Sabio kalean barrena joan zen, alde guztietara begira, atzetik segika baten bat ote zetorkion ere. Hitzordua Sancho el Sabioko etxe batean zuten, kalearen hasiera samarrean, arratsaldeko seiak aldera, oker ez badago. Atzetik inor ez zetorkiola egiaztatu eta gero, atari dotore hartara sartu zen, eta eskaileretan gora jo zuen. Hura izango zuen, inondik ere, bere estreinako bilera politikoa; eta klandestinoa, jakina. Institutuko ikaskide baten etxean bildu ziren; mutil haren izenik ez du jada gogoan –institutu garaitik ez duela berriz ikusi esango luke–, ezta bilerara beste nor etorri zen ere. Gai nagusia garaian bizi zen egoera politikoa zen –politik egoera, orduan esaten zen bezala; ez zuen inork artean zabaldu, nonbait, euskaraz adjektiboak izenaren atzetik behar duela–, eta, batez ere, Txilen gertatutakoak zer garrantzia zeukan, eta nola erantzun behar zitzaion diktaduran bizi ginen beste herri batetik. Oso gogorapen lausoak dira, jakina, ez dira alferrik joan joan diren urte guztiak, baina bi gauza oso gogoan ditu. Bata, tipo haren etxeko egongela bera, hura ez baitzen Bren eta Bren lagunen etxeetakoa bezalakoa, hura ez zen langile familia baten etxea: hango altzari ilunak, sofa eta tapizak, errezel bikoitzak, lanparak, paretak janzten zituzten paper dotorea eta koadroak… ez ziren Bren sozial mailakoen etxeetakoak bezalakoak. Eta bestea, tipo haren planteamenduak ez zetozela bat Bk garai hartarako jadanik zituenekin: han ez zegoen Euskadirik, han planteamendu espainolista hutsa zegoen… Aise irudika dezake mutil hura garai haiek bizi izan zituen edonork: pastazko betaurreko biribilak; mintzatzeko modu berezia, misteriotsua, limurtzailea; hamasei urte izanagatik, marxismo kontuetan oso jantzia, erruz irakurritakoa; PCEko bat, segur aski, hitz gutxitan esanda –edo EMK izan aurreko MCEkoa, agian–. Bilera hura gogoan ondo iltzatuta geratu zitzaion Bri, eta oroitzapenok berritu zaizkio, kantak dioen bezala Santiago odolduko kaleak ostera zapaltzean.
Memoriaren Museoa bisitatu du biharamunean. Museo bikaina, goi mailakoa. Gogorra, tristura zamatxoa gainean hartuta irten da, han eman dituen hiruzpalau orduen ondoren. Eta ideia bakarra buruan: zein ondo muntatu zuten trantsizioa Espainian, a zer ziri puska sartu ziguten denoi!; amnistia lortzen genuelakoan harro, ez ginen jabetu ere egiten faxistak beren bizkarrak gordetzen ari zirela lege haren bitartez. Hango diktadura 40 urtekoa izan zen, trantsizioak beste 40 bete ditu jada (Txilen 17 urteko diktadura, eta beste 26 joan dira geroztik)… eta oraindik ez dago, estatu osoan, hau bezalako museorik inon.
Kaixo, Xabier,
zirraragarria izan behar dik, benetan, hor egoteak, gertaera historiko triste haiek gertatu zitian lekuan bertan. Allende, Jara… aspaldiko kantuen bidez gogoratzea, eta gaztaroko bizipenak burura ekartzea bat dituk. Eta, denboraren eta distantziaren elipsea eginez, berriro bizitzeak ariketa polita izan behar du.
Yo pisaré las calles nuevamente….
Segi bizitza zabaltzen,
Patxi Angulo
Bestalde, hik esaten duk, eta hori duk esan ohi dena, diktadurak 40 urte iraun zuela eta trantsizioak beste horrenbeste daramatzala. Nik nire bertsioa zeukat: 40 urte gerrak iraun zian, gogoratu azken uneraino erail zuela. Eta ondoren darmatzaguna gerra ondokoa da.
Beldurraren ixiltasuna nahikoa ez eta ahanztura denboraren poderiozz ezarri nahi ditek. Lotsagarria PSOEren eta PNVren ixiltauna urte horietan guztietan. Non utzi dute beren hildakoen memoria? Ez ditek lekuko bizirik nahi eta denbora pasatzen utzi ditek. Agian, horrela uler daiteke elkarri laguntzeko duten joera.
Zabal bizi,
Patxi Angulo
Kaixo, Patxi:
Nire testuaren bukaera irakurrita, batek pentsa lezakek Txileko trantsizioa eredugarria izan dela, Espainiakoaren aldean sendoagoa. Ez nian horrelakorik adierazi nahi; izan ere, batek baino gehiagok esan zidak hemen diktadura indarrean dagoela, botak jantzita dabiltzala txakurrak oraindik… Ni museoan egon ninduan, eta txundituta atera, besterik ez.
Eta hire bertsioa dela-eta, zer esango diat: trantsizio edo gerraondoko edo dena delako horretan ere makina bat jende hil zuan, arrazoi politikoak medio. Beste batzuek, 1936ko gerra karlistaden jarraipena izan zela esango ditek… Laurogei urte joan dituk, eta fusilatuen eta bestela asasinatuen gorpuak ateratzen ari dituk oraindik, ezkutatu zituzten zuloetatik! Beldurraren hankapean denbora larregi egon gaituk, eta denborak dena lausotzen dik. Horregatik dituk inportanteak Santiagon dagoen museo hori bezalako ekimenak, ahanzturari aurka egiteko.
Hala duk, Xabier, ez Txilen ez Argentinan ez ziotek buelta eman egoera horri. Baina, auzo lotsa ematen dik ikusteak gauza batzuk egin dituztela, hemengo “demokrata finek” 40 urtean ezer egin ez dutenean. Eta aurpegia izan behar dik esateko denborak arrazoia eman diela.
Eta hor zeudek maputxeak!