Afaldu ondoren Los pozones izeneko termetan egon haiz, ur epeletan sartu eta goxo-goxo. Gaueko hamarrak inguru dituk, ostaturantz hoa; egun luzea izan duk –bidaiako guztiak bezala, a zer nobedadea!–, eta nekatuta hago.
Halako batean sumendiari erreparatu diok, egunean zehar hainbatetan bezala: baina zer demonio da gailurreko argi gorrizta hori!? Ez duk posible, iruditu egingo zitzaian! Ilargia betetzen ari duk (atzendua huen hego hemisferioan buruz behera hazten dela gaueko amandrea), izartuta zegok, eta, gaua izanagatik, ondo bereizten duk soineko xuriz jantzitako mendiaren kono ia perfektua; eta, tontorrean, bihotzean gordetzen duen suaren goria. Betaurrekoak jantzita argiago zegok: kea den tokian sua izaten baita, ilunpeak salatzen dik zerk sortzen duen sumendiak egunez arrandiaz erakusten duen ke motots luzea.
Leher eginda hago, hotz egiten dik… halakorik ez duk sekula ikusi, ordea, eta auskalo noiz ikusiko duan berriz.
Kamera atera duk motxilatik; bisorea elektronikoa duk eta ez duk piperrik ikusten, ezta sumendiaren forma koadroan behar bezala kokatzeko ere. Kaka zaharra! Probak egiten hasi, eta ohartu haiz enfokatzeko botoia sakatutakoan argi izpi bat –sumendiaren tontorrekoa– igartzen dela kamera txatxu horren bisorean: gaitz erdi! Aurrena tripoderik gabe ekin diok, arrastorik ere ez baihuen zenbateko esposizio denbora beharko zuen argazkiak. Aurreneko saioak porrota izan dituk, etsitzeko zorian egon haiz. Baina, halako batean, irudi mugitu bat azaldu duk kameraren atzeko pantailan: sumendia, su mendia! Argazkia egitea posible duk, beraz, animo!
Automatikoki fokuratzeko argi nahikorik ez zegok, jakina, eskerrak eskuz fokuratzea badagoen: ∞. Beharrezko esposizio denbora neurtzeko modurik ere ez daukak, hainbat saiakera egin beharko dituk. Bidaia osoan motxilaren hondoan dabilen tripode eskasa atera, eta langa baten goiko hagari lotu diok, nola edo hala; haizea zebilek, ordea, eta boladatan indartsu: bi eskuak erabiliz babestu beharko duk kamera, mugi ez dadin esposizioak dirauen denbora guztian. Urruneko kliskagailurik ere ez daukak, automatikoarekin moldatu beharko duk.
Azkenean, pozik egoteko moduko zerbait lortu duk, hala uste duk behintzat. Ez dik izugarrizko kalitatea, egia esan, baina une horren magia eta lilura gordetzen dituela iruditzen zaik. Ia hamaikak dituk, orain arte ez haiz ohartu ere egin dardarka hengoela, hotzak akabatzen: trasteak bildu eta segi lotara! Nor bere zoroak bizi omen dik, eta halaxe hi ere: zer hobeto denbora norberari gustatzen zaion horretan ematea baino, haren joanaz ohartzeke, eta, oraingoan behintzat, beste inori gogait eragin gabe?
Ohar teknikoa: Aipatutako argazkia honen aurreko blogoetan argitaratutakoa da (Bihotzean sua): 2016-11-09ko 22:42an lortua, Olympus Stylus 1s batekin, RAW moduan; ISO 100, diafragma F2.8, eta kameraren obturadorea 60 segundoz zabalik utzita.
Sumendi horrek Ruka Pillañ dik izena, mapudungunez (maputxeen hizkuntza), eta Villarrica, gaztelaniaz. Santiagotik hego aldera zegok, 750 km-ra gutxi gorabehera, Araukanian; 2.860 m-ko altuera dik (1.575 m oinarritik). Txileko aktiboenetako bat duk, eta azken erupzio indartsua 2015eko martxoan izan zian; kraterrean 50 m-ko diametroko magma lakua zegok, beti bor-bor.
Ruka Pillañ, pillañ-en etxea. Pillañ bat, maputxeentzat, jainko edo espiritu bihurtutako gizakia duk, gizonezko arbaso bat. Sumendia, berez, naturaren izpiritu nagusi batek gobernatzen dik, ngen delako batek, eta harekin batera pillañ asko bizi dituk, honetan behintzat. Maputxeen arabera Ruka Pillañ sumendi onbera duk, amets onuragarriak eta eguraldi ona ekartzen dituena.
Sumenditik gertuen dagoen Pucón herrian bizi den Lalok kontatu dik 2015eko martxoko erupzioa gertatu zenean oso jende gutxik alde egin zuela herritik, nahiz eta sumendiaren ahotik gora suak, lavak eta keak osatutako zutabea sumendia bera baino garaiagoa izan; inguruetan bizi diren maputxeek ondo ezagutzen ditek, eta ez omen dituk herritik joaten. Diotenez, beste batzuek ez bezala tximinia ondo eratuta daukanez, oso erupzio ordenatuak egiten ditik, laburrak eta lehertze kaotikorik gabekoak, eta, horregatik, gora botatzen duen guztia berriro gainera erortzen zaiok, konoaren magaletik behera labaindu ahala atzera hoztuz.
Hiru egun eman dituk Pucónen. Sumendia, aurreko herrira –Villarricara– iritsi baino lehen ikustatu huen estreina, artean Pucónera iristeko kilometro dezente falta zirela. Aho zabalik geratu hintzen, egia esan: ordoki zabal haren nagusia zirudian, jaun eta jabe bakarra. Aurreraxeago, Villarrica lakuaren ertzetik ikusi huen ostera, eta han are zirrara handiagoa sortu zian. Inguruotan ibilitako denboran heure jabe ere izan duk sumendia, haren peskizan ibili haiz eguna joan eta eguna etorri –horixe dik maitemintzeak!–. Liluramendu horren erakusgarri, bada, hona hemen argazki sail bat, non gai eta modelo bakarra Sumendia baita.
Oharra: Ruka Pillañ-en 2015eko erupziotik bizpahiru astera, Pucónetik 200 km baino gehiagora dagoen Calbuco sumendiak izan zuen erupzioa, eta haren hautsak eta zikinak erabat estali zituzten Pucóneko kaleak, eguerdi betean gaua egiteraino. Askoz kalte gehiago izan ziren orduan, etxeko sumendiaren erupzioaren kasuan baino: hildako pertsonak (arnas arazoak zituztenak, batez ere), etxeko animaliak, autoak eta abar.