Duela hiru egun sartu hintzen Argentinan, eta haragia jateko gutixia sortu zitzaian, hain duk sonatua hemengo okela. Baina dezepzioa handia izan zuan lehen saioan.
Barilochera heldu bezain laster, bada, puskak ostatuan utzi eta afaltzera joan haiz; eta okela eskatu duk. Orain arteko –bidaia osoko– haragi puskarik exkaxena atera diate: 8 cm diametro eta 1 lodi, plateraren erdian xoil-xoil eta triste, azenario xerratxo bat inguruan duela, satelite moduan. Eskasena ez ezik, eginegia zegoan, gainera… eta garestia.
Hori duela bi egun izan zuan. Gaur, berriz, hobeto begiratu duk, eta beste leku batera joan haiz, ea suerte hobea zegoen. Lehen inpresioa bera bestelakoa izan duk, jangelan sartu orduko: upelarik ez zegoan, baina, gainontzean, sagardotegi itxura zian hark, jangelan bertan ari zituan okela erretzen, jendaurrean, parrila handi batzuetan; eta jende –turista– asko hurbiltzen zuan, segapotoa eskutan, argazkiak ateratzera. Tira, primeran afaldu duk –gehitxo, aukeran, haragia ederra zegoan eta–, baina ez duk hori, berez, blogoeta honen gai nagusia.
Blogoeta honen gaia aldameneko mahaikoek eman diate. Hasiera-hasieratik eman diate arreta, eta haiei begira jarri haiz: mutil bat eta bi neska, gazteak hirurak ere. Eta askotan bezala, eta batez ere bakarrik haizen gehienetan bezala, ingurukoen nondik norakoak irudikatzen eta asmatzen hasi haiz: nor demontre ote dira, zer harreman klase ote dago haien artean, zertan ote dabiltza hemen…
Mutila txoropito hutsa iruditu zaik hasiera-hasieratik, baba lore oilartu bat. Haserretzeko zorian ere jarri hau halako batean, barreak eta algarak hiri begira egiten zituela iruditu baitzaik… Baina ez, beste zerbaitegatik ari zuan, argi geratu ez bazaik ere zergatik.
Barre eta algara nabarmen haiek, mukuru betetako jangela hartan, lekuz kanpokoak zituan inondik ere, eta esango huke ez hintzela hi bakarrik haiei begira geratu dena; baina, tira, mahai gehienetan bi edo gehiago zirenez, errazago zitean disimulatzea, beren solasari jarraitzea… Bakarrik dagoenak, aldiz, ez dik beste zereginik eskatutakoa ekartzen dioten bitartean, eta egun osoa sega potoari begira egotea ere ez duk fundamentua, ez dituk hainbeste mezu iristen egunean zehar.
Hirurak gazteak zituan, bada. Mutila, itxura onekoa, bixar izpi batzuk kokots azpian, eta, esan bezala, harroputz samarra; harroputz hutsa, hobeto esanda. Aldamenean zuen neska, beltza, oso beltza; mutilaren ateraldiek grazia handia egiten ziotean, nonbait, eta hura bezala algaraka zegoan denbora guztian. Bien parean, berriz, mahaiaren beste aldean, beste neska, azal argikoa, begi ilunekoa. Non demontrekoak ote dira turista ez-ohiko hauek? Estatubatuarrak? Ez. Europarrak? Ez. Australiarrak? Ez. Espainolak ere ez. Egiten zuten hizkuntza ere ez zuan bidaian aurkitutako jendeek egiten dutenetakoa.
Hizkuntzak arabiera behar dik, hori erabaki duk azkenean. Mutila, berriz, Bahrain, Kuwait edo Dubaiko xekeren baten semea, olio dirutan murgildutako ume kapritxosoa: Hassan, eman dezagun. Eta bi neskak –Radhiya eta Tahira– haren emazteak, jakina.
Hipotesia egin eta gero, baieztatzea falta zuan, baina galdetzea ez zuan aukera bat, noski. Adi jarraitu diek –hire mahaia ia haienaren ondoan zegoan, metro eskas batera–, eta Hassanen hasperen eta eztarri hots hahakariek ez zitean zalantzarako tarterik uzten: arabiera zuan. Egia esan, mintzo, mutila bakarrik mintzo zuan: Radhiyak barre egiten ziean haren ateraldi guztiei, baina esan, gutxi esaten zian; begi ilunekoak, berriz, Tahirak, triste samar zirudian, ez zian txintik ere ateratzen. Gauean ez zitzaiola berari tokatuko otu zaik, beltzaren txanda izango zela gaur.
Halako batean, beste zerbait okurritu zaik, hipotesia baieztatzeko: alkoholik edaten al dute? Jangela bete-beteta zegoan, eta mahai guztien gainean ardo botila ikusten zuan, tente; xeke-umea eta haren emazteak zeuden mahaian, ordea, hiru coca-cola ageri zituan.
Listo, istorioa osatuta: ezertan asmatu ote duk? Atera dizkiaten bi okela puskak jan dituk, entsaladarekikoak ere egin dituk; ardo botila txikian (37,5 ml) ez duk asko geratu. Bihar mendira joateko, hobe izango duk goiz oheratzea… beste horiek ez ditek halako presarik izango, seguru asko.
Kaixo, Xabier,
okela entsaladarekin eta patatarik gabe! Ez noak.
Eta istoriari helduz, ez diek ikusi turbante mutilari eta burka neskei? Bestela, begira hezakeen mutilak adarrak eta buztanak zituan; edo hiri botatako begirada ez ote zian ba izango gorrotozkoa?
Agian, hortik hasiz gero, errazagoa izango zen asmatzea.
Ez zekiat,
Patxi Angulo
Ba ez, gorrotozko begiraturik ez… Baina tipoa hassan ezina zuan 🙂 , ez zuan erraza izan afari osoan haren algara ozenak entzun beharra!
Eta ez apuratu, patata frijituak ere ateratzen ditiztek-eta, nahi izanez gero (eskatu gabe ere bai, gehienetan).