Blogoeta hau idazten hasi zenean, duela egun batzuk –bi astebete ia–, bidaiaren azken laurdena geratzen zitzaiola ohartu zen B. Orain gutxiago falta du, hilabete baino ez, laster.
Horrek esan nahi du amaiera data ezarri diola, eta itzultzeko txartela ere erosita daukala. Halaxe da: dena ondo, Buenos Aireseko Ezeizako aireportutik abiatuko da bueltan, abenduaren 22an. Txartela erosi zuela bada hilabete baino gehiago, eta horri esker ibili da lasaiago azken mugak pasatzerakoan.
…
Azken laurden hori orain artekoa baino zehatzago planifikatu behar izan duk, eta bitxia egin zaik hori. Bidaia aldatu egin dela sentitzen duk, baina ez dakik ondo nola azaldu. Bidaiak hasieratik izan dik bukaera, hori hala duk; baina bukaera horrek orain beste izaera bat dik, zehatzagoa den neurrian bukaerago balitz bezala.
Datorren hilabetean zer egingo duan, nondik nora ibiliko haizen, egunez egun, esan dezakek ia. Eta hori ez duk horrela izan orain arte. Bestalde, geratzen den zatia —eta bai aurreko bi asteak ere— nolabait desberdina duk, opor usain handiagoa dik orain artekoak baino; bai, badakik askok honezkero muturra okertu duela hori irakurrita, baina hala sentitzen duk hik, nahiz eta, esan bezala, zaila izan azaltzeko.
Pucón aldean mendian ibili hintzen, Barilochen ere bai. Gaur El Calafate-ra ailegatu haiz, Perito Moreno glaziarra –zenbat urte hona etorri eta leku hori ikusi nahian!– 80 km-ra zegok. Bi egun emango dituk hemen gutxienez, baina oraindik ez duk pentsatu zer txango egin edo nola. Hemendik El Chaltén-era joango haiz, eta han ere mendian ibiltzea duk plana. El Chalténetik atzera Txilera pasatu eta Torres del Paine-ko Parke Nazionalean zeharkaldi bat egingo duk, 4 egunekoa. Eta hortik aurrera, Punta Arenas, eta gero berriro Argentinara, Ushuaiara.
Ushuaia? Bai, lehen blogoetan aipatutako Ushuaia hura. Honezkero, helduko haizela ematen dik. Heure burua engainatzen abila haiz, gero!: inork sinetsiko ote du hasiera-hasieratik ez zegoela hori hire buruan, haraino ailegatzearena, alegia?
Baina lehen blogoeta hartan esaten huen bezala, Ushuaia oso-oso urrun zegok Ternuatik, eta sei hilabete ez duk hain denbora luzea. Hori horrela izanik, eta atzera begira jarrita, ez ote haiz azkartxo ibili? Bai, seguru asko. Hainbeste leku, hainbeste jende, hainbeste kultura eta bizimodu desberdin ikusi dituk hire aurretik, pasaeran bezala… Batzuei buruz idatzi duk zertxobait blog honetan; beste batzuei buruz apunte soilak besterik ez daukak, landu gabe. Sakondu, ez duk ezertan sakondu… baina horretarako bizitza osoa behar litzatekek (atzo estatubatuar bati entzun hioan, autobusean, mantso bidaiatzea gustatzen zaiola, Barilochen bi hilabete emateko asmoa zuela, eta egin nahiko lukeen guztia egin gabe bueltatu beharko zuela etxera; hik hiru egun eman dituk, eta beste leku batera mugitu haiz). Edonola ere: azkar edo mantso, oker edo zuzen, egindakoa eginda –eta egin den bezala– zegok; eta ez haiz damutzen, pozik hago.
Bidaian sumatutako aldaketa hori blogean ere gertatu dela iruditzen zaik. Alde batetik, azken egunetako jardunak ez dik ematen idazteko gairik; edo etorria agortu zaik bestela. Bestetik, nekatuago ere oheratzen haiz, mendian ibili eta gero batik bat, eta sarrerak lehen baino tarte handixeagoz argitaratzen ari haiz. Hemendik aurrera, abuztualdian bezala, argazki gehiago eta testu gutxiago izango direla esango huke, baina auskalo.
…
Bk hasieran zioen ez zuela oso argi bidaiaren helburua, motibazioa. Egin nahi zuela, bai. Orain, ia burutu duenean, egindakoak erakutsiko ahal dio nora edo zertara iritsi nahi zuen!
Bidea bera da garrantzitsua, ez helburua… hala zioen Kavafisek. Bidaian ikasitakoak balio du, hartutako eskarmentuak, batzuekin eta besteekin jardun izanak, erori eta altxatu garela jakiteak. Eta aldatu garela jakiteak.
Bego honetan, oraingoz, gehiago filosofatu gabe.