Abenduak 4
Egunsentia ikustera jaiki haiz, goiz samar. Hi baino lehenago mugitutako argazkilariak bazituan gaur ere, beren tripodeak jarrita, goizeko lehen argiek emango zuten jolasaren zain. Eguzkia laku aldetik irten duk, eta aterpe ondoko menditzarrak argituz joan duk ezari-ezarian. Gero lainotu egin dik, baina eguerdirako eguraldi bikaina zegoan, lau egun hauetako onena inondik ere.
Oso bide luzea egin duk gaur, azken zatia Pepe valentziarrarekin. Ondo aurkitu duk heure burua, baina egunaren bukaeran nekatuta hengoen, 30 km ibili ondoren.
Gaurko izarra Grey glaziarra zuan, eta ederki ikusi duzue. Lagun batek esan zian bezala, Perito Moreno ikustea bezala duk, baina hona oinez etorri beharra zegok, ez duk autobusa iristen bertaraino; eta heure kasa iriste horrek beste zera bat ematen ziok, egindako ahaleginaren sari bihurtzen dik.
Paine Grandetik atera eta bideak gora egiten dik pixkanaka-pixkanaka, erreka zulo batean barrena. Glaziarra ez duk ikusten, harik eta begiratoki bat dagoen tontorra gainditu arte. Handik aurrera, glaziarra bistan egongo duk ibilbide osoan, eta ikuspegi desberdinak eskainiko ditik.
Jende asko lehen edo bigarren begiratokian gelditzen duk, lasai-lasai, baina beste asko Grey aterperaino joaten dituk. Lo egin duzuen Paine Grande-tik Grey aterperaino 11 km zeudek, eta, lotarako Grey-n gelditu ezean, beste 11 egin behar dituk atzera Paine Grande-ra itzultzeko.
Hala ere, eta eguraldi bikaina zegoela aprobetxatuz, Peperekin batera aurrera egin duk, bigarren zubi esekiraino (beste 4 km, gutxi gorabehera). Hango ikuspegia desberdina duk, zubi eseki hori glaziarraren muturraren gain-gainean geratzen baita, altu samar bada ere. Handik hobeto hautematen duk bi mihiko glaziar horren erraldoia, izotz ibai geldo horren handitasuna.
Buelta azkar samar egin behar izan duzue, Puerto Natales-era itzultzeko bide luzearen lehen etapa katamarana hartzea baita, eta azkena 18:30ean irteten duk Paine Grande aterpearen ondotik. Garaiz ailegatu zarete, ordu erditxo bat izan duzue oraindik laku ertzean oinak bustitzeko; oinak baino ez, desizozte ur hauek hotzak baitira oso bertan igerian hasteko. Katamaranetik ikusten den panorama atzo baino ederragoa iruditu zaik, arratseko argiak gaur hobeto nabarmenarazten ditik menditzar hauen formak eta bolumenak.
Ibilaldian ezagututako batzuek beste egun bat geratzeko plana egin ditek, eta Grey aterpean gelditu dituk. Gehienok, baina, itzuli egin zarete Puerto Natales-era, eta posta eta Facebook helbide (bai, zenbat aldiz esan behar izan ote duk ez duala Facebook usatzen?) eta telefono zenbakiak trukatu eta gero, elkarrekin zerbait hartuz bukatu duzue. Goizeko ordu bata zuan ostatura sartu haizenerako, hankak arrastaka baina gustura.
Oharra: Argazkiak badira, noski, baina aurrerago argitaratuko dira, beste sarrera batzuetan.
Bigarren oharra: Biharamunean, alokatutako motxila itzultzeaz batera, hiri aterpeetako eta garraio erreserbak egin zizkian Fantástico Sur agentziaren bulegotik pasatu haiz, kontu batzuk komentatzera. Oso erantzun ona jaso duk, eta, espero ez huena, itzuli egin diate zubia zela-eta hartu behar izan zenuten autobusaren eta katamaranaren txartelengatik ordaindutakoa; mezu bat idazteko eskatu diate ordainetan, izan ziren akats eta gabezien berri emanez.
Kaixo, Xabier,
hi mendi zoragarri horietan eta gu gure ohiko bira kultural-gastronomikoan Bizkaia aldean.
Inoiz ez nautek erakarri ez Txilek ez Argntinak; baina, onartu behar diat asko gustatu zaidala natura.
Herrietaz zer konta dezakek? Egun hauetan ikusi diagu El ciudadano ilustre, Argentinako pelikula, eta herri bat agertzen duk; ez zian oso itxura polita, hobe esanda, herri itxurarik ere ez zian. Herria Buenos Airesetik 200 bat kilometrora zegoan. Zer moduz hegoaldekoak?
Eta jendea? Ondo ulertzen diek hizkera?
Surik ikusi al duk Suaren lurraldean?
Ondo segi,
Patxi Angullo
Oso herri interesgarririk ez diat ikusi, egia esan. Argentinan Bariloche (turistikoa), Calafate (oso turistikoa, Perito Moreno-ren mende erabat) eta El Chaltén (1985ean sortutako herria, mendizalez betea). Txilen, berriz, Puerto Natales (Torres del Paine parkearen atari) eta Punta Arenas. Azken horrek interes gehixeago, historiaren aldetik. Baina, dioan bezala, Patagoniaren balioa naturan zegok, izugarria duk alde horretatik.
Eta Suaren Lurraldeko suaz zer esan!, uharte horretan sua pizten zutenak aspaldi itzali zituan (itzalarazi zitiztean, hobeto esan). Oso tristea Patagoniaren historia, XIX. mendearen bigarren erdialdean eta XX. mendearen hasieran behintzat.
Nire kasuan Wrako zein aterpeetako tokirik ez, karparena ere baztertuta. Adina. Oso eguraldi txarra eta ibiltzeko egokien izotzetn uhartea, Grey lakuaren ertzean, glaziarretik hamapiko km.tara. Glaziarra nekez ikusten da, Paineko adarrak erditik behera, baina icebergen urdina haluzinantea da!
Bidali argazkiren bat, izotzaren urdin hori ikusgarria izango da, ziur. Ondo segi, besarkada bat.
X.
Oharra: Zure iruzkin hori ez zen automatikoki argitaratu, posta helbide gisa inaki.alegria@gmai.com (sic) jarri zenuelako (neuk zuzendu dut gero, erantzun hau behar bezala irakurri ahal izan dezazun).