Somos mapuche, ni indígenas ni pueblo originario.
Maputxe herriak ez ditu etiketak maite: maputxe dira eta kito! Maputxe herriaren historiari buruzko webguneren batean irakurri du esaldi hori Bk, eta bueltaka dabilkio harrezkero buruan. Eta hitz maltzurren inguruan hausnarrean hasi da: etniko, indigena, indio, natibo, jatorrizko, aborigen, autoktono, bertako…
Maputxeek egindako musika musika etnikotzat salduko digute; ez hala, ordea, frantsesen edo espainolen musika. Mikel Laboaren musika, etnikoa al da? Zergatik? Etnia, berez, hiztegiaren arabera, “kulturaz eta hizkuntzaz batasun bat osatzen duten gizabanakoen multzoa” da. Frantses etnia esaterik badago, hortaz… Baina zergatik ez da esaten?
Indigena, hiztegiaren arabera, “toki bateko berezko etnia edo herriko kidea” da. Berezko? Noiztik berezko? Maoriak Polinesiatik etorri ziren Zeelanda Berrira, eta 800-900 urte eskas daramate bertan: esan al liteke berezkoak direla Zeelanda Berrian?
Jatorri, hiztegiaren arabera, “gizaki edo talde baten arbasoen abiapuntua” da. Noraino egin behar ote da atzera, arbasoen katean, pertsona bat leku batean jatorrizkoa den edo ez erabakitzeko? Antzekoa gertatzen da aborigen hitzarekin: “Toki bateko jatorrizko etnia edo herriko kidea”, non jatorria tartekatzen baita definizioan. Azter dezagun pixka bat munduan nori esaten zaion aborigen, eta pentsatu zergatik erabiltzen den terminoa horiekin eta ez beste batzuekin.
Baina gatozen hitzetatik errealitateetara. Amerika osoan XVI. mendetik aurrera bertan bizi zirenekin zer gertatu zen badakigu: leku batzuetan, denak garbitu zituzten; beste leku batzuetan, ordea, ezin izan zuten, asko zirelako, edo hobeto babestu zirelako, edo oihanean eta mendian ezkutatu zirelako. Esklabotza eta zapalkuntza orokortua etorri ziren gero; eta egoera horren ondorengoak indarrean daude oraindik.
Bidaian dabilenak aurkituko du han eta hemen informazioa. Iraun duten herrien kasuan, haien artisautza lanak, folklorea, tradizioak, etxeko gauzak eta tresnak, ohiturak, antzinakotasuna nabarmentzen dira; gutxiago haien hizkuntza zail eta bitxiak, egungo egoera, erresistentzia eta borroka pasarteak, independentzia eta bizi nahiak.
Patagonian, baina, sarraskia ia erabatekoa izan zen, eta XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran gertatu zen, bai Argentinaren aldean eta bai Txilerenean. Argentinarrak eta txiletarrak jabetu zirenean Patagoniako lurrak abelazkuntzarako onak zirela, konkistatu egin zituzten, bertan bizi zirenei kenduz; eta lurrok hesitu eta partitu egin zituzten gero. Tehuelche, aonikenk, kaweshkar, yagan, selknam edo ona… herriak bizi ziren hemen.
XVI. mendean Kuban garbitu zituztenen kasuan ez bezala, ordea, Patagoniakoen kasuan argazkiak daude, bideo zatiak, audioak… Museoetan daude (burezurrak, adibidez, neurriak eta guzti; baita berez momifikatutako gorpu kuzkurtu bat ere, bitrina batean sartuta), zuri-beltzezko postaletan ageri dira (ez ziren koloretako argazkigintzaren arora heldu); “Arbasoak” izeneko parke tematiko etnikoetan (sic) daude ikusgai. Bere garaian Europara ere eraman zituzten, kaioletan, Parisen 1898an izan zen Esposizio Unibertsalera, esaterako; asko han edo bidaian hil omen ziren. Eta istorio lazgarriak kontatzen dituzte hemen garai horretan gertatu zenaz.
Aipagarria da José Menéndez Menéndez (1846-1918) asturiar etorkin txiroaren historia. Gizon hori Buenos Airesen barrena heldu zen hona, irakurtzen eta idazten juxtu, eta aritmetika pixka bat baino ez zekiela, María Behety Chapital guraso euskaldunak zituen uruguaitarrarekin ezkondua. Eta dirua egin zuen erruz, ondare latza osatu zuen, ardi eta behi hazkuntza, eta itsas garraioko negozioen bitartez, batik bat. Alaba Mauricio Braun enpresari ahaltsuarekin ezkondu zitzaion (edo zuen), eta suhiarekin batera Sociedad Explotadora de Tierra del Fuego (SETF) enpresa indartsua eratu zuen.
Inork ez du zalantzan jartzen orain gizon horrek –Patagoniako Errege esaten zioten, eta hala esaten zion bere buruari– nola osatu zuen dirutza hori, nola jabetu zen halako lur sail eta eremuez (SETFren garaian, Suaren Lurraldeko uharte handian bakarrik, 1.359.000 ha edukitzera iritsi zen). Suaren Lurraldean selknam edo ona herria bizi zen; historialariek diotenez, XIX. mendearen azken hamarkadetan 3.000-4.000 inguru ziren. Eta jende guztiak daki lur jabe handiek indio-ehiztariak baliatzen zituztela, eskuratu nahi zituzten lursailetan enbarazu egiten zietenak paretik kentzeko. Ehiztariak belarria ekarri behar zuen indioa akabatu izanaren frogagarri; gero, belarri bakarra eskatuta iruzur aise egiten zutela ikusita, bi belarriak eskatzen zizkieten; eta azkenik burua, indioek bizirik uztearen truke belarria moztea onartzen zutela susmatuta. Harrapakina emakumea bazen, hobeto ordainduko zioten, gainera. Ehiztariek harro asko betetzen zuten lan zikin hori: haietako batzuen izen-deiturak ezagunak dira (Alexander McLennan, José Díaz, Kovasich, Alverto Niword, Sam Ishlop, Stewart…), badira bideo sekuentziak non ikusten ahal den nola jarduten zuten, eta abar.
Suaren Lurraldeko selknam edo ona herriarekin gertatutakoa genozidio kasu argi bat da: alde batetik, aipatutako abelazkuntzarako haien lurrak behar zituzten, eta pertsona haiek paretik kentzea zen soluziorik onena; bestetik, urrea aurkitu zuten uharteko hego aldeko ibaietan, eta urre bila etorritakoei ere enbarazu egiten zieten bertakoek. Gizartean eta gobernu mailetan jakina zen zer gertatzen ari zen, baina, dirudienez, aurkako ahotsak altxatu zituzten bakarrak salestarrak izan ziren. Epaile bati agindu zioten Santiagotik iker zezala zer gertatzen ari zen, baina haren jokabideaz ere zalantza handiak daude (Waldo Seguel zuen izena, kalea du Punta Arenas-en). Salestarrek, berriz, lortu zuten misio edo erreserba bat egitea Dawson uhartean (Suaren Lurraldeko artxipelagoan bertan, baina selknam herriaren bizileku zen uharte handitik kanpo), eta han konfinatu zituzten bizirik geratzen zirenak: hantxe hil ziren gehienak, gaitzek eta ezinegonak jota.
Menéndez horren ondorengoek ospa egin zuten gero Txiletik, hemen jendeak ez zuelako begi onez ikusten ondare hori osatzeko egindakoak; hala esan dio Bri Puerto Natales-eko Jorge ostatu jabeak behintzat. Orain, besteak beste, Argentinako Santa Cruz bankuaren eta La Anónima supermerkatu kate handiaren jabe omen dira, eta Macriren egungo gobernuan ere badira haietako batzuk. Baina Txilen ere jabetza handiak omen dituzte oraindik. Eta Punta Arenasen ikusgai dago familiaren jauregia izandakoa, José Menéndez izeneko kale bat ere badago, bertako Merkataritzako Institutu Nagusiak haren izena darama… Gizonaren itzalak haren itzalek baino pisu handiagoa izaki oraindik!
Kaixo, Xabier,
oso ona maputxeen esaldia; nik buruan neukaan aborigen hitza Australiako biztanleen izenetik zetorrela eta, oro har, beraiekin erabiltzen nian. Ikasi beharko ditiat herrien izenak.
Ondo segi,
Patxi Angulo
Aborigen hitzak nekez ezkutatuko dik bere latin jatorria, ez zaik iruditzen?
Laster arte,
X.
Pentsatu gabe zaila duk jatorri hori antzematea, eta ziurtzat hartzen baduk omena, ezinezkoa.
Bestalde, hizkuntza guztiek begiratzen ditek mundua zentroan baleudek bezala (erdara, barbaro…). Arazoa duk hiztunek bere hizkuntza inposatu nahi dutenean eta besteei izatea bera ukatzen dietenean.
Segi ondo