Postala Ushuaiatik

Ushuaia, fin del mundo. Argentina.


Ushuaia, fin del mundo.

Ushuaia, 2016ko abenduaren 13a.

Kaixo, lagun eta irakurle estimatua:

Ushuaiatik idazten dizut, badira bi egun hemen naizela. Ez da, berez, azken portua, baina bidaiaren amaiera bada, nolabait. Hemendik Buenos Airesera jo eta han egun batzuk emango ditut oraindik, itsasoa atzera zeharkatu baino lehen; baina honaino urrutiratu egin banaiz –nolabait–, hemendik aurrerakoa gerturatzea izango da.

Bidaia amaitzeko hiri hau hautatu nuenetik –honezkero berdin dio noiz izan zen–, heltzearekin egiten nuen amets batzuetan, aitortu behar dut. Baina ametsek amets izateari uzten diote betetzear diren horretan bertan, eta, nire kasuan, ez nintzen iritsi hona biba gogorrik jotzeko trenpurik onenean, iritsi ez nintzenez! Hamar orduko autobusaldiak eta bizpahiru egun lehenagotik nerabilen sukarrak zuzenean ohera errenditu ninduten, eta hantxe eman behar izan nuen hurrengo eguna ere. Gaur, berriz, kalera irten naizelarik, beste errealitate batekin egin dut topo: udako solstiziorako astebetera bagaude ere, atzoko elurrak zurituta dauzka inguruko mendi ederrak. Ametsak amets, bistan da!

Jende askok esango dizu hiri hau munduaren amaiera dela, eta horrelaxe saltzen dute hemen ere, horixe du amu hiriak. Esan beharrik ez dago ez dela horrela: munduko edozein bazter da hau bezain amaiera, edo hau bezain hasiera… edo hau bezain zilbor; mundua ez da ez hemen ez inon hasten, ez inon bukatzen. Hiri gisa ez du asko balio, nahiz eta inguruko naturak xarma berezia ematen dion; baina badu, beste leku askok bezala, egia da, zer sinboliko bat, magikoa, literarioa ere bai, nahi bada, eta niregan behintzat aspaldi txertatuak ziren hona etortzeko ilusioa eta gogoa. 

Blogoeton lehen mezuan aipatzen da, gainera, Ushuaia bidaia bukatzeko aukera gisa: ba hementxe nago, heldu naiz. Kontuak ondo egin baditut, behintzat, zazpigarren aldiz bete da ilargia, bart, bidaian abiatu nintzenetik; luzea izan da bidea. Ternuako kostan herrari zebiltzan izotz mendi galantak ere etorri dira honaino, balirudike bidaia nirekin batera egin dutela. Eta gauza onak bezala ekarri dituzte berekin ez hain onak ere: mezulari berdeak, behintzat, ez du etsi bidaia osoan, tarteka-marteka, albiste txarren bat bideratzeke –egia da ale onik ere ekarri duela–, eta gaur bertan azkena; baina tira, normala izango da… denboratxoa da kanpoan nabilela. 

Itzultzeari buruz inork ezer galdetzerako, aurreratu egingo naiz. Itzultzea berezkoa du bidaiak, heriotza bizitzak nola. Sustraiak non ditudan ondo dakit, eta denborarekin are eta sakonago barneratzen dira lurrean sustrai horiek… zuhaitzak ere berdin egiten du. Bestalde, ez dut ukatuko: badut gogoa lagunak-eta, maite ditudanak berriz ikusteko; eta horretarako ezinbestekoa da itzultzea. Gogortxoa egingo zait, noski, udatik negura eman beharreko jauzi bat-bateko hori, baina gaindituko ahal dut!

Pozik nago honaino –eta onik– heldu izanaz. Eta horrexegatik, bidaiako lehen eta azken postal hau bidali nahi izan dizut hemendik, eskerrak emanez sei hilabete honetan hor egoteagatik.

Besarkada handi bat, laster arte.

B. 

Oharra: Badira oraindik zain argazki asko, hor atzeratuta geratu direnak, eta espero dut hurrengo egunetan bakarren batzuk argitaratuz joatea. Eta txaparen bat edo beste ere izango da oraindik, egon ziur.