Neska gazte bat –hamasei urte, nerabe bat– bortxatu dute Tolosan. Beste bat. Neska gazte bat bortxatu du mutil gazte batek –hogei urte–, Tolosan.
Salaketa, udaletxe aurreko elkarretaratzea… Beste behin. Eta, tamalez, hurrena arte.
Gure egunkariek hori baino ez digute kontatu, ez digute xehetasun asko eman gertatu denaz. Diario Vasco-k eta haren kidakoek, aldiz, bortxaketaren gorabeheren berri eman dute –neska mutilaren etxera joan zen, eta han gertatu zen–, eta aipatu dute halaber –nola ez, kanpotarra izaki!– bortxatzailearen jatorria.
Zalantzarik ez: bortxaketaren gorabeherak argitara eman izanak bat baino gehiago bultzatuko zuen erruaren parte bat neskari egoztera –“ez ez da” bezalako ikasgai sinple eta argi bat ikastea hain zaila balitz bezala.
Zalantzarik ez: mutilaren jatorria aireratzeak ideia xenofoboak gizarteratzen lagunduko zuen kasu honetan ere –bertako bortxatzailerik ez balego bezala.
Zalantzarik ez… Baina horiek gabe ere, hots, informazio hori eman izana aitzakiatzat hartu gabe ere, ez ote daude tinko txertaturik gure artean halako pentsamolde matxista eta xenofoboak? Benetan sinesten al dugu informazio hori ezkutatu hutsez gizartea eta pentsaera aldarazteko gauza izango garenik?
Oharra: Goikoa bart idatzita utzi nuen, argitara eman gabe. Gaur goizean, berriz, lagun bat etorri zait, Eta gezurra bada? esanez. Irratian entzun du, nonbait, epaileak libre utzi duela mutila, kargupean baina libre; diotenez, mutilak ukatu egin du, epailearen aurrean, neska behartu zuenik. Eta gezurra bada? zioen emakumeak, Mutil hori betiko geratuko da markatuta. Neska mutilarekin haren etxera joan izana ere aipatu dit: Zer espero zuen, ba, mutilari etxera lagunduta?!