Hamazazpi urte eskas dira

Ez dituk oraindik hamazazpi urte, J, sekula erakutsi ez diadan poematxo hau idatzi niala:

Ez apuratu, J.
Zer uste duzu, aitonak ez zekiela?
Zer uste duzu, jakin gabe joan dela?

Zaude lasai,
aitonak ederki zekien-eta,
joaterako,
partida irabazia zenuela.

Nola joango zen, bestela, ezer esan gabe!
Zaude lasai,
zure txapa gaineko bolea bakoitzak
tximistak bezala argituko baitu
aitona kendu dizun maiatzeko ekaitza.

Ez apuratu, J.

2000-05-13

Baina hamazazpi urte gutxi dituk belaunaldi batetik besterako jauzia egiteko, ez al da hala? Umetan galdu huen aitona, eta goiztxo suertatu zaik aita galtzea ere. Zorte zitala, gaiztoa, madarikatua; bidegabea; mila aldiz madarikagarria! Ez apuratu, halere, J. Aita ondo zegok orain, lasai, dagoen itsasoan dagoela. Maite ditugunak joaten zaizkigunean, geu geratzen gaituk gaizki, geu geratzen gaituk izorratuta; lehorrean.

Eta zuri, A, zer esan txiki horri! Zu etorri arte itxoin du aitonak, zu jaio arte eutsi dio… eta lasai joan da gero, isil-isilik. Ez duzu ezagutuko, eta pena da. Erakutsiko baitzizukeen hark makina bat gauza egiten; irakatsiko baitzizukeen kozinatzen, trebea zen eta –eta irakasle bikaina, maisuetan maisu–: erakutsiko zizukeen legatz goxoa labean prestatzen… Bestela ikasi beharko dituzu, gizajo horrek, horiek denak. Baina, egon ziur, amaren bularretik orain edoskitzen ari zaren tristuraren zapore mingots hori aurki gozatuko du ingurukoek uholdeka eskainiko dizuten maitasunak.

Batzuetan, hil baino lehen hiltzen zaizkiguk maite ditugunak bizitzan. Eta ezin suma habil non saltzen dituzten bidearen atzenerako loteria makabro horren txartelak; ezta zergatik batzuetan sariak binaka egokitzen diren ere. Zitala, madarikatua… Mila aldiz madarikagarria, egitasmo eta ilusioak zapuztera datorren zorte gaizto hori.

Egon zaitezke lasai zu ere, ML: dena eman diozu, ez zegoen inoren esku besterik egiterik. Mren atzetik joan zaigu JL, bai azkar joan ere; denok zain dugun atakan aurrendari biak ala biak, kuadrilla umezurtz utziz. Hazia hiltzean ernamuintzen da bizia; atzo, zuenean, gela batean zetzan hil hurrenari, aldamenekoan hasi zaharra ez zen bizi berria gailentzen ari zitzaion, nabarmena zen (Joxan Artzek dio bizitzaren atea dukegula heriotza: beste bizitza batez ariko da, noski, hura, baina esaldi hori etortzen zait burura harrezkero, etengabe). Bizi berri horrek lagunduko ahal du joandakoak utzitako hutsune latza –pittin bat bada ere– arintzen!

UrbiaEta hiri, JL, zer esango diat! Gaurko albiste nagusia irakurri gabe joan haiz, baina jakin ezak hemen gauzak aurrera doazela, eta gure esku dagoena egiten jarraituko dugula, ahal dugun bitartean; horixe behintzat kontatu nahi nian, bazekiat-eta gustura entzungo hukeela berria.

Haize on, marinel, hire itsasaldian! Gure artean izango haiz beti, adiorik ez.