Herri honetan, orain dela hirurogei urte jaiotakoon –eta gazteagoen– bizitza osoa gerra batek zipriztindu du nola edo hala, politikaz interesatzen hasi ginenetik duela bost urte arte bederen. Laurogeita hamarretik gorakoen gogoan, berriz, bada oraindik beste gerra bat ere… Edo gerra baten beraren bi aldi dira?
Gerrak ez dira irabazten, galdu egiten dira beti. Gerran ez baitu inork irabazten, galdu egiten dugu guztiok.
Duela hirurogei urte ekin zioten haiek ez ziren neska-mutil ero batzuk soilik, herriaren parte bat –handia hasieran, txikiagoa denborak aurrera egin ahala– zuten atzetik, inondik ere. Gizarte zibilari herria esaten zitzaion garai hartan. Helburu politikoak eta helburu sozialak zituzten, alferrik ahaleginduko dira ukatzen. Baina herria –parte bat, noski, beti da parte bat– nekatu egin zen gerraz: helburuak gero eta urrunago ikusteaz-edo, nekatu; edo helburuak armen bidez iritsezinak zirela ohartu zelako; edo helburuak lortzeko bide horri zilegi irizteari utzi egin ziolako; edo alde bietako sufrimenduari jasanezin eta onartezin iritzita; edo… Duela bost urte baino gehiago betiko geratzea erabaki zuten —betiko, baina, inoren esku dagoen hitza al da?
Joan den larunbatean jendetza bildu zen eguzkipean, armei agur esateko. Bistan da gizartearen parte handi batek demokraziaren bidea jorratu nahi duela egun; ez dakigu zer pentsatzen duten benetan egun horretan itzaletan geratu zirenek –alde bateko zein bestekoek–. Armak isildu dira (hurrengo baterako utziko ditugu, beste ezpal batekoak baitira, hemen isilean fabrikatu eta inongo gerretara bideratzen direnak), baina gatazkak bizirik dirau; eta hor dira oraindik gatazkaren askotariko ondorioak ere, konponbidean noiz jarriko zain –sagarrondoaren azpian biltzeke utzitako sagarrak nola, lur-estali, usteltzear.
Badira zenbait alderdi esanguratsu –edo bitxi– larunbateko horretan, armak gizarte zibilaren esku utzi izan sinbolikotik beretik hasita: armok frantsesen eskuetan utzi izana, esaterako, eta ez etsai nagusi izandako estatu espainolarenetan; edota argazkian apaiz bi agertu izana; edota EAEko Lehendakaria, duela bost urte beste hura bezala, tren batean gorde izana argazkian ez azaltzeagatik…
Armak –gehienetan bezala– alde batean baino ez dira orain, Estatuarenean. Biolentziaren monopolioa deitu zion horri Max Weber-ek. Hemendik aurrera ez dugu hain maiz entzungo datorren lekutik datorrelako lelo indarkeriaren kontrako hura: monopolioa horixe baita, monopolio. Beste aldeko armen bideak zer ekarri dukeen –edo/eta zer oztopatu–, historiak esango du. Etorkizunak zer ekarriko duen, berriz, gure esku dagoke.
Oharra: Belchite bisitatu berri, errelatoari buruzko ikasgai politaz jabetuta irten naiz. Aragoiko herri hori 1936ko Espainiako gerran suntsitu zuten: Francoren soldaduak sartu ziren aurrena, errepublikarrek berreskuratu zuten gero, eta, azkenean, ostera frankistek. Txikizioa izugarria izan zen, eta bertan hildakoak ere erruz. Gerra bukatu eta hogeita bost urtera, herri berria egin zuten aldamenean eta zaharra abandonatuta geratu zen. Belchitetarrek badakikete gerra bat irabaztea zer den.
Herri zaharra bera da frankismoak idatzitako errelatoari buruzko ikasgai ederrena, Francoren gobernuak ez berreraikitzea erabaki baitzuen, etorkizunean jendeak jakin zezan bertan gorriek egindako suntsiketaren berri. Eta, Franco hil zela 40 urte baino gehiago joan direlarik, turisten gidariak Ejército Nacional erabiltzen du oraindik Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zirenei buruz aritzeko (horren arrazoiaz galdetuta dio inor ez mintzearren erabaki zutela hala egitea). Udala PPren esku dago egun.