Hitzaldi batetik bueltan, burua bor-bor oraindik; eta gogoetak blogoetaratzeko premian, aspaldiko partez.
Ez da gauza bera Europako mugak edo Europaren mugak, gauza bera ez denez. Bada Europaren mugez –ezen ez Europakoez– aritu dira gaur, San Telmon, Euskal Herriko bi kazetari, bi argazkilari. Eta eguraldi ederra eginagatik, lepo zegoen aretoa.
Datuak ikaragarriak dira: 67 milioi pertsona munduan, orain bertan, beren bizilekuak utzi eta beste norabait mugitzera behartuak izan direnak. Eta, besteak beste, Mediterraneoa gizadiaren porrot horren agertoki: 4.700 inguru hildako –itotako– 2016an bakarrik (auskalo zenbat diren benetan, diotenez 10 gorputik 6 baino ez baitituzte berreskuratzen).
Eta bizirik lehorreratzea lortzen dutenek, berriz, orduan ekiten diote beren bidaiaren parterik zailenari, Europa arrotzean barrena, oztopoz oztopo, harresiz harresi, lana eta bizimodu duina besterik ez duten helmugarantz. Errefuxiatu eskubideak galarazteko, gainera, migratzaile, etorkin, bilakatzen dituzte, dekretu bidez; beste oztopo bat haien ibilian.
Hitzaldia eman duten argazkilariok Lesbos uhartean ibili ziren, 2015eko udazkenean. Hango bizipenak kontatzen dituztelarik, agerian da pasioz bizi dutela beren lana; eta beren buruari agindua diotela gertatzen ari denaren berri ematea dela beren zeregina, beren konpromisoa. Komunikabide nagusiek erakutsiko digute, egun batean, hiru urteko Aylan haur siriarra hondartzan hilda, ahuspez, eta agintari edo handi-mandiren bat ere bai, agian, aieneka txikiaren argazkiaren aurrean; baina gero ez digute kontatuko harrezkero egun biz behin beste Aylan bat ito dela Europako kostarako bidean.
New Yorkeko Ellis uhartean, garairik onenean, egunero hartzen zuten etorkin kopuruaren errekorra hautsi omen zuten Lesbosen, udazken hartako egun batzuetan –eta Ellisera jende anitz heltzen zen egunero Europa aldetik, bapore handi haietan, XX. mende hasieran–. Milioi erdi bat pertsona baino gehiago heldu ziren Turkiako kostaldetik, hilabete gutxi batzuetan, 85.000 bizilagun dituen Greziako uhartera.
Pertsona horiek ez dira arriskutsuak, arriskuan daude! Gerrari ihesi, dena utzi eta leku bila datoz hona. Eta Europa honetan harresiak jartzen dizkiegu. Berlinekoa eraitsiz gero, 45 harresi berri eraiki omen dira munduan!
Estatuen hipokresia agerian geratu da azken urte hauetan: errefuxiatu kopuru jakin batzuk hartzeko hitza eman badute ere, ez dituzte konpromisoak bete. Espainia da horren adibide bat, bera baino txikiagoak diren herrialde askok baino askoz gutxiago egin duena.
Estatuen zain egon gabe, gizarte zibilak heldu beharko dio zezenari adarretatik, hala zioen gaur bildutakoen arteko batek baino gehiagok, bi kazetariok barne. GKEak, askotariko elkarteak, boluntarioak… ari dira antolatzen, baina dena gutxi da arazoaren muntari tamaina hartzeko.
Eta nago, eta halaxe zioen hitzaldian zegoen entzule batek ere, geure barruko harresiak apurtu beharko ditugula aurrena, benetako mugak geure baitan ditugunak direla. Xenofobiaren harresia, arrazismoarena, ezberdinarekiko errezeloen horma… izen anitz duten muga horiek dira ezer baino lehen jo eta eraitsi behar ditugunak; porlanezkoak baino gaindigaitzagoak baitira, izan ere.