Dena da dirua

Angel Erroren zutabetik (Maitasuna diru: Berria, 2017-07-23):

Beti iristen da une bat, goizago ala beranduago, maitasuna dirutan neurtu behar duzuna. Dirutan edo denboran, azken finean biak gauza bera baitira.

[…]

Iritsiko da eguna, beti iristen da goiz ala beranduago, norbaitek horrelako kalkulu bat egin beharko duena gurekin, gure hondakinekin edo zahar etxe batean sartzearen egokierarekin. Dirutan.

Denboraren kalkulua ez ohi da hain esplizitua, hain erdiragarria, baina hori ere egiten da (askoz lehenago normalean), azken finean biak, pertsona batekin zenbat diru gastatu, zure denborako zenbat ordu emateko prest zauden, gauza bera dira.

Maitasunaren eta denboraren arteko loturaz jabetua nintzen aspaldi: denbora besterik ez garenez, horixe baino ez dugu eskura maite dugunari opatzeko. Baina krudela egin zait maitasunaren eta diruaren artean halako esteka estua dagoela irakurtzea.

Edonola ere, ondo pentsatzen jarrita, aspaldikoa da esaera: denbora dirua da; time is money, Benjamin Franklinek zabaldu omen zuen bezala (eta dirutik, 100 dolarreko billeteetatik begira dugu tipoa harrezkero). Eta propietate iragankorra (trantsitiboa) aplikatuz, maitasuna ere dirua dela ondorioztatu behar. Dena dirua da… dena da dirua.