“Bigarren hitzerako ezagutzen da gizona”, hala dio esaera zaharrak.
Generalitateak gaur goizean aurkeztu du, prentsaren aurrean, igandeko erreferendumean erabiliko den hautetsontzietako bat. Berehala zabaldu dute ahoa batzuek… bigarren hitza ahoskatzerako ezagutzeko moduan zabaldu ere.
El Mundo egunkarian, esaterako, honako hauek irakur zitezkeen, Txinan eginak omen diren eta bospaseina euro baino balio ez omen duten hautetsontziengatik: Una empresa china, Smart Dragon Ballon Expert, fabrica urnas exactamente iguales a las presentadas públicamente por Oriol Junqueras, vicepresidente del Govern. Son las mismas que han empleado países como Burkina Faso, Uganda, Gabón, Gambia, Chad, Comoros, Sudán o Níger, entre otros países.
Eta? Zer adierazi nahi ote du kazetariak Afrikako herrialde horiek banan-banan aipatuz? Amankomunean dutena aipatzeari itsusi iritzita ematen ote digu halako zerrenda? Eta Txinatik datozelako horrekin? Non uste du, bada, eginak direla Espainia “ez-nazionalistako” kale-plazetako balkoietan zintzilikatu ohi dituzten piperpoto hori-gorriak?
Beste batzuk ere ez dira oso aparte ibili, hautetsontziok tuperrak direla esanez, edo jostailuak gordetzeko kaxak ematen dutela, edo… Kontua, bistan da, gutxiestea da, nola edo hala txarrestea; beste argudiorik ez denean, barregarri utzi, iraindu, erdeinatu…
Xavier García Albiol PPtarra ere mespretxuz mintzatu da boto kutxaz: Mi mujer tiene una igual para la ropa sucia (sic). Ez dakigu andreak zer esan ote dion –edo ezer esan ote dion– harenganatu denean; halaber, ez dakigu hemendik aurrera galtzontziloak garbitzera botatzen dituenean –hots, egunero, segur aski–, ez ote zaion gogora etorriko beti Kataluniako herria bere etorkizuna libreki erabakitzen hasi zeneko garaia.
“Eperra mihitik galtzen da”, halaxe dio beste esaera batek.