Egungo irratiko albistegietan, boladan dira audio dokumentuak (documento sonoro esaten diete gaztelaniaz, ponperia handiz).
Loiolan eta Martutenen Urumeako urak handi datozenean sortzen diren uholdeak irudiztatzeko, audio dokumentu bat eskainiko dizute: korrontearen soinua, garrasi batzuk, talka hotsak, plisti-plastak. Bilbo inguruetan istripu bat dela medio sortutako auto pilatzeak ilustratzeko ere, audio bat entzunaraziko dizute: bozina hotsak, balaztadaren bat edo beste, oihuak, bozina gehiago… Donostiako Peña y Goñi kalea oinezkoentzat gertatu dutela erakusteko, berriz, bi dokumentu, kaleko hotsak “lehen eta orain” nolakoak ziren bereiz dezazun.
Gaur goizean, Freddy Mercury hil zela 26 urte bete direla gogorarazi digute Euskadi Irratian (bai, 26; ez 25, ezta 50 ere: 26, tira!). Esatariak Mercuryren gaineko aditu bat elkarrizketatu du. Haren bizitzako kontuak aipatu dituzte, amodio aferak, azken mementora arte gordean eraman zuen gaixotasuna… eta, nola ez, haren ahotsaren kalitatea eta ederra nabarmendu dizkigu adituak. Kantu zenbait ere aipatu ditu, eta bat aukeratu ere bai; makina bat adjektiboz loreztatu ondoren, kantua uhinetaratzeko eskatu dio soinu-teknikariari, entzutera gindoazen in crescendoa behin eta berriro goraipatuz. Ez dakit, agian Somebody to love izango zen, ez dakit; berdin dio, egia esan.
20-25 segundo iraun du tarteak, ez gehiago. Kantaren ederraz gozatzen hasi orduko, gaur Black Friday dela gogorarazi digun iragarkiak hartu dio gaina; hortxe amaitu da dena: fortissimo zatar batek itzalarazi du agindutako “in crescendo liluragarria”. Non ote da artistarekiko eta haren lanarekiko errespetua?
Belaguako mendi aterpea berriztatzeko lanak hastera doazela kontatu digute gero, munduko edozein tokitan grabatutako zintzarri hotsez dokumentatuz.