Ziegako ospeletik atera eta bide ertzean zegoen orgara igoarazi dituzte presonerak; ilun zen barruan, eta ilun da kanpoan ere oraindik. Berdez jantzitako militarrek ekarri dituzte presondegiko atetik orgaraino, eta berdez jantzitako militarrek –orga zaintzen zeudenek– hartu dituzte beren kargu. Barruko kaiola moduko itxiturak banan-banan zabaldu, eta kaiola banatan sarrarazi dituzte. Dotore jantzita doaz, baina burdinaz lotuta daramatzate eskuak: aginte jendea dirudite, gorbataz jantzita doaz batzuk; ez dirudite, ordea, botere jendea.
Erresumako hiribururantz abiatu da orga, kirrinka zoliz. Inguruetako herritarrek ezin dute konprenitu zergatik eramaten dituzten tankera horretan beren agintariak, zergatik tratatzen dituzten hain errespetu gutxiz: oihu batzuk entzun dira urrunetik, ez zaizkio gailendu gurpilen kirrinkari. Hiribururainoko bidea luzea da, eta goi lautadan hotz egiten du; neguko gaua ere luzea da. Militarrek barre egiten dute lasai, kartetan dabiltza batzuk, denbora-pasa; presonerak buruz behera doaz, beren gauzetan murgil. Herriak eta hiriak zeharkatzen ditu orgak abiada geldoan, eta zenbait gunetan bada bide ertzera ateratako jenderik, irainik, txistu jotzerik, oihu arrotzik. Presonerek badakite gorroto haize horren berri, lehenagotik ere ezagutu dute halako espantu arranditsurik; badakite nondik sortua den ere. Ez dago zalantzarik beren herria atzean utzi dutela eta Erresumaren bihotzean daudela dagoeneko.
Hiriburuan prestatzen ari dira, ikuskizun handia espero dute hangoek. Erakutsiko diete harroputz horiei nork agintzen duen hemen, garesti ordainaraziko diete ausarkeria; gaiztoek, sorginek, aurkariek, etsaiek, menpekoek, arrotzek, txiroek, beste hizkuntza batean mintzo direnek, disidenteek, besteek… beti ordaindu behar izan duten gisan ordaindu beharko dute, gainera.
Epaimahai txit gorena nork osatzen duen ere zalaparta handiz argitaratu dute jendaurrean hiriburuko bozeramaileek: Erresumaren izatea bera auzitan jarri dutenak epaituko –eta merezi duten moduan zigortuko– dituztenak aurkeztu dituzte, izen-abizen eta erretratuz (errukirik gabekoak zazpi dira oraingoan; hamabi, epaituko dituztenak dira). Urkabea –edo su meta– plaza nagusian altxatuko dutela aldarrikatu dute, eta tranpaldo garai batetik munduratuko dituztela irudiak: ez dadila inor gera ikuskizunaren lekuko izan gabe.
Hasi da saioa. Aginte jende hautatua da epaitua, aginte jendea da epaile –eta hasieratik ezagutu dute elkar kidekotzat–. Baina botere jendea, izan, azken horiek dira, eta azken horien esku dago erabakitzea besteak nola zapaldu, nola menderatu, nola makurrarazi, nola zigortu: leziatu behar dituzte oraingoan –eta izan beza etsenplurik haien bideari jarraitzeko tentazioa leukakeen beste edonork ere!–, ikas dezatela zer eta noraino den zilegi; noraino irits daitekeen bat; eta nondik aurrera menturatzea garesti –oso garesti– irteten den.
Eleek inarrosten dizkigute barrenak: larderia eta legekeria –boterearena eta epaileena–, lotsagarria eta larria –egoerarena–, latza eta legez kontrakoa –presonerena–. Baina lasaiegi eta lo gaudela dirudi, bidegabe honen aurrean alfer.