Gizajo hark ez zekien azken-aurreko bihurgunea ez zela izango aste eta hilabete luzez aurreikusi zuena bezalakoa; ez zekien, ez, hainbestetan irudikatutako bihurgune hori uste baino lehenago topatuko zuela, supituki, mantso-mantso beherantz doazen ibaiko urek lautadaren ertzeko amildegia topatu eta sakonunerantz trumilka hondoratzen direnean bezala.
Erretiroa hartu eta lantokira joango zen azken eguna jotzen zuen bizitzaren azken-aurreko bihurgunetzat; uste baitzuen, bihurgune hori, ikasketak amaitu eta lanean hasi, eta ia berrogei urtez luzatu zen aldi haren amaieran egongo zela. Handik aurrerakoa bestelako aldi bat izango zen, inondik ere; eta, proiektuz betea izanagatik, bizialdiaren amaierarantz zihoan bideari helduko zion aldia izango zen, ez zegoen zalantzarik.
Braustakoan, baina, istripua; eta ospitaleratzera zihoazela ikustean, hondoa jo zuen haren aldarteak. Hankak aurretik zituela sartu zuten orduko ulertu zuen gela ilun huraxe zela, eta ez besterik, bizitzaren azken-aurreko bihurgunea, eta berehala ohartu zen ez zuela zerikusirik izango, gainera, imajinatu zuenarekin.
Bera zen gelako ohe batean zetzana, aldamenekoan azken bihurguneaz haraindi zirudien gizon haren ondoan. Bere burua estreinakoz ikusten ari zen ospitaleko ohe batean etzanda; ohean etzanda eta ez ohe alboko besaulkian eserita, aurreko belaunaldikoen azken egunetan –eta gauetan– egotea suertatu zitzaion bezala. Egoera berria zen: beste aldean zegoen, eta gauzak beste modu batean ikusten hasi zen.
Errealitatea ironikoa da sarri. Aurreko egunetan irakurtzen ari zen narrazio liburua ekarri diote etxetik, hantxe dago bi oheen arteko gau mahaian: Ana Blandiana errumaniarraren Proyectos de pasado. Bai, etorkizunekoak oraingoz tiraderan utzi beharko, baldinbaitere! –eskerrak ez zaion gustatzen egitasmoei buruz asko hitz egitea; horrela, porrot sentipena nork bere baitan gordetzen du.
Hondo horretan dagoela, zerbaitek klik egiten dio barruan, eta burua lanean hasten zaio, riki-raka, zainetik lau ordutik behin sartzen dizkioten lasaigarriak gorabehera. Ez dira kontu berriak, noski, oso ezagunak baizik, baina ate-joka bezala etortzen zaizkio gogora, etengabe, kax-kax; edo danba-danba ere bai, zenbaitetan…
…istripua etxean bertan, eta modurik txoroenean, gertatu izanak badituela bere alde onak, esaterako (kirolen bat egiten izan balitz entzun beharko zituen txorakeriak behintzat, aurrezteko moduan da oraingoan); edo, ondorioak askoz larriagoak izan zitezkeenez, pozik egon behar duela; edo edozein unetan, gutxien uste denean, irauli bat egiten ahal duela bizitzak, eta etorkizun uste genuena urtu egiten dela derrepente, itzuri joaten zaigula hatz artetik; edo horrelakoetan bakarrik egoteak zer gogorra izan behar duen –baina, edonola ere, mina (oinazeak, saminak eta nahigabeak bezala) norberarena baino ez dela, besterenezina erabat–; edo bizitzari amaiera noiz eman erabakitzeko ausardia eta ahalmena gure esku beharko genituzkeela denok…
Behin hondoa joz gero, ordea, ez dago hondorago amiltzerik. Handik gorantz egin beharra dago ezinbestean, ur-azalerantz: ospitaleratu berritan pentsaezina bazitzaion ere, eguzkia ikusten zen gela itsusi hartako leihotik ere; eguna zabaldu eta laster, gainera, bertan eman zituen egunetan.