Galde eta galde ari zen arestiz gero amona zaharra, ea noiz deitu behar zuen “gallegoak”, denborak zirela ez zuela hitz-aspertu bat egin Espainiara lanera alde egindako semearekin. Alabak, nazkatuta, telefonoa hurbildu dio belarrietara azkenean –telefono mutua belarri zeharo gorretara:
–Hor du, ama: Abelito da, Espainiatik.
Errieta txiki batzuk egin dizkio estreina, hitz hagitz goxoak gero. Berak egin ditu sakeak, berak erreferak.
Pozik oheratuko da gaur ama zaharra, aspaldiko partez umearekin hitz eginda.