Goiko argazkia Berriaren webgunean aurkitu dut gaur goizean, Zeelanda Berriko Christchurch hiri eder eta lasaian gertatu den sarraskiaren albistearen orrian. Eta, tupustean, gizateriaren etorkizun hurbila irudikatzen zuela etorri zait burura, eta pentsatu dut konposizio eskaseko irudi horrek asko esaten zuela gizadiak hartu duen noraezeko norabideaz. Gerora ohartu naiz hasieran bururatu zaizkidan guztiak ez zirela zuzenak, baina argazkiak eragin didan inpresioak bere horretan dirau oraindik.
Irudiaren azalera handiena hartzen duten poliziakote beltzek ematen dute arreta, jakina, beste ezerk baino lehen. Hortzetaraino armatuak, inondik ere, txankleta hutsik ageri den herritar gaztearengana doaz oldarrean (haren eskuaren jarrera ere esanguratsua da, esanguratsua denez)… Aitortu behar dut, ordea, lehen begiratuan herritar gizagaixo hori hartu dudala albistearen azpitituluan aipatzen zen «eskuin muturreko australiar»-tzat (gaztetasuna? itxura? orrazkera? –aurreiritziak, besterik ez–), eta argazkikoa albistean aipatzen zen atxiloketaren unea zela otu zait. Berehala baztertu dut ideia, noski: ez gaude ohituta halako atxilotze lasaietara. Barkatuko ahal dit mutilak!; inguruan zer suma ibiliko zen norbait izango da, seguruenik; edo han bestela gertatu den bat, besterik gabe.
Ez, ez gaude ohituta, poliziak beste modu batzuk erabili ohi ditu toki gehienetan herritarrengana hurbiltzeko, eta areago gaur Christchurchen gertatutako tiroketa bezalako baten ondoren. Jihadistek egindako azken atentatuetan, behintzat, atxilotu –eta epaitu– gabe hil dituzte egileak –edo egile ustekoak– askotan.
Gaurkoa ez da, baina, jihadistek egindako atentatua izan. Erasoa Zeelanda Berriko bi meskitaren kontrakoa izan da, eta 49 herritar hil dituzte gutxienez. Hau idazten ari naizen unean, lau lagun atxilotu omen dituzte, eta, Australiako Lehen Ministroaren esanetan, bat behintzat australiarra da eta eskuin muturreko ideologiarekin bat egiten duena.
Etorkinak, noski, meskitan errezoan ari zirenak, balek jo eta txikitu dituztenak. Indonesiakoak sei, gutxienez, oraingo datuen arabera (Indonesiako gobernuak dio badirela Christchurchen 330 indonesiar, horietatik 130 ikasleak); Bangladeshkoak, turkiarrak, malaysiarrak…
Atxilotuak eta beren kidekoak ez dira, noski, etorkinak izango, baina bai etorkinen ondorengo –Australian herritar gehien-gehienak eta Zeelanda Berriko guztiak bezala–. Eta, dirudienez, beren estatusa –zuri, kristau, aberats, jabe, jatorrizko… gisa duten estatusa– arriskuan ikusten dute, eta edozer egiteko gauza dira haren aurkakotzat jotzen dutena deuseztatzeko.
Mediterraneoan milaka migratzaile itotzen dira urtero, Europara iritsi nahian: 3.283, 2014an; 4.054, 2015ean; 5.143, 2016an; 3.139, 2017an; 2.299, 2018an… (aurreko datu horiek gaur aurkitu ditut webean; lehendik apuntatuta neukan 1988tik 2010era bitartean 13.352 izan zirela hildakoak). Espainiako PPk haurdun dauden emakume etorkinei ez dituztela herrialdetik kanporatuko agindu die… umea adopzioan ematen baldin badute. No a la invasión, en defensa de las fronteras de España bezalako esloganak zabaltzen ditu Vox alderdi neofaxistak, herrialde pobreetatik lan bila Espainiaratzen direnen aurka…
Argazkira itzuliz, hirugarren elementu batek ere eman dit zer pentsatua. Eta da atzean ageri den gizona, mugikorra eskuan argazkia ateratzen ari dela, egun hainbeste zabaldu den lagunarteko –edo etxeko– kazetaritza praktikatzen, antza… Eta neure baitan egin dut argazkiko pertsonaia hori gizartearen isla besterik ez dela, geu garela; geure txokotik begira, izugarrikeria hauen guztien aurrean.