Cielo y balas de plomo erreportajea eman zuten atzo ETB2n, 360º programaren barruan, gaur, ekainak 3, Gladys del Estal emakume gaztea Tuteran hil zutela 40 urte bete direla eta.
Erreportajean, Tuterako gertaerez ez ezik, haiek baino 10 urte lehenago Erandion zegoen kutsadura jasangaitzaren aurrean bizilagunek egindako manifestazioez ere aritu ziren; manifestazio haietan bi lagun hil zituen poliziak (Anton Fernandez eta Josu Murueta), balaz haiek ere Del Estal bezala.
Erreportajea ikusten hasi, eta ezin nion antzik eman dokumentalean txandaka agertzen ziren bi gertaeren arteko loturari. Biak ala biak protesta “ekologikotzat” hartu zitezkeela alde batera utzita (Tuterako hilketa Energia Nuklearraren Aurkako Nazioarteko Egunaren kariaz egindako mobilizazioan gertatu zen), 1969ko egoera politikoa eta 1979koa ez ziren berdinak batere, eta, erreportajea osatzeko ez bazen, ez nuen garbi ikusten zergatik lotu zituzten biak gurdi berean. Errepresioa, bai, faktore komun zuten, eta bi-bietan gertatu ziren hilda herritarrak, zerbaiten aurka bakean manifestatzen ari ziren herritarrak.
Erandioko gertaeren kasuan, mamua agerian zen: frankismoa, diktadura, Bilboko alkate andrea, Neguriko jauntxoak…, horien interesak eta larderia izan ziren herritarren aurkako errepresioaren iturri. Tuterakoen kasuan, berriz, mamu ikusezin bat sumatzen zen narrazioan, euskal kostaldean eta bestetan hainbat eta hainbat zentral nuklear eraiki eta martxan jarri nahi –jarri nahi izan, jarri nahi izan omen…– zituen mamu izengabea. Otu zait gaur begiratzea ea nola aurkezten zuten atzoko saioa EITBren webgunean, eta hauxe aurkitu dut, argigarri:
50 urte beteko dira Euskal Herrian lehen protesta ekologistak hasi zirela, aktibismo baketsuan oinarrituta. Frankoren garaian, ordea, bizia galdu zuten hainbat lagunek protesta horietan.
“Francoren garaian” dio… Baina 1979an, ia lau urte zeramatzan Francoren momiak hobian. Gaizki pentsatzen hasita, ez ote dituzte bi gertakariak erreportaje berean lotu nahi izan, mamu bakarraren atzaparrak baino ikus ez genitzan? Badakigu diktaduraren atzaparrak irismen luzekoak izan zirela, eta haien eragina denboran asko luzatu zela –dela–; baina nuklearren gaian ez zen diktadura izan hemen mamu bakarra, eta, honelako erreportaje batean, kazetari onest bati eska dakiokeen gutxienekoa gauzak ez ezkutatzea da, eta mamuak izen-haragiz aipatzea.
Izan ere, erreportajeak aurrera egin ahala, batek ezin zuen sinetsi nola zen posible sigla batzuk ez azaltzea kontakizun osoan; batek ezin zuen sinetsi nola ez zen aipatzen nor zegoen herri honetan zentral nuklear haiek eraikitzearen alde eta nor kontra; batek ezin zuen sinetsi nola inork ez zuen ahomentatu zer esaten zuten garaiko agintariek energia nuklearraren kontra borrokan ginen troglodita aza-jaleoi buruz –egun erraustegi modernoen eta abiadura handiko gizartearen aurka altxatzera ausartzen denak entzun behar dituenen tankerakoak–. Bidenabar esanda eta garai haien berri ez duenak imajinatu ahal izan ditzan, bat aipatu baino ez: energia nuklearrik gabe, kandelen argitan aza-jaten bukatuko genuela iragarri ziguten.
Diktaduraren atzaparrak gogoratu ditugu gorago. Horien artean hortxe dugu zentsura, egun ere badirauena: galdetu, bestela, erreportajean elkarrizketatzen dituzten batzuei, ea kamera aurrean esan zutenetik zer geratu den atzo telebistaz eman zuten bertsioan (nik galdetu dut, badakit zer esaten ari naizen). Galdetu… eta egiaztatu ahal izango duzu zenbait izen eta sigla sistematikoki isildu direla, erreportajerako grabatutakoa editatu –eta kimatu– denean; botereak –eta esaneko kazetaritzak, 360 gradukoa gabe 180ko ikuspegi aldebakarrekoa ematen trebe– nahieran kontrolatzen duela gaur egun ere argitara ematea zer komeni zaion eta zer ez; eta mamutzar gaizto baten mozorroaz aise ezkutatzen ahal dituela ahanzturaren leizetik egungo egoeran ateratzea komeni ez zaizkion itzal ilunak.