Txirrindularia Gaintzara iritsi da. Arribetik Gaintzarako aldapa ez da aldapa etzana, baina oso luzea ere ez. Eguzkitan eseri da, bazter batean. Haizea fina da, baina eguraldi bikaina egiten du eta goxo egoten da. Aralarko Mailoetan Balerdi da nagusi hemendik, hortxe dago beti bezain eder eta tente. Hona iristen den bakoitzean, Balerdin egon zen lehen aldiaz eta azkenaz gogoratzen da beti txirrindularia. Badira ia lau urte estreinakoan lagun zuena joan zela betiko, hots handirik gabe.
Trago bat edan, zerbait jan, eta gaur bertan estreinatu duen GPS berria konfiguratzen hasi da txirrindularia, aurrean duen parajeari muzin eginda –eta ostegun buruzuri batean hemen eta horrela egoteko duen aukera apartak merezi duen hausnarrik txikiena ere egin gabe–. Gailuaren menuetan-eta kontzentratuta dagoela, ia ohartu ere ez da egin furgoneta bat zetorrela, ondo-ondoan geratu zaion arte. Gidariak leihatila jaitsi eta ea zerbait ikusi ote duen galdetu dio; txirrindulariak ez dio ondo ulertu zer, baina, erantzun aurretik, begiak txoferraren magalean eta bolanteari helduta zihoan haur txikiarengana joan zaizkio: potokoa ere begira zuen, irribarrez –ez du urtebete izango.
— Katua ikusi dudan?
— Ez, txakur txuri bat…
— Ba ez, txakurrik ez dut ikusi… Baina kontuz umearekin, beldurra ematen dit horrela ikusteak — txirrindulariak ezin izan dio eutsi komentarioari, eta irribarre batez leundu nahi izan du.
— Lasai, lasai… –erantzun dio emakume gazteak, haurra hartu eta aldameneko eserlekura pasarazten zuela (aldameneko eserlekuaren gainean zeukan haurra eramateko jarleku berezia; atzera begira, gaur egungo legeak agintzen ei duen bezala).
Balerdin egon zen azken aldian ere bazen txakur bat tartean, eta gogoan du ederki moldatzen zela hura mendian, arribetarrak eraman zituen malda piko hartan gora behintzat aise joan zen denen aurretik. Hogeita bost urte baino gehiago joan dira egun hartatik, eta mendia izango da, segurutik, gutxien zahartu dena.
Emakumeak ezagun zuen txirrindulariaren komentario paternalistak ez diola batere graziarik egin, baina disimulatzen ahalegindu da:
— Oraintxe hemen zen alu hori, ez dakit non sartu den. Eskerrik asko, halere, gero arte –eta han joan da aldapan behera, etorritako bide beretik; haurrak, ahal zuen bitartean, lepoa luzatu eta leihatilatik txirrindulariari begira segitu du, haren itxura estralurtarrak txundituta seguru asko. Txirrindularia ere txundituta geratu da, haurra bere eserlekuan batere lotu gabe zihoala ikusita.
GPSaren konfigurazioa aldatuta, aldapa behera abiatu da txirrindularia ere, goranzkoan ez bezala ziztuan oraingoan. Aldapan behera, egiaztatu ahal izan du gailuak berrogeita hamabost kilometro orduko abiadura ere erregistratu duela, bai eta % 11 edo 12ko malda negatiboa ere: ongi zebilek katxarroa! Akordatu denerako ia Arriben zegoen, erdibidean dagoen Uztegi atzean utzita –eta ikusi ere egin gabe.
Balerdi han geratu da, txundituta hura ere: garai bateko elurterik gabe, udaberri aurreratua ate joka sumatzen duela beste behin.
Hi bizi haiz hi. Eta ostegun buruzuri batean horrelako aukeraz gozatzea den pagotsaz jabetu ere egin gabe!
Et, et, et… Nola dakizu txirrindularia nor den? :-)))