Duela ehun urte (I)

Denbora guztian oraingo Zera horri buruz aritu beharrean, ikus dezagun duela ehun urte pasa izan zen gripe izurriteari aurre egiteko zer-nolako jarraibideak ematen zituzten1. Whatsapp eta Twitter-ik gabeko garaiak ziren…

1916an jaio eta duela bi urte hil zen izeba Juanari eskainia.

GRIPE IZURRI-GAIXOA GALARAZTEKO BILBOKO
OSALARI BAZKUNAK AGINTZEN DITUEN EGINBEHARRAK

Gaixo-izurriak agertzen diren aldietan, udal, aldundi eta enparau agintarien osasunaren aldeko ahaleginei, pertsonek eurek ere, bakoitzak bere burua zaindurik, gogoz eta bihotzez lagundu behar diete, bestela agintarien ahaleginak alferrikakoak izango dira, eta gaixoak2, guztien nagikeriaz, geroago eta heriotza gehiago egingo ditu.

Bakoitzak, bada, ahal duen neurri eta eran, agintarien osasunaren aldeko lan, zeregin eta ardurei lagundu egin behar die, ezertariko eragozpen eta bahe (?) gabe.

Horretara, gripe-gaixoa, gizadiaren izurri kaltegin gaizto hori, galarazi egingo duzue.

Zabaldu den gripe deritzon gaitza gutxitu eta,
ahal den eran, kenarazteko egin beharrak

1.a: Gaixo-izurria dabilenean, arnasa honetara egin behar da: haizea sudurretatik hartu eta ahotik atera.

2.a: Sudur barru, aho eta oiak egunean birritan, gutxienez, garbitu behar dira. Garbiketa hori, ur oxigenatuz, klorato potasikozko urez (1.000ko 10ean), edo biborato sodikoz (1.000ko 10ean) edo ur irakinez egingo da.

3.a: Eskuak sarri garbitu behar dira, batez ere susmo txarreko gaixoren bat etxean bada.

4.a: Astakeriarik egin gabe bizi. Jana ez dadila larregia izan eta edanarekin kontuz ibili. Askok uste dute gaixoa galarazteko edaria ona dela, baina oker daude, guztiz oker.

5.a: Egunean bederatzi ordu, gutxienez, lo egin behar da.

6.a: Hotz-bero aldakuntza handiarekin ardura handia izan, eta lagun asko batzen den tokietan ez egon.

7.a: Lo egiteko gela edo tokiak, pitean-pitean haizatu behar dira, batez ere euria den egunetan. Euriak, jauskeran, gaixoa zabaltzen duten kokoak narrastu egiten ditu eta haizea garbitu egiten da.

8.a: Guztizko ekandu3 txarra da usin4 zaratatsuak egitea. Usin egin duenak gaixoa aldean badauka, berarekin dauden lagunei erants liezaieke.

9.a: Gaixo eranskorra zabaltzen denean, etxe barruak, etxe bitarteak eta eskailerak zuritu egin behar dira, gaixoaren kokoak hiltzeko gauzarik onena karea da eta.

10.a: Ahal dela, ez eztulik egin, eta, egitekotan, zapia (paƱelua) sudurreratu. Tu egitean, tu ontzira egin. Tu ontziek kobre sulfatoz (1.000ko 5ean) gertaturiko likidoa (ura) eduki behar dute barruan.

[hemen jarraitzen du]

 

  1. Bizkaiko Aldundiaren 1918ko argitalpen batetik ekarriak (eta garai hartako bizkaieratik baturatuak-edo); jatorrizkoa ikusi nahi duenak Wikipediako artikulu honetan aurkituko du.
  2. gaitzak, gaixotasunak
  3. ohitura
  4. doministiku