Gizateriaren azken egunak

Gizateriaren azken egunak1, horrela du izenburua duela egun pare bat irakurtzen bukatu dudan liburuak; Karl Kraus bohemiarrak idatzia, 1922an. Lagun batek oparitu zidan eta urteak zeramatzan apalean hautsa biltzen, baina iritsi zaio, azkenean, txanda. Ez galdetu zergatik, gauden egoeran egonik, aukeratu nuen liburu hori irakurtzeko; izango du izenburuak zerikusia, zalantzarik ez.

Lehen Mundu Gerrari buruzko satira gordina da, antzerki moduan emana, oso-oso gutxitan taularatua izan bada ere. Gerra haren —eta gerra ororen— izugarrikeriak kontatzen ditu, gerra hari buruzko diskurtso garaikidea testura ekarriz eta, esan bezala, gordinki satirizatuz.

Bi pasarte ekarri nahi izan ditut hona gaur, gaztelaniazko bertsioaren postfaciotik euskaraturik (hitzatze hori Eckart Früh literaturaren historiagileak idatzia da, 1992ko alemanezko argitaraldirako):

Gure etorkizuna “deabruaren xedeetan” erabakita dago, zeinak Karl Krausek laborategi zientifikoetan kokatu zituen, jakinaren gainean kokatu ere:

«…tanke eta gasen ondoren bakteriak etorriko dira, eta inork ez dio uko egingo izurriak gerrarako tresna gisa erabiltzeko ideia bikainari, gerraren ondoriotzat hartu beharrean.»

Eta bakteriok, beren ondorio imajinaezinekin, hor ditugu gaur egungo armategi oinarrizkoenetan.

Beldurra ematen du hori irakurtzeak, eta are beldur handiagoa egungo egoera tristean. Liburua duela ia ehun urte idatzitakoa da; goiko aipuaren erdian dagoena, kakotx artean, jatorrizko liburutik hartua da: Karl Kraus mintzo zaigu, gerra hartan gasaren erabilera noraino iritsi zen ikusita.

Bigarren pasartea irakurtzen ari nintzela ere, gauden egoera etortzen zitzaidan gogora; egoera larri honen aurrean agintean dauden askoren maila eskasa —erdipurdikoa, kaskarra— gogorarazten zidan. Hona hemen:

Haien “epelkeria aktiboan” [gerra hartan “Gizateriaren tragedia interpretatu zuten operetako pertsonaiez” ari da], Krausek aurkitu zuen fenomeno bat, zeinaren mehatxua gainean izan baitzuen bere denbora guztian, gerra nahiz bake garaietan: protagonisten maila eskasa, ez baitziren inolaz ere gai esku artean zuten tragediari aurre egiteko; soldadu jende zoroaren burges txiki pozak, lekaio “mobilizatu” eta ezerezok katuan hatza ipini orduko modu basatian desitxuratzen dituen plazer nardagarria. Gai honek, inoiz eskualde mailara mugatua egon bada ere, mundu osoa kutsatu du dagoeneko zalantzarik gabe; izan ere, bere tirania gauzatzen duen “erdipurdikokeriaren deabrua” nonahi aurkitzen ahal da. Karl Krausek era askotan frogatzen du zein botere itzela lortu duen kaskarkeriak2.

Zer pentsatua ematen du; niri behintzat eman dit.

 

  1. Die letzten Tage der Menschheit: Bühnenfassung des Autors
  2. erdipurdikokeria erabili dut gaztelaniazko mediocridad emateko (Zehazki Hiztegia; erdipurdikotasuna litzateke beste aukera bat); eta kaskarkeria, berriz, medianía emateko (Elhuyar Hiztegia)