Bideia bat —bidaia bat egitearen ideia—, beste edozein ideia bezala, bat-batean sortzen da, baina gerora hasten da, buruan behin eta berriz eragitearen poderioz, bere forma hartzen: asmoa mamituz doa harik eta, menturaz, gauzatzeko ordua iristen zaion arte. Buruan oratutako bideiak eta azkenean gauzatutako bidaiak ez dute zertan, nahitaez, gauza bera izan, baina huraxe omen da, hala diote behintzat, bidaiatzearen plazerik handiena: prestatzen emandako denbora, denbora horretan irudikatutako guztia; eta horrek pizten eta elikatzen dituen ilusioa eta gogoa.
Hastera hoan bidaia honen hazia urte xelebre honen hasieran dagoela esango huke, ibilbideak mapan —GPSrako track-ak, ordenagailuan, eta errotuladore fosforitoz marraztutako bideak, paperezkoan— 2020ko urtarrilean trazatuak ageri baitira. Pentsatzen jarrita, ordea, sinetsita hago, hazi bila hasi eta askoz atzerago joanda ere hantxe aurkituko hukeela zerbait: ez ote zen, bada, egitasmo hau, benetan, duela 30 urte sortu —beldurra ere ematen dik halako urte kopuru handiak aipatze hutsak—, Colliure-tik abiatu eta 14 etapa eginda Hendaiaraino iritsi zineten abuztuko arratsalde lainotsu hartan, bizikletak petrilaren kontra utzi eta errituzko bainua helmugako itsasoan hartzen ari zinetela? Hau berriz egin behar duk, motel!
Aurtengo egitasmoak data bat ere bazian, baina atzean geratu duk dagoeneko. Aurtengo sanjoan gaua nit de sant joan bihurtzeko asmoa huen, Katalunian ikusten huen hire burua udako solstiziokorako: ederrak dituk Pirinioak ekainean, tontor batzuetan oraindik elurrak urtzeko daudela; baina uztailean sartuak gaituk dagoeneko eta oraindik hemen habil: izan ere, aurtengo honetan ez zegok erraza planak egin eta betetzea. Tira, edonola ere, eta kontuan hartuta duela bi hilabete ez zuela ematen asmoa aurten betetzeko aukerarik ñimiñoena izango zenik ere, hainbestean: elurrak urtuak izango dituk dagoeneko, eta izerdi latzak bota beharko dituk eguerdi aldera tokatzen zaizkian mendateetan gora; baina, gehiago pentsatu gabe, datorren igandean —bihar, uztailak 5— ekingo diok bideari.
Pare bat aste-edo, pedalei eraginez gure itsasoa eta Mare nostrum —eta Euskal Herria eta Katalunia— lotzeko, biak elkartzen dituen mendilerroari jarraituz (gehi bizpahiru egun, atseden hartzeko, bazterrak ikusteko, arropa garbitzeko edo eguraldiaren gorabeherei aurre egiteko); errepide txikiak eta gudronatuak hartuz, batik bat; aurreko bidaia hartako mendate batzuetatik berriro pasatuz; baina beste batzuk ere ezagutzeko gogoz; Pirinioetako mugaren —edo sasimugaren— ipar aldetik gehiago, hego aldetik baino (beti izan duk hura gustukoago); Andorra saihesteko asmoz, udan gogaikarri samar jartzen duk eta; goizean goiz mugitu eta lasai ibiltzeko asmoarekin; egunean egunekoa eginez, bista bihar edo etzira arte luzatuz, gehienez ere…
Bizikleta eta zakutoak prest dauzkak, aurreko hartan baino 15 kilo arinago geratu zaik mandoa (gainekoa eta guzti): hik gainean daramatzaan urte gehigarri bakoitzeko kilo erdi bat gutxiago. Ondo dakik, bidean jarri eta heure buruari egingo dioan estreinako galdera betikoa izango dela: zertan ari haiz, baina… nora demontre hoa? Baina ondo dakik, orobat, aurreko egunetako kezkak eta larriak uxatzeko modu bakarra, hain zuzen, bidean jartzea dela, orduan hasten dela benetan betetzen bideia txoro batekin eraikitzen hasi zen asmetsa.
Ziotek bidaiatzen denean, hiru aldiz bidaiatzen dela. Lehena bidaiaren prestaketa egiten denean; hik hori jadanik egin dik. Bidaia bera, zer ez pentsa hau eta hura gauza bera denik, mila aldiz pentsatu eta prestatu baduk ere; horretan ari haiz, gaurko eguraldiak ez badik eten. Eta hirugarrena, bueltan buruan geratu diren irudiak eta bizipenak gogoratzen direnean, eta kontatzen direnean.
Laugarrena erantsiko niake nik, kasu batzuetan bederen, argazki-makinan geratzen dena; izan ere, hori bidaia partziala duk eta askotan ez zetorrek bat benetako bidaiarekin.
Orain, akaso, bosgarrena erantsi beharko lukek, blogoetak-en idazten duana.
Bidaiatzearen ikuspegi ederra, Patxi. Eta, jakina, bidaia bera eta aurretik pentsatutakoa ez dituk bat etortzen: mendateak, adibidez, gogorragoak izan ohi dituk errealitatean, errepidea gehiago itsasten zaiok gurpilei mapa errotuladoreari baino.
Gaurko etapa umel samarra izan duk, baina bete diat; gauean jarriko ditiat lehen bi egunen kontakizuna eta argazki batzuk.
X.