Euskal Herria utzi eta ekialderantz

Ehujarreko arroila

Uztailak 7, asteartea. Atharratzetik goiz atera, eta Santa Graziraino igo haiz. Beti bezain eder aurkitu duk Euskal Herriko txoko harrigarri hori, ez dik galdu bizikletaz egin huen lehen bidaian –ikasketak amaitu berritan, aitaren bizikleta zaharrarekin– deskubritu huelarik zuen magia hura: Donejakue bidean, GR-10en… ez da, ez, Santa Grazi (edo Urdatx) edozein toki. Ehüjarreko arroilaren (beste) argazki bat egiten ari hintzela, euskaraz egin ditek diosala zabor garraioan zebiltzan neskatxa gazte batzuek; harritu eta guzti egin haiz: ez zegok dena galduta oraindik! Elizaren argazki batzuk egin eta aurrera egin duk, Soudet gogorreko patarretan gora (Google-n “Indurain” eta “Soudet” bilatuz gero, lehena ateratzen duk 1996ko Tourraren etapa hura, Indurain Iruñeko helmugara 10 minutuko atzerapenarekin heldu zenekoa: inor ez omen duk profeta izaten bere herrian, eta Indurainek behintzat ez zian beste Tourrik irabaziko).

Sentako eliza, Santa Grazin (XI. mendea)

Errepidean egiten ari diren lanek –Tourra hemendik pasatzekoa duk aurten ere, itxura denez– atseden hartzeko aukera eman diate tarteka; legar librea ez duk onena aldapatzar hauetan aurrera egiteko, baina langileen “bon courage!”-ak lagungarri suertatzen dituk. Goian hotz zegok, eta Issaux basoan barrenako jaitsierako kilometro batzuetan ez zuan ezer ikusten, hain zegoan itxita lainoa. Leku bakartia, inondik ere. Halako batean, kilometro eta gorabehera dezenteren ondoren (Col de Labays, Col de Houratate…), iritsi haiz Bédous-era. Egarrituta eta gosetuta.

Bédousetik hurbil

Hasiera batean hemen geratzea zuan asmoa, baina ibaian beheraxeago dagoen Zarrantzaraino jarraitzea erabaki duk, han badituk-eta zeregin kultural-turistiko batzuk. Gaur ere goiz ibili haiz, eta hiruretarako helmugan hintzen.

Zarrantza, Gave d’Aspe-ren ertzean

Uztailak 8, asteazkena. Krisiak jota habil atzodanik, kalkulu optimistegiak ez ote dituan egin bidaia honetarako. Gaurko gaua non pasatuko duan ez duk oraindik erabaki: Marie Blanque gainditu eta Laruns aldean geratu, edo, pentsatuta huen bezala, Larunsetik aurrera egin, Aubisque eta Soulor pasatu, eta Arrens-eraino iritsi.

Marie Blanque gainean
Marie Blanque: gerrilari errepublikar espainiarren oroitarria
Bénouko goi-lautada
Bilhères

Goiz jaiki haizenez, Marie Blanque freskuran igo duk, eta eguerdirako Larunsen haiz. Gazta bokadillo txar bat jan eta aurrera egitea erabaki duk; bero dezente egiten dik, baina. Biba gogorrik jotzeko modurik gabe, baina iritsi haiz Aubisque gaineraino ere; bidean, Tourrerako entrenatzen dabiltzan txirrindulari ekipoak zebiltzak, aise joaten dituk gora hire aldean (lepo zamatutako Scania trailerra eta 750 cc-ko Kawasakia ez dira berdin mugitzen errepidean):

–Bon courage! –profesional horietako batek.
–Merci, vous aussi! –heuk, adeitsu.
–Merci… C’est plus facile ainsi.
–Oui, je sais.

Bai, ederki dakik errazagoa dela zamarik gabe igotzea, baina haiek igotzen diren abiaduran igotzeak ere ez dik samurra izan behar.

Gourette eski estazioa, Aubisquen
Aubisque

Beroa izugarria duk Aubisque gainean, jende ugari zebilek hango tabernetan (musukoen erabilera hutsaren hurrengoa duk, gero eta gutxiago ikusten dituk Euskal Herritik urrundu ahala). Tuneletako itzala eskertu egin duk gorakoan, baina Litor aldeko errepidean daudenetan altueraren freskura sumatzen duk. Bizikleta asko zebilek hemen gora eta behera. Aubisqueren ondoren Soulor zetorrek, baina norabide honetan bi kilometro eskaseko igoera besterik ez duk. Hura gainditu eta berehala haiz Arrens-Marsous herrian, zazpi kilometro beherago. Handik hurbil den Aucun-en emango duk gaua.

Arrens

Planifikatutakoa bete baduk ere, buruak ez dik lasaitasunik ematen. Bihar atsedena hartuko duk –ez ote da goiztxo atsedenak hartzen hasteko?–, ea ostiralean beste aldarte batekin jaikitzen haizen.