Marie Blanque, Marie Blanque

Oi, Marie Blanque, Aspe eta Ossauko dama handi hori, hor hago beti bi aldeetara begira, zorrotz, tente eta lerden, hiregana hurbiltzera nor ausartuko zain: sufriarazi didan ederki, oraingoan, sorgin maitagarri horrek! Lehendik ere ezagutzen geninan elkar, ez dun gaur goizekoa bion artekoa; heu ez haiz gogoratuko, noski, hainbeste maitale ditun, izan ere. Urteak ere parrastaka joan ditun orain hurrengotik, baina gogoan dinat orduko hartan hire alderik eztiena erakutsi hidala, hire magalik leunenak, hire kurbarik ederrenak: Bénouko lautada eder hori, esaterako, larre toki paregabea, duen baretasuna kabalen zintzarri hotsek baino asaldatzen ez dutena. Gozamena izan zunan ordukoa, plazera. Oraingoan, baina, ez, oraingoan ez hatzait horrela azaldu, ez zekinat non gorde dunan orduko hire goxotasun hura, hire abegikortasun tentagarria: hire tentetasun harroa eskaini didan gaur, besterik ez, aurrera egiteko hortzak estutu beste erremediorik uzten ez duena, hireganatuko banintzen bapo sufrituta egin beharko nuela argi utziz hasieratik (zerbait nahi duenak eginahala egin behar duela gogoraraziz, gordinki gainera). Goizeko hamarretarako hor nindunan, hire ondora etorrita, eta hi, artean, nagiak ateratzen, alfer hori! Beti legez, gaur ere bazitunan ni ez beste maitale franko, hire malda-kurben peskizan, ez haiz kexatuko; hik beti daukan non hautatu. Eta horien artean ni, aurreko hartako oroitzapenak gogora ekarri ezinik ia, baninan nahikoa lan bestela ere hireganako hurbiltze gogorrean. Argia gogoratzen nuen tokian, itzala aurkitzen ninan gaur; gogoan ilun zirenak, ordea, argi ikusten nitinan; gure oroimen txatxu honen amarruak, neska, ezin inoiz seguru egon oroitzen duguna benetan hala gertatu ote zen. Hori bai, bazegon gauza bat, atzendu ez eta oso argi gordetzen dudana orduko hartatik; ondo fermu txertatuta geratuko zitzaidanan, antza.

Bazunan, hirekin egon ginen hartan, hire gaina hartua zuen beste maitale bat, gu baino zaharxeagoa –berrogeiak gainditua, esan zigunez–, eta harekin izandako elkarrizketa dun gogotik kendu ezin izan dudana urte hauetan guztietan. Berrogei urteetatik aurrera hasten omen dun gainbehera, hala esaten zinan gizaseme hark, berrogeietatik aurrera sumatzen omen dun indar gutxitzea –“potentzia falta” esaten zinan berak–. Artean urruntxo nindunan berrogei urte betetzetik –ez hainbeste, halere, kristoren adina bai bainuen ordurako–, baina zer pentsa eman zidatenan hire maitale haren hitzek; pentsa, hogeita hamar urte joan ditun harrezkero, eta oraindik oso gogoan ditinat; eta ikusi ere egiten dinat oraindik nola geunden bide bazterrean eserita, atsedena hartzen, bata bestearen ondoan solasean. Orduan nirekin zirenak ni baino gazteagoak zitunan –taldeko zaharrena nindunan orduan; oraingoan ez bezala, honetan gazteena naun eta–, eta seguru nagon ez direla gogoratu ere egiten pasadizo hartaz; baina denoi iritsi zaizkigun –zitzaizkigunan– berrogeiak, ondo iritsi ere.

Tira, utzi egingo haut. Egin didanan harrera gorabehera, barkatzen haut (egia esan, aitortu behar dinat ez nengoela ezertarako); baina beste inoren bila noan ni ere. Ez zekinat itzuliko natzainan inoiz (akaso bai, auskalo!), ez zekinat merezi dunan ni berriz horrela sufritzen ikusteko plazerik ematea1. Adiorik ez, Marie Blanque maitea, Aspe eta Ossauko lamina eder hori: ondo bizi eta erruki itzan hire maitaleak, otoi!

 

  1. Ander Izagirrek, bidaia hau prestatzen nenbilela irakurri nuen eta lehenago ere aipatua dudan Pirenaica. Catorce crónicas de la cordillera liburuan (Geoplaneta. Barcelona, 2018), dio badela “mendiak bizikletan igotzearen plazer xelebre” bat, plazer absurdu bat; honelako bidaietan deskubritzen dela “nahita sufritzearen plazera”. Pentsatu beharra daukat ea Marie Blanqueri egozten ari natzaion sufrimendu horrek ba ote duen plazeretik ere; azken finean, horretan arrazoi du Izagirrek, nahita etortzen baikara hona.