Uztailak 12, igandea. Zazpigarren etapa bete duk gaur; dena ondo bidean, pentsatuta dituanetatik erdia.
Bagnères-de-Luchon-etik behera aise joan haiz, goizeko freskuran. Baina errepideak ekialderantz jo duelarik –eta hik ekialdera nahi–, Saint-Béat-etik gora abiatzen den Col de Menté-ren hormatzarra jarri zaik aurrean: 849 m-ko desnibela bederatzi kilometro eta erdi eskasetan, arnasarik hartzeko betarik ere uzten ez duena. Ez zekiat barraskilo, idi edo mandoa haizen, baina halatsu mugitzen haiz, aldapa gora behintzat. Bihurgune batean, plakatxo bat gogorarariz hor erori zela Ocaña txirrindulari espainiarra 1971ko Tourrean, maillot horia jantzita zeramala (Perurenaren merenderoan han egongo duk oraindik argazki handia, zuri-beltzean: Ocaña odoletan eta ezinean, bere taldeko bik lagundua); plakan dioenez, plaka dagoen harkaitzaren kontra galdu zitian esperantza guztiak Ocaña gizagaixoak (“abandonnait tous ses espoirs contre ce rocher”, sic).
Mentéko jaitsieran ere lanetan ari dituk, eta kontu handiz jaitsi behar izan duk, harri txintxar libreko gune asko baitzeuden. Menté jaitsi, ordea, eta hark baino are malda gogorragoak dituen Portet d’Aspet-i ekin behar izan diok berehala ia, eskerrak luzeran haren erdia besterik ez den. Beherakoan, Portet d’Aspet herrian geratu haiz, taberna zahar-zahar batean (kuriosoa duk frantsesek nola iraunarazten dituzten gauzak, batere konpondu gabe askotan; ezin ukatu bere xarma duela, eta handia batzuetan). Tabernako espezialitatea, omelette de girolles: zizahoriz egindako omeleta, bai goxoa, ummm. Ordaintzera joan haizenean, Huntzaren Ertzetatik zeukatean jarrita, topera: tabernariak ez zekian entzuten ari ziren hitzak euskaraz zirenik (globalizazioa, ertzetatik bada ere); ordaindu eta martxa egin duk lehenbailehen, Aldapan gora hasi baino lehen (izan ere, gaurko gorakoak eginak dituk-eta denak dagoeneko).
Lo egiteko tokiak bilatzeko arazoak izaten hasi haiz, hire etapa amaiera batzuk oso herri txikietan suertatzen direlako edo. Gaur, Castillon-en-Couserans-era iritsi nahi huen, baino 6 km lehenago geratu behar izan duk, Aucazein izeneko herrixka lasaian. Okzitanieraz ez dakiela esan dik etxekoandreak –gurasoek ez omen ziotean erakutsi–, baina euskaraz hitz egin nahi baduk, egin dezakeala bere amaginarrebarekin: Saldiasekoa, nonbait, emakumea, gaztetan Aucazeinera ezkondua.
Arièjan habil (frantsesez Ariège), baso eder eta bakartien artean denbora guztian. Hartzaren aldeko pintada batzuk bai, baina kontrakoak gehiago azken kilometroetan. Herriak eta herrixkak han eta hemen, paisaiarekin bat bikainki egiten dutenak, beste garai batzuen lekuko ahantziak (demografia taulak pixka bat begiratu besterik ez zegok, ikusteko zer gertatu den hemen populazioarekin; Pirinioetan oro har bezala).
Uztailak 13, astelehena. Gaur etapa luzatzea eta desbideratzea tokatu zaik, berriz ere lotarako lekurik topatu ezinik. Azkenean, Tarascon-sur-Ariége-raino etorri haiz; bere alde ona badik, bihar pasatu behar baihuen herri handi samar honetatik (3.000tik gora bizilagun), eta, beraz, kilometro batzuk kendu dizkiok biharko etapa luzeari.
Uztailaren 13a duk gaur; egunean zehar, behin baino gehiagotan gogoratu haiz Hiru Behien Zergaren ohitura zaharra gaurko egunez bete ohi dutela, San Martingo Harrian. Zer egin ote dute aurten? Behin Tarasconen, informazio bila ibili haiz, eta bai, bete omen ditek usadioa aurten ere (hori bai, egun jende biltzea dagoen edozeren berri emateko egin ohi duten bezala, kazetariei ez zaiek ahaztu esatea segurtasun protokolo guztiak gordez egin dutela egin beharrekoa; eta festa-festarik ez dela izan). Ez duk orain gogoan zer dioen zehazki Ander Izagirrek bere liburuan ohitura honi buruz, baina mugaren ideia bera auzitan jartzera datorrela esango huke: seiehun urte baino zaharragoa den ohitura honek, ez ote du zalantzan jartzen muga –edozein muga– bi herriren arteko banalerro gisa? Mugak –edozein muga–, ez ote dira gehiago elkarlerro banalerro baino? Pirinioetan habil, eta lehen egunean Urruñetik Berara pasatu hintzen, eta Erratzutik Baigorrira hurrengoan… Zer egiten dute hor mugek, zer banatzen dute?
Gaurko etapa atzokoaren antzekoa izan duk, Arièjako basoak eta herrixkak han eta hemen; Pirinio galduak, ahantziak. Gaur ere bi mendate, atzokoak baino luzeagoak, baina malda aldetik eramangarriagoak: Col de la Core eta Col de Port (azkeneko horri izena jartzeko ez zituan asko nekatu, bistan denez). Tarasconera 88 km eginda ailegatu haiz; hauxe izango duk, seguruenik, egingo duan etaparik luzeena.
Egitasmo hau okurritu eta ibilbidea buruan egosten ari hintzela, Miarritzeko liburu denda batean sartu hintzen eta Pirinio osoa hartzen duten hiru mapa erosi hituen, 1/150.000 eskalakoak (beti izan dituk onak mapa frantsesak): bigarrenetik irten eta hirugarrenean sartu haiz gaurko etaparekin. Horrelako gauzatxoek asko balio ditek goiari eusteko.
Uztailak 14, asteartea. Atzo pozik hintzen gaurko etapa laburxeago geratu zitzaialako –Tarasconeraino iritsita–, baina gerora luzatu beharra izan duk gaurko hau ere, ez baitago garbi lotarako geratu nahi huen tokian –Hospitalet-près-l’Andorre– ostaturik aurkituko duanik. Pimorent (okzitanieraz eta katalanez; Puymorens, berriz, frantsesez, espainolez eta mapa gehien-gehienetan) mendatea gainditu eta beste alderako jaitsieran dagoen Portaraino etorri behar izan duk, azkenean.
Goizean, bizarra egin –bahuen premia– eta pintto-pintto jarri haiz, gosaldu eta pedalei eragiteko prest. Gosaritan, hire moduko bat aurkitu duk, Pirinioetako zeharkaldia mendebalerantz egiten ari dena: denda eta guzti zihoaan hura, lo egiteko ezer aurkitzen ez duenean denda plantatu eta listo; demasa kargatuta, baina. 14 juillet duk gaur, egun handia Frantzia handian. Gaurko ibilbidea planifikatu huenean ohartu hintzen errepide nagusi samarretik joango hintzela, baina ez huen asko pentsatu halako egunez tokatuko zitzaiala (agian, horregatik dotoretu haiz goizean, oharkabean, subkontzientean hor izango baihuen, nonbait, gaur auto askok hartuko ziala aurrea aldapan gora egin beharreko 50 km-etan, eta itxuroso joatea komeni zitzaiala). Total, Andorrako autoak saihestea erabaki huen, eta Andorrakoak ez, baina Andorratikoak eta Andorrarakoak bai, direnak eta ez direnak irentsi behar izan dituk gaurko igoera luzean. Igoerako azken hiru kilometroak onak izan dituk, halere, Andorrarako bidegurutzetik gora ia ez baitzebilen autorik, eta lekua ere ederra delako berez.
Pimorent mendate honek ur isuriak banatzen ditik (Garonak eramango ditik Atlantikora, ipar aldetik, eta Ebrok Mediterraneora, hego aldetik) eta Cerdanyarako sarrera duk (Frantziako Erresumaren eta Kataluniako Printzerriaren arteko muga izan zuan, 1659ko Pirinioetako Hitzarmenaren aurretik).
Mugarri bat, beraz, hire bidaian. Baina gainera iritsi haizenean, mendiarekin –eta naturarekin, oro har–, zer egiten ari garen pentsatzeko beste motibo bat aurkitu duk. 1990eko apunte labur batean diok ederki egon zinetela eguzkitan etzanda bertan, eta oroimenak ere leku zabal eta berde bat ekartzen dik gogora. Orain, berriz, antenatzar nonahikoak, aparkaleku handi eta zatar bat, hotel eder izandako baten aurriak (erreta), zikinkeria han eta hemen…, horixe duk egun miretsi beharreko paisaia. Parajeak ederra izaten jarraitzen dik –hemengo bistak zerikusi gehiago dik goi mendiarekin aurreko egunetako baso inguruarenak baino–, eta eguzkitan etzanda egoteko moduko eguraldia tokatu zaik hara iritsi haizenean; baina bazter batean pixa egin eta behera abiatu haiz (hi ere, hire urak bezala, Mediterraneo aldera). Porta, gaur gaua emango duan herri txikia, bederatzi kilometro beherago zegok, eta garaiz iritsi haiz zerbait jan eta kafetxoa hartzeko, jatetxea hiruretatik seietara itxi egiten baitute.
Hirugarren mapa horri ere dagoeneko kendu diok puska ederra! konturatu orduko helburua begi-bistan izango duk.
Mediterraneoa usaintzen hasita nago, bai 😉
Mapan bertan ikusten duk Mediterraneo itsasoa, ez ahaztu bainua!
Ikusten diat asmoa Lliviatik igarotzeko.
Hortik gertu ibili gintuan duela bi urte.
Ez zaik tentazioa etortzen galgatzeko eta bukaera luzatzeko?
Hain zuzen ere, Llivian negok oraintxe. Oharkabean sartu nauk, pista batean zehar, gainera, eta derrepente ikusi diat paisaia “katalandu” egin dela erabat…
X.
Zazpi jauzi eta bigarren mapatik hirugarrenera pasa! … Eta hara! gogora datorkit, txikitan, plastikozko txirrindulariekin jolasean aritzen ginenean, geronek asmatutako ibilbideetan, nola eskuartean hartu eta gure bultzadaz aurrera egiten zuten! Hala, bigarrenetik hirugarrenera, laugarrenera, bosgarrenera, garraiatzen genituen helmugaraino!
Zuk zazpi jauzitan hirugarrenera iritsi zara dagoeneko! Bejondeizula!
Bidai on izan! Goza ezazu paraje eder guztiez!
Hara! Horiek izango ziren, orduan, egun hauetan sentitzen nituen bultzadatxoak… niri bai iruditu gero eta errazago nindoala aurrera! 😀 Ba segi-segi hola, eskertzen da.
X.
Ba al dakik hemen ibilbide musikal bat antolatu dutela mendebaldetik ekialdera, mendiz mendi edo. Urmuga duk izena eta Angulon hasi zen eta Linzako aterperaino joango duk, 19 etapatan. Abuztuaren 1ean bukatuko duk. Hiru Erregeen Mahaira ere joango dituk.
Bai, irakurri nian irten aurretik. Ideia polita, benetan.