Mediterraneo usaina

Uztailak 15, asteazkena. Gaurko etapa izan duk, seguru asko, bidaiako azkarrena: askoz gehiago behera gora baino.

Portatik atera eta ia akordatu gabe pasatu haiz Latour-de-Carol, Enveitg eta Ur herrietan barrena, lotan zeudean artean; dena behera duk, atzean geratzen ari dituk mendirik garaienak. Ur-en, GPSak errepide nagusia utzi eta herriko kaleetatik sarrarazi hau. Bego: orain arte zintzo ibili denez, jaramon egin diok; baina, halako batean, asfaltatu gabeko pista batean hintzen. Cerdanyan habil, goizeko giroa ederra duk, eta pistaren alboetara dauden eremu eta soroak ere ederrak dituk: aurrera, bada. Pista, hasieran, egokia duk hire bizikletan jarrita dituan errepide gurpilentzat, baina zenbat eta gehiago sartu, orduan eta harri gehiagorekin topo egiten hasi haiz, orduan eta zulo gehiagotan sartzen; eta ez dakik zenbat kilometroz luzatuko den gero eta itxura txarragoa hartzen ari den hau.

Baina ez duk asko luzatu, ez, eta bat-batean amaitu egin duk (lauzpabost kilometro baino ez dituk izan, azkenean): enfin, le goudron!, lehengoak esango lukeen bezala. Baina, non demonio hago? Hiri koskor bat duk, baina zein? Katalunian hintzen eta Katalunian hago, eta zerbait bitxia gertatu duk honaino ekarri hauen pista horretan: hizkuntza paisaia katalanagotu egin duk bat-batean, pistan sartu aurretik hizkuntzaren erabilera ia folklorikoa iruditu zaianak benetakoagoa zirudik hemen, inondik ere (iragarkiak, letreroak, seinaleak, oharrak…). Pista horretan estatu muga bat zeharkatu duk, horixe duk gertatu dena –emakume atsegin bat txakurrarekin paseoan zebilen inguru hartan ote zegoen mugarria? Soro ertzean hamaika kolorez margotutako banku hark zedarritzen ote zuen?…–; eta Llivian hago. Akordatu ere egin gabe pasatu haiz estatu batetik bestera, ditxosozko koronabirusa pasatzen bide den bezala (nahiz eta mugak baliatuz kontrolatu nahi dutela irentsarazi nahi diguten), oharkabean. Llivia, Trebiñu, Villaverde Turtzioz, Aragoiko Petilla… enklabeak eta esklabeak, mugak, mugaondoak eta oro zentzugabeki mugatu beharra. Bada halaxe duk, Llivia Katalunia baita Katalunia barruan, Catalognez inguratutako Cataluña, Frantziaz inguratutako Espainia. Eta hementxe hago, hemendik pasatzea pentsatu baihuen bidaia planifikatu huenean.

Font-Romeu-ko eguzki labea

Llivian bi txirrindulari zaharrekin hizketan egon haiz, kaskorik gabe bisera atzeraka eramaten duten horietakoak: geratzen dituk oraindik ale bakan batzuk. Ez zituan bertakoak, bat mintzatzen zuan pixka bat katalanez. Haiek erakutsi diate Font-Romeu-rako aldapa nondik hartu behar duan, eta, zerbait hartu eta gero, hari ekin diok; horixe duk eguneko aldapa gora bakarra. Eta Lliviatik akordatu ere egin gabe irten haiz, sartu haizen bezalaxe. Errepidetik, Font-Romeuko eguzki labe handia ikusi –itxita omen zegok orain, ez ditek bisitarik onartzen– eta aurrera egin duk. Herri kaskora iristeko malda polita igo behar izan duk; kilometro batzuk, azkenerako. Lehendik ere pasatua hintzen herri handi samar honetatik (2.000 bizilagun inguru), eta beti pentsatu izan duk zer egiten ote duen horrelako herri batek horren goian: udaletxea dagoen ingurua, esate baterako, 1.700 m-tik gora zegok, Peyresourdeko gaina baino gorago; eta herri zaharra duk, ez duk hogeigarren mendean eskirako sortutako gune bat, nahiz eta, itxura guztien arabera, orain horretara emana dagoen.

Conflent-en sarrera
Serdinya (Conflent)

Font-Romeutik aurrera, ostera ere dena behera, behera, behera… Conflent-en sartuz joan haiz, Mont-Louis-en barrena: Oleta, Serdinya, Vilafranca eta, azkenean, Pradaraino, non geratuko haizen gauean eta baita biharko egun osoa ere. Arratsalde eguzkitsu eta epela zegok, goi aldeetan ez bezala; ezagun dik Mediterraneoa ez dagoela urrun: landaredia, usainak, zeruaren urdina, argia bera…, dena duk desberdina hemen.

Uztailak 16, osteguna. Atseden eguna. Prada (frantsesez Prades) herri interesgarria da. Conflent eskualdearen hiriburua, hemen egiten da urtero abuztuan, 1969tik hona, Universitat Catalana d’Estiu delakoa. Bestalde, hementxe bizi izan ziren, erbesteraturik, Pau Casals eta Pompeu Fabra, beste askoren artean.

Prada
Pradako San Pedro eliza

Atzo arratsaldean, ostatura iritsi hintzenean, nagusia telebistari begira zegoan, interes handiz. Zer izango, eta Jean Castex lehen ministro frantses izendatu berria ari zuan, Asanblea Nazionalaren aurrean, Parisen, “separatismo etnizista eta erlijiosoen” aurkako lege berri bat iragartzen urte politiko berriaren hastapenerako (Naiz-en gero irakurri huen bezala, noiz-eta uztailaren 14an Parisen egindako “goreste militar eta nazionalistaren” biharamunean). Eta Pradako alkate duk, hain zuzen ere, Jean Castex eskuindarra (ostatuko nagusiak zioenez, aurki utziko dik alkatetza, esleitu dioten kargu berrian jardun ahal izateko): herri interesgarria, baiki, Prada hau.

Pompeu Fabrak (1868-1948), bada, hemen eman zituen bere azken urteak, 1939an, frankistak Bartzelonan sartu zirelarik, bere jaioterria utzi eta beste zenbait lekutan bizi ondoren. Kimika ingeniaria ikasketaz, Begoñan bizi izan zen 1902tik 1912ra, Bilboko Unibertsitateko katedra bat lortu zuen eta; hiru alaba izan zituen, hirurak Bilbon jaioak. Baina kimika utzi eta filologiarantz bideratu zituen bere lanak gero; Kataluniara itzuli zen, eta jakintza arlo horretan egindakoagatik da ezagun, batik bat: katalan modernoaren gramatika-hiztegien egilea, egungo katalan estandarraren normalizazioa hari zor zaio neurri handi batean. Pradan hil zen eta bertako hilerrian dago hobiratua, katalanen mendi sakratua den Canigó-ren azpian –gauza batzuk ezin dira kasualitate izan.

Pau Casals (1876-1973), txelo-jotzaile ezaguna ere, Pradan bizi izan zen, erbesteraturik. Hogeigarren mendeko txelo-jotzaile bikainenetakoa, tresna horren interpretazio moduetan egindako berrikuntza aitortzen zaio musikaren munduan. Politikoki konprometitua, laguntza handia eman zien Espainiako Gerraren ondoren Frantziako kontzentrazio esparruetan zeuden bere herrikideei, bere ondasun guztiak xahutu arte ia. Bakearen eta askatasunaren aldeko borrokalari bere denbora guztian, NBEren himnoa konposatzeko lana esleitu zioten, eta ezaguna da pieza horren aurkezpen ekitaldian (1971), eta Bakearen Domina eman ziotela eskertzeko egin zuen hitzaldian, nolako harrotasunez aldarrikatu zuen bere katalan izaera: “I am a Catalan, jo sóc català”.

Bukatzeko, hona hemen oparitxo bat: Casalsek ekitaldi hartan jo zuen Txorien kanta ederra, El cant dels ocells (bideoa, baina, Etxe Zurian hamar urte lehenago egindako beste emanaldi bati dagokio).