Heptamerona euskaraz

Heptamerona, azala (Booktegi)Joan den uztailaren 8an, Pirinioetako ibilbidea bizikletaz egiten ari nintzela, Zarrantzatik pasatu nintzenekoa ekarri nuen blogera. Orduko hartan, Bearnoko herri horretara ailegatzeko izan nituen arrazoien berri eman nuen, herri horretan idatzi baitzuen, omen, Nafarroako Margarita erreginak bere obra nagusia: Heptamerona. Hain zuzen ere, 2020ko martxoaren bukaera aldetik ari ginen Fito Rodriguez eta biok —haren ekimenez— Heptameron horren lehen liburukia euskaratzeko lanetan (ezin izan nuen, bada, handik pasatu gabe etsi).

Hona hemen duela ia urtebete idatzitako haren pasarte bat:

Mila gau eta bat gehiago, Dekamerona, Baigorriko zazpi liliak, Heptamerona… Horietan guztietan, istorioak oinarrizko gertaera baten inguruan ardazten dira, gertaera hori da hainbat istorio edo ipuin kontatzeko aitzakia: dela emakume batek luzarazten dituenak, egunsentian hil ez dezaten; dela izurriak jotako Florentzian etxalde batean bildutakoek denbora-pasa kontatzen dituztenak; dela…
Heptamerona ere horietakoa da, eta Nafarroako Margarita erreginak idatzi zuen XVI. mendean; non eta, bada Zarrantzan hain zuzen ere. Eta ez da soilik herri honetan egindako egonaldi batean idatzi zuela, antza, obraren parterik handiena, baizik eta herri honetan kokatu zuela istorioak harilkatzen dituen gertaera oinarrizkoa: oso urrun ez dagoen Cauterets herrian eta inguruetan izandako uholde handitik ihesi datozela, eta aipatutako ibai handia zeharkatu ezinik dabiltzala, Zarrantzako santutegian elkartzen ditu autoreak bere pertsonaiak. Pertsonaia horiek, Dekameronekoen antzera hemen ere denbora pasatzeko moduren bat behar dutenez –ibaiak dakartzan urak jaitsi eta beren bideari jarraitu ahal izan arte, behintzat–, istorioak kontatzen jarriko ditu Margaritak: hamar pertsonaia; zazpi egun (hortik, noski, argitaratu zenean obrari eman zitzaion izena); hirurogeita hamabi istorio guztira (badirudi lana zeharo amaitu gabe hil zela egilea).

2020ko gure itxialdi modernoan sortu zen, bada, duela ia 500 urte gertaturiko beste itxialdi hartakoak kontatzen dituen liburua euskaratzeko egitasmoa. Fito eta bion artean lehen eguneko hamar istorioak euskaratu genituen iaz, eta Booktegiren esku utzi genituen zuzenketa eta argitaratze lanak gero. Iazko udazkenerako argitaratzeko asmotan genbiltzana, baina, atzeratuz-atzeratuz joan da, eta, azkenean, orain bai, aurtengo udazkenean plazaratuko dela esan dezakegu. Zer gertatu da bitartean? Bada, batetik, egungo egoera ez dela egokiena gauzak arin egiteko; eta, bestetik, eta hau albiste ona da, gure hasierako egitasmo xumea beste funts bateko proiektu bilakatu dela azken urtebete honetan. Booktegiren eta Nafar Ateneoaren artean Heptameron osoa kolektiboki euskaratzeko proiektua abiatu dute: urtero-urtero liburuki bat itzuli eta argitaratuko da, eta jendaurreko irakurraldi baten bidez aurkeztuko da. Lehen liburukiaren, hau da, dagoeneko itzulita dagoenaren aurkezpena eta irakurraldia urriaren 2an izango dira, Iruñeko Kondestablen.

Proiektua finantzatzeko, erakundeen laguntza ez ezik, crowfunding kanpaina bat ere antolatu da. Nahi izanez gero, hemen duzu laguntzeko aukera 😉 . Eta proiektuari buruz informazio gehiago (ipuin labur baten kontakizuna barne) ematen duen bideo bat ikusi nahi izatera, hemen duzu.