Gara eta Jonay

Kanarietako Gomeran kontatzen duten elezaharrak dioenez, bertako Gara printzesaren edertasunak Tenerifeko Jonay printzea erakarri omen zuen. Garak, leinukide ez zirenekiko harremanak debeku zituenez, ezezkoa eman zion hasieran; baina gerora, ikusiz Jonayk zion amodioa benetakoa zela, eta harekin alde egitera deliberaturik, atxilo zeukaten Jonay askatu eta Tenerife aldera ihes nahi izan zuen berarekin. Bikoteak ez zuen lortu, baina, itsasoratzea, eta, bertakoek jazarririk, uharteko gailurrik gorenean inguratu eta bakartu zituzten; harrapatuko zituzten beldur eta amore eman nahi ez zutenez, txilar adar baten bi muturrak zorroztu, bien artean jarri, eta elkar besarkatu zuten betiko. Harrezkero, Garajonay deritzo gailur horri.

Herri guztietan dira ezin gauzatuzko amodioen berri ematen diguten elezaharrak. Atacamako basamortuan, esaterako (eta bertsioak bertsio), kontatzen dute Kimal mendi jainkosa Likankabur sumendi jainkoarekin ezkonarazi nahi zutela; baina berak beste sumendi bat maite, Jurike. Aitak —Laskar, oraindik ere indarrean dirauen sumendiak—, alabarekin haserre, burua moztu zion Jurikeri eta Kimal erbesterarazi egin zuen, Andeetatik Domeyko mendikatera igorriz, Atacamako gatz lautada zabalaren beste aldera. Udaburuero, eguzkia sartzerakoan, Kimalen itzala luze-luze egiten omen da, eta Domeyko mendikatetik lehen bizi zen lekuraino iristen da; Jurike kuttunaren ondoraino, alegia.

Kanarietako uharte batzuetan, oso bitxia da klima: ipar-ekialdetik jotzen duten alisioek urez kargatutako hodeiak ekarrarazten dituzte itsasotik lehorrera, eta ipar aldera jotzen duten mendi mazelekin topo egitean hantxe geratzen dira itsatsirik —behe laino heze, lanbro zuri—, dakarten ura bertako zuhaitzen adar-hostoetan kondentsaraziz; alisioen laztan horrek oparitutako ihintz gozoa, gero, tantaka-tantaka erortzen da lurrera, dena blaituz. Hartara, oso maiz, uharteotako ipar aldean egiten duen eguraldiak ez du zerikusi handirik hego aldean egiten duenarekin, ez eta milioika urtetan zehar bi aldeetan sorturiko paisaiak ere: ipar aldeko berde-heze emankorrak eratutako oihan epela —bertakoek monteverde esaten diote, mendi berdea— hego aldeko basamortu hori-antzu eta idorraren ifrentzua da, inondik ere, eta halaxe agertuko zaio supituki edozein bidaiariri, iparretik hegorantz –edo alderantziz– iragatea suertatzen zaiolarik. Gomera da uharte horietako bat, Atlantikoaren erdian eta Saharako basamortuaren latitude bertsuan dagoena.

Istorioak istorio eta elezaharrak elezahar, ez ote da, bada, Jonay, Tenerife aldetik datorren haize hezea, Gomerako Gararen lurrak ihinztatu eta ernaltzen dituena?