Dena prest daukak, edo ia, bezperatik. Goiz mugitu arren, perezak harrapatuta jaiki haiz gaur, eta aitzakia bila habil gosalondoan; luzamendutan, abiatzerako.
Hamarretan abiatu haiz, azkenean. Aurtengo udan ohi denez, eguraldi ona iragarriagatik eguzkiak ez dik oraindik bere bisaia azaldu Herniopeko paraje hauetan. Beasaineraino joan beharko duk oraindik lainope, baina eskerrak, gerokoa ez duk hobea izan eta: bero handia zekarrek, bai gaur eta bai hurrengo egunetan.
Gaurko ibilbidea erraz samarra duk: Ormaiztegiraino aldaparik ez, eta handik Gabiria aldera doana ere, luzetxoa baina malda gozokoa; eta saihesbide ederra –eta polit askoa– eskaintzen dik, gainera, Zumarraga eta Legazpian sartu gabe Mirandaolan, tak, presentatu, eta handik Udanan barrena Oñatirantz jotzeko.
Oñatira heldu orduko, bero duk. Donostian ez omen dik oraindik argitu, hala esan diate, baina zoko hau ondo labetuta zeukak eguzkiak dagoeneko. Aurreko batean egondako kafetegi baten terrazan gelditu haiz, zer edo zer jatera. Kafetxoa hartu, eta ordu bietako eguzki zigortzaile baten pean abiatu haiz, Arrasate aldera. Trafiko pixka bat bazebilek errepidean, abuztuko astelegun gorria izateko, baina herria bera, iritsi haizenean behintzat, mortu zegok erabat, eta, guneka, asfalto urtzen hasiak bat egiten dik bizikletako gurpil-azalekin –duda egin duk herri honen izena Arrasate ote den edo Abrásate 😮 –; beste izeneko dragoia etorri eta biztanle guztiak irentsi dituela ematen dik, inor ez kalean. Hirurak ez dituk, eta gaurko etapa eginda. Ostatuan, albiste ona eman diate: abuztua izanagatik, zazpietan hasten dituk gosariak ematen (jende langilea Debagoieneko hau, halakoa ditek sona 😉 ); biharamunean goiz jaiki, eta zortzietarako bidean jartzeko plana egin duk.
Gurpil gaineko bidaiaren ondoren, Wikipediara joko duk orain bestelako bidaia batean, Arrasateri buruz zerbait ikastearren. Espero bezala, informazio osatua eta interesgarria ematen digu herriari buruz: izenaren nondik norakoak; geografia, historia, ekonomia, kultura, demografia, politika, azpiegitura eta ondasun nabarmenei buruzko informazioa; eta, herriei buruzko artikuluetan maiz bezala, arrasatear ospetsuen zerrenda. Zerrenda horretako hogeita zazpi izenen artean (Esteban Garibai, Seber Altube eta Iokin Zaitegi; Jose Maria Arizmendiarrieta, eta Pedro Biteri eta Arana; Txomin Iturbe, Xabier Zubizarreta eta Isaías Carrasco; Inaxio Kortabarria eta Lopez Rekartetarrak; Joxe Aranzabal eta Xabier Letona…), bi emakume baino ez dira ageri: Ino Galparsoro Markaide, alkate izandakoa eta Debagoieneko Mankomunitateko lehendakari ohia, eta Ines Osinaga Urizar, abeslari eta soinu-jotzailea. Estatistika hutsaren ikuspuntutik besterik ez bada ere, hankamotz dabil zerbait hemen, oso hankamotz; baita gure Wikipedia eder eta landuan ere. Ea, ba, zer dioen, bi emakume horiei buruz (labur-labur):
- Ino Galparsoro Markaide Arrasateko alkatea –eta Debagoieneko Mankomunitateko presidentea– izan zen, 2007 eta 2011 urteen artean. Galparsoro alkate zela hil zuen ETAk Isaías Carrasco zinegotzi ohia, Arrasaten, eta hilketa horren gaitzespena edo gaitzespen eza dela-eta sortutako gatazka politikoaren ondorioz kartzelaratu zuten alkatea, Garzón epaile espainiarraren aginduz; hiru hilabete eman zituen espetxean.
- Ines Osinaga Urizar irakaslea, berriz, Gose taldeko abeslaria eta soinu-jotzailea da. Trikiti munduan hasiak, musika egiteko beste modu bat asmatu zuten Gose taldekoek, trikitia musika elektronikoarekin batuz, tradizioko manerak egiteko beste modu batzuekin uztartuz. Bide berri horrek eman zien sona, eta nazioarteko bira batzuk ere egin zituzten (azken diskoa 2014koa dute). Koldo Zuazo dialektologoak elkarrizketa egin zion Osinagari: Arrasaten egiten den euskararen erakusgarri ederra izateaz gain, pertsona bera ezagutzeko ere biziki interesgarria da elkarrizketa. Hementxe dago, baten batek entzun nahi badu (8 min besterik ez da).
Arrasatear ospetsu horien artean, egun alkatea den Maria Ubarretxena Cid ere ez da azaltzen. Emakume arrasatear ezagun edo ospetsu gehiagoren bila webean hasi, eta hona hemen emaitzak: “Arrasateko emakumeak” jarrita, liburu baten aipamena agertzen da, batik bat; “mujeres Arrasate” (edo “mujeres Mondragón”) jarrita, berriz, ez da zaila asmatzen zer-nolako gauzak azaltzen diren; azkenik, “nacida en Mondragón” jarri, eta… Lehen emaitza, Caja izeneko eta Laboral abizeneko bat: Arrasaten jaioa eta ospetsua bada, inondik ere, baina ez genbiltzan horren bila; bigarrenean, Carlos V. erregegai karlistaren maitale izan omen zen Joakina Azpiazu Markaide azaltzen da; gero, Ana Isabel Ugalde Gorostiza historialari eta EHUko irakaslea, Beatriz Arzamendi Ceciaga musikaria, Maialen Axpe Etxabe pertika-jauzilaria, Itziar Usabiaga Arriola… beren curriculumak irakurri besterik ez dago aipatu zerrenda horretan agertu beharko luketela baieztatzeko. Baina ez dira agertzen: gizartearen isla, dudarik ez, baina ez daude eta egon beharko lukete.
Berandu duk eta urruti samar joan haiz hire “wikibidaian”. Bihar, gaur baino kilometro eta aldapa gehiago dituk zain, oheratzeko garaia duk. Perseidak ikusteko gaurik onena omen zuan gaurkoa –hala ziok mugikorrera iritsi zaian abisuak, inork eskatu gabe iritsi ere–, baina isurialde atlantikoan habil oraindik, eta aurtengo udan lainajea zebilek gailen hemen; agian, bihar, Gaubea aldean, izango duk aukera bestelako zeru bat behatzeko.
Hiru hauek Euskal Wikipedian zeuden:
– Ana Isabel Ugalde Gorostiza historialari eta EHUko irakaslea,
– Beatriz Arzamendi Ceciaga musikaria,
– Maialen Axpe Etxabe pertika-jauzilaria,
erraza izan da list horretan sartzea, Xabier.
Beste hauek ez zeuden:
– Joakina Azpiazu
– Itziar Usabiaga Arriola
listan gehitu ditut baina baten batek artikulua osatu beharko luke.
Aupa Xabier… Astorgaraino bero zapal horrekin, aupa!
Eskerrik asko, Kepa. Idazten bukatu orduko ohartu ninduan baten bat lanean jarriko nuela blogoeta honekin 😉 , eta bai agudo jarri ere. Mila esker berriz (Wikipedian egiten ari zareten lan eskergagatik ere bai, noski).
Gurpilaren azpian, tamalez, arrasatear emakume bat baino gehiago…kumeekin ala gabe… oraindik ere!. Eskerrik asko egindako irakurketagatik. Wikipedia zain dugu! Bidai on Xabier!
Halaxe da, Mariaje, lan asko dago oraindik egiteko, eta ez Wikipedian bakarrik zoritxarrez, arlo asko eta askotan baizik.