Urte berri, zaharrak berri

Urtarrilak 1

Urtats. “Urtats onak!” esaten omen da (edo zen), orain “Urte berri on” esaten duguna.

Urtats. Urte hasiera, noski, urtearen hastea. Urtearen hatsa nahiago, baina, nik gaur, datorrenak beharko du-eta hatsik franko: 2021a xelebre joan da, joan ere, eta hats labur amaitu du; ea 2022ak zer dakarren.

Asperra nabari da gure artean, nekea, etsipena; amorrua ere bai, zenbaitetan eta zenbaitengan. 2020ko martxoan heldu berria hamabostaldi txar bateko kontua izango zelakoan geundenok, aise apaldu behar izan ditugu gure aurreikuspen optimista haiek. Jendartea triste sumatzen dut: kezka, ezinegona, ziurgabetasuna.

Goizeko sei eta erdietan piztu da iratzargailuko irratia, eta ez dut inolako ajerik sumatzen, den eguna izateko. Hemezortzi gradu kanpoan; atzo, Urtezahar, hogeitik gora ziren eguerdian, kanpoan bazkaltzeko moduan. Xelebre bukatu, xelebre hasi –eguraldiari dagokionez–, baina ez gara horretaz kexatzen hasiko. Gosaldu, motxilak hartu eta kanpora: ez da modu txarra urteari hatsa ematen hasteko, horretaz ere kexurik ez.

Errepidea libre dago, ez dabil inor asko ordu honetan. Hiriko kaleak ere hutsik, gustura dabiltza, 2020ko udaberrian nola, txakurrarekin paseoan dabiltzanak. Udaberria dirudi, baina biluz ageri dira zuhaitzak; negu arraro eta gogor batek hostoberritzeko indarrik gabe utzi dituela esango litzateke benetan udaberria balitz; baina ez, ez da oraindik garaia.

Tren geltokian bizia dago, ordea: txirrindulari andana, beren bizikletekin, aldirietako trenaren zain, batere ajerik gabe horiek ere; eta Madrilerako trenaren zain dagoen jendea, bestalde, bestelako puska batzuekin hauek. Gaupasa eginda etxera bidean diren gutxi batzuk ere bai, nasan. Oro har, argazki bakarra: musukoak musuan, eskukoak eskuan; eta musukoen gainetik begiak, eskukoetan bildurik. Neska bat etorri da, euskaraz, ea ondo ulertu duen galdezka, aldirietakoa ibilbide luzekoaren aurretik ote datorren. Halaxe da, bai; eta biak ala biak ere beren orduan geltokiratu dira. Ibilbide luzeko trenean jende askorik ez, bidaia lasaia izango dela ematen du. Urte berri, asmo berri, idazteko beta –eta gogoa– ere bai, urtats egun honetan.

Trenez bidaiatzea gozamena da irakurtzea maite duenarentzat: astia, lasaitasuna, erosotasuna. Irakurtzen ari naizen liburua ez ezik, Argia-rekin batera argitaratzen den Larrun-en 269. zenbakia ere ekarri dut gaur aldean, COVID pasaporteari buruzkoa; ordu erditxo batean irakurrita neukan. «Eskubidea dute ez egiteko, baina kasu horretan seguru aski beste era batera bizi beharko dute.» dio, ia bukaeran, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak txertoa hartu nahi ez dutenei buruz. Gogorra. Txertoen “derrigortasuna”, norberaren eta guztion eskubideak, denon osasuna eta segurtasuna, zein erraz onartu dugun gehienok ditxosozko pasaportea, nola eramaten gaituen egoera gaizto honek hurkoari askotan errezeloz begiratzera, are epaitzera ere zenbaitetan… Zenbat eta zenbat hausnargai ale horretan! Bertan esaten diren guztiekin ados egon zein ez, ale gomendagarria, zinez, Larrun-en 269. zenbaki hori.

 

Urtarrilak 4

Urtats eguneko trenera berriz, gaur ere.

Treneko bidaiari bati –neska gaztea, ilehoria– musukoak ez dio sudur punta estaltzen. Treneko begiratzaileak –neskaren aita izateko adina duen gizaseme heldua, burusoila– musukoa “behar bezala” janzteko esan dio. Ezetz, neskak. Ondo janzteko, begiratzaileak. Ezetz, neskak… medikuak baimena eman diola maskara sudurra bistan ibiltzeko. Paperak? Paperik ez. “Si usted no se cubre la nariz, se baja en Valladolid”, begiratzaileak (Bejondeiola, hik baino errazago egiten ditik koplak gizon honek!). “Tú eres un poco tonto, ¿no?”, neskak, bagoiko bidaiariei begira bidenabar, konplizitate bila edo. Liskarra jarrita dago: begiratzaileak, berak duela agintea trenean, eta ezin duela neska postura horretan eraman; neska ere berean, bera ez duela inork aterako trenetik, eskubidea duela musukoa daraman bezala eramateko. Gizonak, bere artean, “Belarrondoko batzuk behar hituen hik, baina ez zizkinan inork eman behar zen garaian!”. Neskak, bere baitan, “Uste al duk ni trenetik hola-hola bidaliko nauala, fatxa nazkagarri horrek!?”.

Valladoliden, polizia bikotea igo da trenera. Eztabaida berritu besterik ez da egin. Begiratzaileak, ezin duela neska horrela eraman trenean, baina aukera emanez tratu bat egiteko: maskara ondo janztera konprometitzen bada, berak ez duela eragozpenik jarriko. Neskak, berriz –orain saiatzen da musukoari goraxeago eusten, poliziak aurrean dituela–, berak gaixotasun bat duela eta bere eskubidea dela horrela ibiltzea; arnasa hartu ezean hil egingo dela diote neskaren lagunek, denek batera, treneko langileari uhuka. Trena, geldirik; gainontzeko bidaiariok, isilik. Badira kexatzen hasi direnak, konexioren bat galtzeko arriskuan direla eta. Neskak ere hegazkin bat hartu behar omen du, hala dio orain, bera “oso bidaiatua” dela esan digu behin baino gehiagotan, eta inon ez duela arazorik izan musukoa eramateko moduagatik (“He viajado tela, y nunca, nunca he tenido problemas por la mascarilla!”). Poliziek ez dakite zer egin; begiratzaileak amore ematea gustatuko litzaieke, horixe errazena beraientzat. Denbora aurrera doa eta trena geldirik dago. Ordu laurden bat-edo geroago, poliziek alde egin dute trenetik; ez dakit salaketarik jarrita edo ez, baina bestelako bortxarik baliatu gabe. Trena hamar minutu berandu iritsi da Madrilera. Nasan, begiratzailea bakarrik pasatu da neska taldearen aurretik: “Si estás amargado, vete a casa”, uhuka haiek.

Bestela uste banuen ere, tren bidaia ez zen guztiz lasaia izan; garai xelebre hauen ajeak.

 

Urtarrilak 10

Kanaria Handiko Agaeten bada Maipés izeneko nekropoli bat –700 inguru hilobi–, orain dela 3.000 urteko sumendi baten erupzioaren lekuko den laba eremu batean. Duela 1.000-1.300 urteko kanariarrek Maipésekoa bezalako laba eremuetan “lurperatzen” zituzten beren hildakoak, laba eremuotan eraikitzen zituzten kono enbor formako hilobiak –handienek 3 m garai eta 8 m-ko diametroa ere badute–, malpais horretako arroka bolkanikoekin. Nekropoliaren azalera kilometro koadro batekoa da eta bisita osoa aire zabalean egiten da. Bada, pandemia dela-eta, urte eta erdiz egon da itxita gunea –itxita erabat, ez edukiera nola edo hala mugaturik–, hala dio sarreran txartelak saltzen dituen andreak.

Eta itxialdi horrek Urtezahar eguneko kontu bat ekarri dit gogora. Andoaingo garbigunean –eta beste askotan–, bada “Berrerabilgune” izeneko leku berezi bat, sarreran. Berrerabilgune horretan, ibili dabiltzan tresna eta aparatuak utz daitezke; edo liburuak, edo bizikletak, edo jostailuak, edo altzariak… zuk nahi ezik beste norbaitek gustura hartuko lituzkeen gauzak, oro har. Hor utzitako objektuak beste edonork eraman ditzake gero, eta, hartara, hondakinen kopurua murriztu egiten da nolabait. Ideia polita, oso… Berrerabilgunea garbigunearen sarreran dagoen lokal bat da, leihoz inguratua (barruan dagoen guztia bistan da behintzat), eta orain –2021eko abenduaren 31– giltzaz itxita; duela urtebete, omen, aurki izango da urte eta erdi ere, azkar joaten da denbora. Langileari galdetuta, COVIDagatik dela dio. Nola COVIDagatik? Bai, COVIDagatik… –oso argi dauka, normala iruditzen zaio zerbitzua COVIDagatik itxita egotea:– Urtebete da itxita dagoela. Urtebete? Bai, badakizu, kutsatze arriskua… hasieran jende asko hil zen!

Urtebetetik gora, beraz, itxita dagoela garbiguneko berrerabilgunea. Kutsatzeko arriskuagatik, omen. Era berean, eta egun zabalik dagoen arren, urte eta erdiz itxita egon da Maipéseko nekropolia. Kutsatzeko arriskua ote zen, hemen ere?

Logika berarekin, ez ote lukete itxita behar eskolek, tabernek, zinemek, kiroldegiek, liburutegiek…? Ez ote dira hauetako asko eta asko ixteko arrazoiak pandemiaren izenean asmatu aitzakia merkeak, beste zerbaiten estalgarri?