Euskararen zailtasun handia aldarrikatu du Gasteizko epaile batek, euskarari diokeen gorrotoa (edo euskalduntzeko gauza ez izana, batek daki) agerian utziz.
Bakarrik dauden migrante adingabeak kriminalizatu ditu Iruñeko alkateak berriki egin dituen adierazpenetan, bere izaera arrazista eta xenofoboa agerian utziz beste behin.
Eremu erdaldunduetako —hiri handietako— ume euskaldunak “euskararen hegemonia absolutu batean” bizi direla, “burbuila euskaldun” batean isolaturik, esan du ezkerreko alderdi bateko lehendakarigai euskaldunak, bere espainoltasuna agerian utziz.
ETAk ez duela bere Nuremberg-a izan esan du anaia ETAk hil zion Europako legebiltzarkideak, justiziaren bidea gabe mendekuarena jorratu nahi lukeela agerian utziz.
Hizkuntzak ez dira berez eta absolutuki zailak edo errazak, hori edozein hizkuntzalarik esango dizu. Bakarrik dauden migrante adingabeak ez daude gertatzen diren lapurreta eta delitu guztien atzean, aise egiaztatzen dute hori gertaeroi buruzko datu guztiek. Eremu erdaldunduetako ume euskaldunak ez dira euskararen hegemoniapean bizi, gaztelania edo frantsesarenean baizik; ergeletan ergelenak ere ikusten du hori, ikusi nahi badu. ETAk egindakoak espetxe urte asko eta sufrimendu handiz ordaindu dira —eta ordaintzen ari dira oraindik—, bistakoa denez.
Baina euri txiki eta etengabea bezala, horrelako diskurtsoak ezarian-ezarian gizartean sartuz joaten dira, eta azkenean hezurretaraino blaitzen dute; lanak izaten dira gero horri aurre egiten. Eta aise irudika dezakegu geure burua, etorkizuneko edozein unetan, hemen bertan edo kanpoan eztabaida baten erdian, hizkuntzak ikasteko zailtasuna erlatiboa dela defendatzen eta, ama hizkuntza edozein dela ere, euskara ikasi duten hainbat eta hainbat pertsona daudela munduan ikusarazi nahian; edo, datuak eskutan, azaldu nahian lapurreta, hilketa, bortxaketa edo emakumearen kontrako eraso ororen atzean ez dagoela beti etorkin bat; edo ume euskaldunen isolamenduaren kontua, euskararen eta gure hizkuntzan bizi nahi dugunon kontra jotzeko asmatutako beste ipuin bat baino ez dela esaten: beste eraso bat, hamaika milagarrena edo; edo “Nuremberg” aipatu den testuinguru horretan aipatzeak dituen konnotazioak agerrarazi eta gaiztotik zenbat duen azpimarratu nahian; indarrak galtzen betiere, bista-bistakoak, agerikoak eta nabariak diren gauzen alde leherrenak egin beharrean.
Izan ere, gaur egun tximista baino azkarrago zabaltzen dira horrelakoak, berehala iristen dira bazterrik ustekabekoenetaraino. Esaterako, Gasteizko epailearen sententzia jakinarazi eta 24 ordu baino lehen, hortxe nituen whatsappean bi mezu berdin-berdin —mezu bera eta bakarra, hobeto esan—, nondik-eta Kubatik bata eta Kanarietatik bestea bidaliak, non Donostiako egunkari ezagun batetik hartutako albistea baitzetorren, bidaltzaileak “gehitutako” esaldi batekin: Me parece justo. Hau da: albistea zabaltzeko estrategia bat diseinatu, eta, hizkuntzaren zailtasunaren mitoan oinarrituz, mito ustel hori mundu zabalean —Atlantikoan txango egin eta Karibetik bueltan heldu zitzaidan atzera, niri behintzat, Gasteizko epaitegiak emandako epai xumearen berria— areago hedatzeko bidea urratuta zegoen biharamunerako; eta epaiaren aldeko iritzia zabalduz, jakina.
Calumnia, que algo queda dio gaztelaniazko esaerak. Behin otso egindakoa, otso geratzen dela, alegia; horixe, euskaraz, nolabait baliokidea litekeen esaera —oso nolabait, egia esan, baina tira—, Justo Mokoroaren hiztegian irakurri ahal izan dudanez.
Halaxe da…