Aspaldiko partez, ekarpentxo bat abandonatu samarra dudan blog honi: bi itzulpen, bi poema labur.
Lehena, euskaratzeko lan gehien eman didana —neurri-erritmo kontuez gain errima ere gorde nahi izan baitut nolabait—, Pessoaren poema ezagun bat da, lehengoan whatsappez lagun batek igorri zidana. Bila ibili naiz euskaraturik ote zegoen lehendik, baina ez dut deus aurkitu; egongo da, agian, hor nonbait. Edonola ere, hauxe duzu nire bertsioa:
Den-dena maite dut
Maite dut izandako den-dena,
jadanik ez den guztia,
minik ja ematen ez duena,
fede zahar iruzurtia,
samina largatu zidan oro,
poza eman zidan aupada,
hegan joan eta ez baita haboro,
eta gaur beste egun bat da.1
Bigarrena, berriz, Jean-Paul Polettirena da. Poletti (1949) curriculum aberatseko musikari polifonista korsikarra da, Sartèko Abesbatzaren sortzaile eta zuzendaria. Abesbatza hori sei gizasemek osatzen dute, eta, Korsikako polifonia tradizionaleko kantuak ez ezik, abesti erlijiosoak eta bestelakoak ere baditu bere errepertorioan. Azken horietako bat da hona ekarri nahi izan dudana, frantsesezko itzulpenaz baliatuz euskaratua:
Gurpila
Hona hemen, laguna, munduaren gurpila, etengabe biran bere sasoi eder eta loretsuekin.
Helduiozu eskutik, laguna, zeure bidea gal ez dezazun; bil ezazu ahal duzun guztia, laguna.
Hortxe duzu bizitza dantzan: emaiozu eskua, laguna.
Eta, batez ere, ez gelditu, bestela hark utziko baitzaitu: ez ahaztu bizitzea, laguna.2
- Eu amo tudo // Eu amo tudo o que foi, / Tudo o que já não é, / A dor que já me não dói, / A antiga e errônea fé, / O ontem que dor deixou, / O que deixou alegria / Só porque foi, e voou / E hoje é já outro dia.
- A rota // Eccu la rota di u mondu chi gira senza pianta di stagione belle fiurite, ô cumpà. / Da’llia manu, ô cumpà, per un perde la to strada, coglie tuttu cio chi granerà, ô cumpà. / Volta la vita chi balla dali a manu, ô cumpà. / E ùn ti ferma per nunda, chio si no ti lascera è ùn ti, scurdà di un campa ô cumpà.