Egilearen xerka (7): Cauteretseko euriteei ihesi Zarrantzaraino

2022-08-30

Bidaia finitzera doa, azken eguna da. Goizean, Cauteretseko kalea oraino bustirik da, baina, erran bezala, ez da batere uholde aierurik oraingoan.

Cauteretsetik Zarrantzarako bidea ez da erraza egun ere, bideko zailtasunak hor izanen ditu aiduru itzultzaile-bizikletari bikoteak, Heptameroneko protagonistek nola: hartzik ez, naski, eta bidelapurrik ere ez ahal da izanen!; baina goha kiskalgarria espero da egun ere eguerdian eta arratsaldeko lehen orenetan, eta malda gaitzeko patarrik ere ez dute falta izanen bidean. Cauteretsetik Pierrefittera aise jautsiko dira, dudarik ez, baina handik harat, Lavedango lurretatik Azungo haranera lehenik, handik Ossauko ibarrera, eta, azkenik, Zarrantza datzan Aspeko haranerat iragateko, gorako tarte luzeak izanen dituzte; biga bederen, gaitzekoak: Aubisque lepoa, hasteko, eta Marie Blanque, gero —“Tourreko mendateak!”, diotso bizikletariak ondotik.

Bidearen luzea kari, arras goiz partitu dira Cauteretsetik, eta segidan ziren Pierrefitten. Handik Saint-Savin-erako bidea hartu dute, goraka beti. Ederra zegoen herria goizeko tenore horretan, abadiaren eraikin gotorra nagusi zela. Itzultzaileak ahantzia zuen herri hau ere aipatzen dela Heptameronaren aitzinsolasean, eginen zukeen bertzela geldialdi bat, abadia behintzat bisitatzeko astia hartuz. Baina egun luzea dutela oraino, eta aitzinerat egitea deliberatu du. Damu da geroztik, jakin duenetik Saint-Savin eta hango abadia ez direla bakarrik fikzioan ageri diren izen-lekuak: Margarita erregina eta haren gortekideak Saint-Savingo abadia horretan aterpetu omen ziren, 1546ko larrazkenean, Cauteretsetik zetozela, eurite handi batzuk zirela-eta; eta hori ez da fikzioa, gertakari historikoa baizik. Margarita bere Heptamerona eskribitzen hastear egonen zen garai hartan (nahiz eta autore batzuek gaztaroan hasitako lana izaten ahal dela erraten duten) —bertze batean itzuli beharko du hona ere, Cauteretsen hartu ez dituen bainuak hartzeaz batera.

Saint-Savin: abadia
Saint-Savin: abadia

Saint-Savin, Arcizans-Avant, Aucun, Arrens-Marsous… Azken herri horretako plazako iturrian ura edan eta aitzinera, patarrik gaitzenak orain hasten dira eta. Bizikletaria itzultzaileari maiz entzun dion Heptameronaren pasartearekin ametsetan dator bart arratsetik: “Hain leku arrotz eta igotzeko eta jaisteko hain zailetatik pasatuz, non ez adinak ez eta pisuak ere ez baitzuten libratu bidearen gehiena oinez egitetik”. Eta bere baitan, arranguraz: Adinak? Pisuak? Oinez egin? Ezta pentsatu ere, azkena litzateke hori, bizikletari batek ez du nehoiz pied à terre jartzen malda batean —nehoren ikusmenean deino bederen—: nahiago leher eta zapart egin, oina lurrean ipintzea baino! Halako gogoetak buruan ekin dio bikoteak Soulor-eko aldapari, eta gero, Littor-eko zirkuko errepide estuan barna kilometro batzuk egin ondoren, Aubisquekoei, harik eta gaineraino heldu diren. Zailena-edo eginik zutelakoan, zerbait jan eta ziztu bizian jautsi dira Laruntzerat, eta handik Bieilleraino, zelaian. Baina orotara egin beharreko kilometroak anixko ziren, eta, goizean goiz partituagatik, tenorerik txarrena bide zuten eguneko azken malda gogorrari ekiteko, beroa izugarria baitzen jadaneko.

Hala ere, bertze zerbait jan eta edan, eta abiatu egin dira Marie Blanque-ko patarretan goiti. Eguerdiko bi orenak jorik, termometroak 37-38 gradu markatzen du: mendate honek ez du nehoiz hotz utzi bizikletaria. Izan ere, aspaldikoa du hark Marie-Blanquerekiko amodioa, urte anitz dira bihotzeko Marie Blanquerekin amorostua dela, eta lehenago ere eskribitu izan dio amodiozko gutunik (duela bi urte, azkena); ordea ez du oraino arraposturik errezibitu. Oraingoan, itzultzailearekin dela profitatuz, burura etorri zaio hari laguntza galdatzea, ea duela bi urte Marie Blanqueri euskaraz eskribitu zion gutun hura frantseseratzen lagunduko ote dion, beldur baita euskaraz zegoelako hark entelegatu ez eta hori izan ote den, bada, ez ihardesteko motiboa… Gogoeta horiek buruan zerabiltzala iragan dute Bénouko goi-zelaia, ohartu gabe errepidea kabalek —behor eta behi saldoek, bereziki— eta turista tropa kopurutsu batek etena zegoela ia gune batzuetan; beti ibiltzen da jendea han goian, haintxe da ederra paraje hori ere. Goi-zelai horretatik Marie Blanque leporaino hiruzpalau kilometro izanen dira gehienez, eta ez dira zailak, gainera. Lepoan bertze bizikletari anitz zegoen egun ere, eta haietako batek erranik jakin du bizikletariak bere maitearen izena bearnesezko Maria Blanca-tik datorrela, eta sai zuria erran nahi duela… Beheitikoan, pentsatu du gogoeta egin beharko duela, ea komeni ote zaion harreman horrekin jarraitzea, saiak odola ere xurgatzeko kapable direla eta…; eta bitartean ez diola itzultzaileari deus erranen berriz gutunaren itzulpenaz.

Marie Blanquetik beheiti zalu jautsi dira —malda ere ez da entrabalekoa, izan ere, Aspeko ibar alderat—, eta berehala ziren Escot-en. Handik Zarrantzara hiru bat kilometro baizik ez, hamar minutuan joa zuten herria. Egun ez da abaderik Zarrantzako komentuan, ez ditu nehork errezibitu.

Hala bururatu da, bada, bederatzi egun lehenago Zarrantza honetan berean hasi zen bidaia, itzultzaileak egilearen xerka abiaturikoa. Zortzi egun izan dira bizikleta gainean, gehi bertze bat Néracen, pausuan, eman zutena. Bizikletariak agudo atera ditu kontuak: 562 km orotara, 6.000 metro baino gehiagoko goitiko desnibel metatua…

Itzultzaileak, berriz, bidaia honetan deus ikasi ote duen galdatzen dio bere buruari, baliagarri izanen ote zaion bere lanean. Egilearengandik hurbilago sentitzen da, haren historia eta nondik norakoak hobeki ezagutzen ditu dudarik gabe, Heptameronaren egilea nolabait ediren duela bidean erranen luke. Blogaren bidez egin ariketa honen balizko irakurtzaileak ere gogoan ditu, naski, honaino heldu denik ba ote den ere ez daki, ordea: Nehori interesatuko ote zaio hainbat istorio eta historia, duela lau mendeko hainbertze kontu zahar…? Asmatu ote du horiek denak modu ez arras aspergarrian bederen ematen? Beretako bai, beretako baliagarria izan delakoan dago, esku artean duen itzulpenari berriz heltzerakoan testu luze hauetan egin ariketa —erabili duen hiztegia, perpausak josteko era eta bertze— baliatu ahal izanen duela iduri zaio; ez litzateke guti hala balitz.

Bizikletariak, egungo geolokalizazio teknologia eta tresnak gorabehera, anitzetan galdu du bidea egun hauetan, ardura egin behar izan dute gibelera bide zuzena berriz hartzeko. Berdin ibili beharko du itzultzaileak, beldur da —eta segur da—, bere itzulpenari berriz lotzen zaionean: maiz hartuko ditu irizpide eta delibero makurrak, eta maiz zuzendu beharko ditu, gibelera jo eta bide xuxena(goa) hartuz.

Baina hori, laket du; eta bizikletaria bere zoroak nola, literatura itzultzailea ere bereak bizi du.