Urte batzuk ditugunok txikitatik entzun dugu etxean gerra hitza. Orduan iruditzen zitzaigun aita-amak aspaldiko zerbaitez ari zirela, baina ez zen hala; ez aspaldiko zen, ez eta urruneko ere: hemen, gure herrian bertan, hamarkada gutxi batzuk lehenago izandako gudaldi batez ari zitzaizkigun, beren saminetik.
Gerora ikasi dugu gerra berezkoa-edo duela gizakiak, zibilizazio guztiek pairatu izan dituztela gerrateak historian zehar. Antropologo zenbaitek dio, ordea, antzinako gizatalde batzuk bake giroan bizi izan zirela, eta nekazaritzaren sorrerarekin eta populazioak egonkortzearekin batera hasi zela eskala handian antolatutako gerra; baliabideen gaineko lehiarekin batera, hain zuzen. Ez dio horrek, halere, esperantzari leiho handirik zabaltzen, gaurko mundua den bezalakoa izanik.
Egun, bistan da, ez dira isildu gerra hotsak, egunero-egunero ditugu komunikabideetan burrunbekin bat egiten duten irudi lazgarriak. Ukrainakoa zen, duela gutxi, orrialde ugari betetzen zituen gatazka; egun, eta hura oraindik amaitu ez bada ere, Israelgo armada Gazan egiten ari den sarraskia dugu bizi-bizi egunkari eta ikus-entzunezkoetan. Baina hor daude orobat, gure besaulkitik eta gure betaurrekoez erdikusi ere egiten ez ditugun arren, Sudanen, Mendebaldeko Saharan, Myanmarren, Etiopian, Yemenen, Sahelen, Kongon, Afganistanen eta abar luze batean indarrean daudenak. Ahaztu gabe, gerra izenik ez izanagatik, itsasoan eta lehorreko mugaguneetan milaka eta milaka gorpu uzten dituen politika hilgarria, herrialde aberatsek bizimodu hobe bat besterik bilatzen ez duten gizon-emakumeen kontra gauzatzen ari direna: indarkeria antolatua, mugak eta harresiak, atxilotze zentroak, jazarpen poliziala, kanporatzeak…; migratzaileen aurkako gerra jarrera bat, azken batean, baliabideen gaineko lehian oinarritua.
Duela urte batzuk, Quiton nintzela baliatuz, Guayasamínen museoa ikusteko aukera izan nuen. Oswaldo Guayasamín (1919-1999) Ekuadorreko artista handi bat izan zen, eta haren etxea izandakoan dago egun aipatutako museoa; Pichincha sumendia ikusten da bertatik, Guayasamínek hainbatetan margotu zuena. Hark utzitako ondare artistikoaz gozatzen eman nuen goiza: margoak, horma irudiak, marrazkiak, eskulturak… eta testuak. Hil zenean bukatzear utzi zuen Gizakiaren Kapera delakoa ere bisitatu nuen —amaituta dago jadanik—, eta han dauden artelan bikainak ikusi nituen. Deus ez daukanaren oihua, zapalduaren ahotsa, indigenarena; haien sufrimendua, oinazea, ezinegona… eta itxaropena adierazten, irudikatzen, ekartzen dizkigu Guayasamínek bere artelanetan; gerrak, tortura, zapalketa, diktadurak, genozidioa eta injustizia salatzen ditu.
Museoa bisitatu ondoren, artistaren testu batzuk euskaratu nituen1, eta horiek ekarri nahi izan ditut gaur hona, “Gerra eta gu” izenburuari nolabait erantzuten diotela iruditzen baitzait:
Heriotzak jolasean harrapatu zituen haurrengatik,
lanak akitu zituen gizon-emazteengatik,
maitasunean porrot egin zuten txiroengatik,
metraila hotsezkoa izango da ene pintura,
tximistaren indarraz eta borrokarako grinaz margotuko dut.
***
Herriz herri, hiriz hiri,
miseriarik gorrienaren lekuko izan ginen:
buztin beltzeko herriak, lur beltzean,
lokatz beltzez lohitutako haurrak inguruetan;
aurpegiko azala hotzak erreta zeukaten gizon-emakumeak,
zeinean mendeak baitziren malkoak izozturik zeudela,
gatzezkoak ala harrizkoak ote ziren bereizi ezin zela;
zanpoina eta errondadoreen2 doinuak,
zeinek jainkorik, eguzkirik eta artorik gabeko bakardade itzelaren,
buztinaren eta haizearen berri baino ez baitziguten ematen.
***
Ez badugu geure eskuak denon eskuekin estutzeko indarrik,
ez badugu geure besoetan munduko haurrak jasotzeko samurtasunik,
ez badugu mundutik armada oro erauzteko borondaterik;
planeta txiki hau gorputz beltz eta ihar bat izango da, espazio beltzean.
***
Negar egin nuen oinetakorik ez neukalako,
harik eta oinik ez zeukan haur bat ikusi nuen arte.
Eta izenburutik izenbururako bidea egin dugunez, galdera gaizto bat, bukatzeko: Zenbateraino egiten, sentitzen ditugu geure beste inongo, beste inoren gerrak?
“Gerra… Eta gu?”: ez ote nuen hori izenburu egokiagoa artikulu honentzat?
Oharra: Artikulu hau Alkizan urtero ateratzen dugun Oilategitik aldizkarian argitaratu da, aurtengo alean.
- Testu itzuli hauen beste bertsio bat lehenago ere argitaratua nuen blog honetan.
- Errondadoreak zanpoinen tankerako musika tresnak dira (Panen txirulen mota bat).
Eskerrik asko blogoeta mamitsu hau partekatzeagatik.
Munduaren aje amaigabeez gogoetatzeko aukera berritzeko duen balioagatik zeharo estimatua dago… eta gure isiltasun gehiegizkoaz ohartarazteko duen indarragatik, bide batez.
Mariaje
Eskerrik asko, zuri, Mariaje, irakurri eta, beti bezain fin, iruzkin interesgarri bat uzteagatik.
X.